Gezurrek hanka motz

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Aia 2016ko ira. 22a, 14:41

EAJ-PNVk kanpainako azken egunotan banatzen ari den propagandari erantzuteko idazten dugu honako hau, ohituta gaudelako hauteskundeen aurretik horrelakoak jasotzera, guk defendatzeko denborarik izan ez dezagun.

Kaixo herritarrak!

EAJ-PNVk kanpainako azken egunotan banatzen ari den propagandari erantzuteko idazten dugu honako hau, ohituta gaudelako hauteskundeen aurretik horrelakoak jasotzera, guk defendatzeko denborarik izan ez dezagun. Baina oraingo honetan propaganda horren berri izan dugunez banatu aurretik, prestatu egin gara. Sortu zaigun lehen zalantza da ea PNV-ren hauteskunde kanpaina den ala 2015eko hauteskundeen aurretik argitaratu zen Udalaren “aldizkari” haren jarraipena den (Udalak ordaintzen zuen hura), funtzio eta formatu bera erabiltzen baitu. Eduki aldetik ere berdina da eta gauza berdinak saltzen jarraitzen du. Iritsiko da 2050. urtea eta PNVk Elkanoko frontoia saltzen jarraituko du.


Kooperatibaren etxearen gaiari helduz esan nahi duguna da duela hilabete bat bildu ginela udaletxean kontu honi buruz informazioa jasotzeko eta bi gauza argi utzi zitzaizkigun: ez zegoela tasaziorik ezta subasta edo lehiaketa publikorik ere. Argitze aldera, PNVren propagandan aipatzen den “balorazio teknikoa” eta tasazioa ez dira gauza bera. Lege aldetik zalantza handiak sortu zitzaizkigunez prentsara ohar bat bidaltzearekin batera, udaletxean galdera zehatz batzuk planteatu genituen abuztuan, idatzizko erantzun bat eskatuz. Gogorarazi nahi diegu behartuta daudela hilabeteko epean erantzutera eta oraindik ez dugula erantzun horren berririk. Zergatik? Tasaziorik gabe nola ziurtatzen da bere benetako prezioa? Tratu justua izan da? Herritarron dirua ardura eta garantiaz kudeatu behar da. Guk informazioa eskatu besterik ez dugu egiten. Hori “kakaztea” da? Gogorarazten dugu gu ere herritarrak garela, ez gara inorren etsai eta gauzak zuzen egitea bakarrik eskatzen dugu.

Horretaz aparte, propaganda horretan agertzen diren gezur batzuk argitze aldera:

-Ez dugu Elkanoko elkartearen aurka inoiz egin
-EH Bilduk ez du jarrera ezkorrik ez aldakorrik izan eskolaren inguruan, beti egin dugu eskolaren alde. Are gehiago, eraikin osoa eskola erabilerarako izatea defendatu dugu beti.
-Zergatik ez du esaten PNVk bere kudeaketa txarragatik Jaurlaritzaren bi subentzio galdu direla eta hori herritarrok ordainduko dugula? Hasieran 400.000€-ko subentzioa jasoko zela ziurtatu zuen PNV-k baina gero jakin genuen diru laguntza horiek eskolak HANDITZEKO direla. Hori bazekien Udalak baina ezkutatu egin zuen. Zergatik ez zen benetako handitze bat planteatu? Hori tapatze aldera, bigarren subentzioa eskatu zen baina duela hiru aste alkateak berak esan zigun subentzio hori ere galdu egin dela.
-Altxerrirako bidea Costas-en ekimenez eta poltsikotik izan da, ez dezala Udalak domina jarri.


Bide batez, EAJ-PNVri gogorarazten diogu propaganda honetan ere beste behin, Amezti etxearen nondik norakoaren berri ematea ahaztu zaiola. Bitxia bada ere, oraingoan bezala, gai hau atera zen egunean (duela urte eta erdi) EH Bildu dena “kakazten” zebilela esan zuten, hitz horiekin. Ba begira nola diren gauzak, gaur egun auzi hau Auzitegi Penalean dago Audientzia Probintzialak artxiboari buruzko erabaki bat hartu bitartean eta oraingoan ere Kooperatibaren etxearen inguruan berriro EH Bildu dena “kakazten” dabilela diote.


Luze jarrai genezake baina, pare bat botoren truke berriz ere hauteskunde bezperatan propaganda hori banatuz EAJ-PNV bera geratu da agerian beraz, ez dugu herria “kakazten” segituko. Berriro diogu denok herritarrak garela, ez daudela ONAK eta TXARRAK, ez dugula frenterik nahi, hemen ez dagoela herriaren “salbatzailerik” eta herritar guztion interesak defendatzeko gaudela, horren truke botorik eskatu gabe.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!