Krokodilo eta tximuak

Erabiltzailearen aurpegia Eli Huegun 2016ko mai. 30a, 15:40

Ikasketetara itzuli, amets gorena egi bihurtzeko. Lan aukera on bat aprobetxatu baina ezin etorkizun hurbilerako planik egin. Berriz ere esperoan

Eskola, institutua eta gero unibertsitatea. Ikasi egin behar duzue, aukera edukita, aprobetxatu. Ez baldintzatu zuen etorkizuna alferkeriagatik. Bale, oso ondo. Zalantzarik ez. 18 urterako aukeratu zer ikasi nahi duzun, bizi osoan horretan arituko zara eta. Hori bai erantzukizuna. Bueno, ikasketak aukeratuta. 

Hirugarren mailan, zalantzak. Zer egiten dut nik hemen? Neska, segi aurrera, ez zaizu ezer geratzen. Arrazoi. Beste urtebete eta ikasketak amaituta. Ja! Lau urte ordutik. Hori baino askoz ere gehiago hazi naiz ni. Edo hazi nau bizitzak. 

Masterra, bai ala bai. Zuzenbidea ikasita nola geratuko zara abokatu izateko aukerarik gabe? Total, lehengo bosgarren maila egitea bezala da.  Ados horretan ere. Beste urte eta erdi masterreko titulua edukitzerako. Hainbat hilabete beranduago, kolegiatu ahal izateko azterketa santua, hain bikain antolatutako azterketa hori. Dena dagokizunean eginda ere, ezin masterra amaitu eta 10 hilabetera arte kolegiatu.

Bitartean zer? Saiatu lana bilatzen. Hala beharko, abokatu aritu ezin badut ere. Non? Interneten milaka orrialde dituzu. Zoaz Lanbidera. Goazen ba. 

Sartu izanaz damututa atera Lanbidetik. Gauza bat argi geratu zait: nire kualifikazioaren araberako lanik ez dudala han bilatuko. Lanpostu juridikoa eskatuta bestelako lanpostu bat eskatzeko aukera galduko duzu. Agian hobe zerbitzari markatzea. Konstantzia behintzat utzi dut, langabeziaren zifra erraldoi horretarako beste bat gehiago. Izena galdu eta zenbaki bihurtutako beste pertsona bat gehiago. Lan elkarrizketak.

Lan elkarrizketa ustelak. Formakuntzagatik ez duzu ezer ordaindu beharko. Oh! Eskerrik asko! Hori zortea nirea. Bikotekiderik baduzu? Ama izateko asmorik baduzu? Aurpegi ona jarri behar, eman didan nazkarekin boligrafoa begian sartuko niokeen arren.

Ikasketetara itzuli, amets gorena egi bihurtzeko. Lan aukera on bat aprobetxatu, baina ezin etorkizun hurbilerako planik egin. Berriz ere esperoan. Esperoaz nazkatuz gero, zer egin?

Kantak dioen bezala, goazen berriro hastera –oraingoan estrofa identikoa ez izatea espero–. Buelta gurasoen etxera. Gaur egungo gazteak ez dira etxeko patxaratik ateratzen. Ikasi, ikasi lan on bat izateko. Ikasi lan bat izateko. Edo ez. Orain artekoak zerbaitetarako balioko ahal du!

Zure arloan esperientziarik baduzu? Bai, praktiken izenean doan egindako 1200 ordu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!