Komentaristak

Erabiltzailearen aurpegia

Albistearen arabera, irakurtzen hasi aurretik badakit ze motatako komentarioak irakurriko ditudan. Posible al da jendea hain aurreikusteko modukoa izatea?

Afizio arraro bat daukadala onartu behar dut: egunkari digitaletan, nolabait genero berdintasunarekin  lotutako albisteei jendeak egiten dizkien komentarioak irakurtzea. Bai, nolabait hitza erabiltzen dut, pare bat atari espezifiko kenduta, oraindik ere asko kostatzen zaidalako medioetan feminismoa bilatzea. Masokista naizela pentsatzen duenari arrazoi pixka bat eman beharrean nago.

Euren burua progretzat daukaten tokietan sartzen naiz gehienbat, nire usteak noizbait ustelak izango diren esperantzaz, baina ez. Albistearen arabera, irakurtzen hasi aurretik badakit ze motatako komentarioak irakurriko ditudan. Posible al da jendea hain aurreikusteko modukoa izatea?

Ezer ez dagoen lekutik ezer ezin dela atera esaten da, baina esango nuke ez dela kasua, nahita egiten dutelako.

Bi albiste irakurri berri ditut. Lehena, Valentziako fallatan ikuskatu egingo dela emakumearen gorputza objektu modura erakusten den edo ez. Erreakzio orokortua? Esajerazioa, biktimismoa, histeria, generoaren diktadura (?), inkisizioa, androfobia (?)... Bigarren albistea Larry Nassarrek hamarkada luzez Estatu Batuetako gimnastei egindako sexu eraso eta abusuei buruzko epaiketari buruzkoa. Albistea latzagoa den heinean, erantzunek ere min handiagoa ematen dute. Gogoeta zabalduena, erasotzaileak arazo psikiatrikoak dituela da. Gero, gimnasten inguru sozialari begiak itxita edukitzea leporatzen diote. Zirko mediatikoaren mesedetan asmatutako gauza dela esaten duenik ere bada, baita azken hilabeteetan Hollywooden inguruan sortutako zalapartagatik benefizio propioa atera nahi dutela diotenak ere.

Irakurri ditudan azken bi albisteetan topatutakoaren laburpena baino ez dut egin. Ateratzen dudan ondorioa? Asko eta askok ez dutela benetako arazoa ikusi nahi, eta ikusten dutenek, erantzukizuna alboratzen dutela. Ez al da izango albisteek ikusarazten duten horrekin ados daudela? Bestela, nondik dator era horretara mintzatzeko behar hori?
Normala al da albiste hauei egindako hiru komentariotatik bitan horrelako mezuak irakurtzea? Gizarte patriarkal batean bizi garen heinean ohikoa izaten jarraituko du, baina inoiz ez normala.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!