Gelajauziak Kukai dantza taldearen saioa Aian

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Balerdi 2014ko uzt. 14a, 20:20
Igande arratsaldean Kukai dantza taldeak bere azken lana ekarri zuen Aiako plazara. Hil berri den Néstor Basterretxea artistaren lana bertan zela dantzatu zuten eta baita ikuskizunaren amaieran bera oroitu ere.

 

 

Gelajauziak Kukai dantza taldeak Cesc Gelabert koreografo katalanaren laguntzaz ekoiztutako azken lana izan genuen ikusgai igandean Aiako plazan. Lanak bertsio laburtu bat badu, baina Basterretxearen Akelarre artelanaren baitan sortutako erritu dantza kutsu nabariko lana, bere osotasunean, ekarri zuten Aiara. Sorginak baino gehiago ziren aztiak. Guztiak ere jolaskerietan abilak direla erakutsiaz, indarra, boterea, anbizioa zein zorroztasunaren pareko ekintza, ahots eta jarrerekin aurkeztu zuten koreografia ere.

Euskal Dantzetako teknika eta kode tradizionalari fidel mantenduz, mugimendu libre eta pertsonalaren bilaketa ariketa egin du urteetan Kukaik. Ariketa horrek bere lanen narratibak eta formak Euskal Dantza Tradizionalaren errepertoriotik desberdintzen ditu. Gelajauziak lanean sorginek zein aztiek jarrera berak eta jantzi beretsuak jantzita elkarrekin dantzatzen dute.

XX. mendearen lehen erdian Dantza klasikoaren kodeekiko fideltasuna gordeaz forma eta narratiba berriak sortzeko joera edo aroa neoklasiko bezala izendatu zen (Serge Lifar, 1949). Euskal dantzen kodeei fidel mantendu, baina etengabe berregiteko joera hau nola da izendatua? Euskal dantza neotradizionala?

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!