Oriora begira, Getxoko talaiatik

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraz bizi-bizi 2014ko api. 1a, 10:55
“Bilbokoa izateko ondo egiten du euskaraz”. Hala entzun nion oriotar bati, ezagutu eta minutu erdira. Ez nuen txarto hartu, banekielako ez zuela borondate txarrez esan. Nik ere banituen nire aurreiritziak.

Bilbotik ez, Getxotik etorri naiz Oriora. Eta kanpotar bezala, hizkuntzaren betaurrekoak jantzita herria aztertzeko proposamena egin didate. Labur esanda, euskaraz bizi da Orio: umeek euskaraz egiten dute, ogia euskaraz erosi daiteke eta bla, bla, bla… baina zer da argia itzalik gabe.

Herri euskaldunaren fama dauka Oriok. Duela urte batzuk hasi nintzen ezagutzen, eta oraindik harritzen naiz kalean gaztelera entzutean. Harritzen naiz arrandegira joan eta erdaraz erantzuten didatenean, tabernan sartu eta Tele 5 topera entzutean, edo alderdi politiko baten gutuna gazteleraz irakurtzen dudanean. Beharbada, baten bat Getxora joan eta euskara entzutean harrituko litzatekeen bezala. Azken finean, hizkuntzaren inguruan ere aurreiritziak eraikitzen ditugu, eta kasu honetan, erabilerari dagokionez, aurreiritzi baikorrak sortzen ditu Oriok. Baina tarte handia dago zuritik beltzera.

Kostatzen zait nire herriarekin alderatu gabe zuena aztertzea. Handiagoa, eskasagoa, errazagoa, -agoa… iruditzen zait guztia, eta nire bizipenetatik ari naizenez, bide horretatik jarraituko dut:

Esku artean inolako datu soziolinguistikorik izan gabe, esango nuke Getxon umeek eta helduek hitz egiten dutela, nagusiki, euskaraz. Bai, gazteon errua dira hizkuntzaren erabilera eskasa, droga kontsumoa zein berotegi efektua. Hamar urtetik hogeita hamarrera bitartean gazteleraz aritzeko joera da nagusi, moda, hizkuntza gaitasuna eta beste faktore batzuk tarteko.  Ostean, guraso izatean (berr)eskuratzen dituzte askok hizkuntzarekiko lotura, motibazioa eta kontzientzia. Askok, ez denek.

Baina Orion kontrako prozesua gertatzen dela dirudi. Zenbakien arabera, ume eta gazteen artean %88,5ek egiten du euskaraz; helduen artean, berriz, elkarrizketen %56 baino ez omen dira geure hizkuntzan. Pista batzuk igarri daitezke, eta, hala ere, ia sinesgaitza iruditzen zait. Modak eta kanpoko inpaktuak hona ere heltzen diren arren, ez dakit pena edo amorrua ematen didan.

Datuak ikusita, beharbada pentsa genezake etorkizuna euskaraz datorrela, eta oraingo gazteak heldu bilakatu ahala, erabilera areagotuko dela. Beldur naiz, ordea, ez ote den kontrakoa gertatuko. Helduak dira ume eta gaztetxoen erreferente, eta hauek familian edo lagunartean gazteleraz aritzen direnean, seme-alaba eta ilobak ohartzen dira.

Getxoko gaztetxoak behintzat berehala konturatzen dira. Gure herrian ez da erraza seme-alabei euskaraz hazi eta bizitzeko ekosistema egokia eskaintzea, hautu kontzientea dago horren atzean. Ez da nahikoa ikastolara eraman edo etxean euskaraz aritzea, eta horren jakitun direnek lan handia egin behar izaten dute.  Are handiagoa, ez dakiten hizkuntza horren transmisioa bermatu nahi dutenen kasuan. Zalantza daukat Orioko gurasoek kezka hori ote daukaten: sentitzen al dute seme-alabak euskalduntzeko lanketa berezia egiteko beharrik? Zer gertatuko litzateke eremu euskalduna bermatua izango ez balute?

Azken finean, hemen euskaraz bizi nahi izateak ez du horrenbesteko esfortzua eskatzen. Estres linguistikorik behintzat ez dut sentitzen. Ezezagun bati hitz egiterakoan natural aritzen naiz euskaraz, ulertzeko zenbateko probabilitatea dagoen neurtu gabe. Berdin zait aurrekoa gaztea, nagusia, altua, potoloa edo punkia den. Orion erraza da sare euskaldunean murgiltzea edo gurasoekin euskaraz hitz egin ahal izatea. Badakizue, errazagoa.

Zorionez, oriotarrek ez duzue zuen hizkuntzan bizitzeko esfortzu handiegirik egin behar izaten, horrela sentitzen dut behintzat, eta beharbada erosotasun horrek egingo dizue kalte. Batzuetan, galtzeko beldurrak irakasten digu daukaguna  estimatzen, edo ez dugu ulertzen berez jasotakoa besteentzako esfortzua izan daitekeela. Euskaldun berriekin izaten dugun pazientzia txikia da horren adibide. Baina imajinatu zer izan daitekeen euskaraz bizi nahi eta komunikatzeko gaitasun falta izatea, edo seme-alabei norberak ez daukana transmititu nahi izatea.

Onartzen dut beti eman izan didatela inbidia pixka bat herri euskaldunek, baina lehen ere esan dut tarte handia dagoela zuritik beltzera. Getxon, esate baterako, euskaraz bizitzeko gune eta uneak eraiki ditugu, eta horretan jarraituko dugu. Estres linguistikoak sorpresa politak ematen ditu askotan, harrituko zinatekete.

Bide batez, Bilbotik 13 kilometrora dago Getxo, Orio Donostiatik baino pixka bat gertuago. Eta zuek ez zarete donostiarrak, ezta? ;)

Arrate Illaro Etxebarria
Orion bizi den getxoztarra

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!