Orioko elizako organo berriak euskaraz errotulatuta ditu erregistroak

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraz bizi-bizi 2014ko mar. 26a, 19:17
2013ko urritik organo berritua du gure parrokiak. Guk dakigula (artxiboetatik jakin daitekeenarekin) bi organo izan dira eliza honetan honen aurretik. Lehenengoa Jose Antonio de Oria organogileak egina zen, 1859an. Haren hodiekin eta beste hainbat baliabiderekin berritu eta koruaren alde batetik erdira ekarri zuten Pugnau eta Olaziregi organogileek; 1965ean Organeria Española SA enpresak berritu bat eman zion eta 1984an Usabiaga anaiek halako ikutu batzuek, haizearekin zituen arazo batzuk ekidin nahirik. Baina, horien aurretik ere izango zen beste zerbait.

null

Blog honetan nabarmentzeko modukoa da erregistroen errotulazioa erabat euskaraz egina duela organo berriak. Orain arte Bilboko Euskalduna Jauregikoa zen, guk dakigula, Euskal Herri osoan erregistroak euskaraz idatzita zituen organo bakarra. Gainontzekoak gazteleraz edo frantsesez egoten dira, non eginak izan diren argi adieraziz. Guk norako egina izan den agertu nahi izan dugu eta euskaraz errotulatu dugu guztiz.

Erregistroak euskaraz izendatzea ia inoiz egin ez den lana zenez, azterketa eta bilatze lana egin behar izan dugu. Jakinik organoaren erregistroak instrumentu klasikoen soinuak imitatzen dituela, haien euskarazko izenak bilatuz —eta, batzuetan, moldatuz— egin behar izan dugu.

Hauxe da, organogileak aurkeztu zuen zerrenda, eta guk egin dugun euskarazko itzulpena. Pentsatuz, ekarpen oso apal eta soila izan arren, gure herriaren kultura eta hizkuntzari ekarpen bat egin diogula.

null

Bestelako datuak

Torquemada (Palentzia) herriko Organeria Acitores SL enpresak, Federico Acitores organogilea buru dela, organo berria egin du orain, altzariari, mekanismoari eta antolakuntzari dagokionez, bereziki; eta, aurreko bi organoen hodi gehienak (zaharberrituak) mantendu badira ere, beste horrenbeste berri erantsi zaizkio, oraingo organoa erabat bikaina eginez.

Organo hau liturgia ospakizunetan laguntzeko pentsatua dago oinarri-oinarrian, baina kontzertuetarako baliabide bikaina izan dadin nahikoa elementurekin osatua izan da. Aldi berean, badu alderdi bat erabat berria Euskal Herriko organoei dagokienez (munduan ere, baldin bada, ez da asko izango): helburu didaktiko batekin egina izan da, barrua bisita daiteke eta era errazean ulertu organoaren zati nagusiak zein diren eta nola funtzionatzen duten; hoditegiak, mekanismoak eta abar zenbait tokitan metakrilatozko hormaz estali dira, egurraren ordez.

Erabat mekanikoa da noten eta erregistroen transmisioari dagokionez, hiru teklatu eta pedala ditu; eta soinu-joku errealak, 32. Hodiak 2005 (853 aurreko organoenak) eta kanpoko itxura erabat aipagarria da, itsasoaren oroimen garbia egiten baitu formetan.

Organoaren estiloa sinfoniko euskalduna dela esan dezakegu, nagusiki, hala eginak baitziren aurrekoak eta hori baitu oraingoak ere bere bereizgarria; hala ere, organo-errepertorioan hain garrantzitsua den musika barrokoa (Bach eta abar) jotzeko prestatua izan da, inguruko organoek gabezia hori badutela kontuan hartuta.

Unai Manterola, apaiza

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!