Euskaraz bizi-bizi

Euskara, guztion hizkuntza, gizarte-kohesioaren hizkuntza

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraz bizi-bizi 2013ko abe. 10a, 14:16
Plataforma per la llengua elkarteko Rosa de les Neus eta Francesc Marco Palau katalanek Orioko 'Euskaraz bizi-bizi' festibalean irakurritako testuaren itzulpena (jatorrizkoa katalanez irakurri zuten)

null

Bona tarda. Arratsalde on,

Bartzelonatik etorri gara, proiektu pozgarri batean gure aletxoa eransteko asmoarekin. Ezer baino lehen eskerrak eman nahi dizkiogu Orioko Udalari, ‘Euskaraz bizi-bizi’ festa aparta honetan parte hartzeko gonbidatu gaituelako. Eta bereziki aipatu nahi ditugu Jon ‘Torrotxo’ euskara zinegotzia eta Jabier Zabaleta euskara teknikaria.

Dakizuenez, Katalunia trantsizio nazionaleko prozesu batean sartuta dago gaur egun. Katalanok erabaki dugu erabaki egin nahi dugula. Prozesu horren barruan, laster erabakiko da noiz egingo den kontsulta eta zein izango den galdera zehatza. Puntu honetara iristeko, hainbat faktore gertatu dira batera, batzuk egiturazkoak eta beste batzuk, zirkunstantzialak. Seguru ez ginela hona iritsiko katalanok ez bagenu eduki gure gizartea kohesionatzeko ahalmena. Eta gizartea kohesionatzeko lan horretan funtsezkoa izan da hizkuntza katalana, integrazio-tresna ezinbestekoa. Gure herri eta plazetan 200dik gora hizkuntza hitz egiten diren garai honetan, bai gizarte-eragileek eta bai erakundeek garbi ikusi dute katalana dela hizkuntz aniztasun hori kohesionatzeko tresnarik onena.

Kohesioa lortzeko, milaka hizkuntz bikote (parelles lingüístiques) eta mintza-talde eratu ditugu. Katalan-hiztun askok beren denbora librea eskaini dute, borondatez, ikasleei aukera emateko katalana praktikatzeko kafe baten bueltan. Izan ere, katalana —edo euskara— oraindik ondo ez dakien bati egin diezaiokegun mesederik handiena abiatu duen prozesu horretan laguntzea baita. Eta, laguntzeko, hari euskaraz hitz egitea da onena, pixkana-pixkana, mimikaren laguntzaz eta, beharrezkoa bada, hainbat gauza itzuliz.

Garrantzizkoa da hizkuntza ikasten ari direnei laguntza ematea. Ikastaro, klase eta gramatikaz harago, behar-beharrezkoa dute gune bat izatea hizkuntza praktikatu ahal izateko. Oso zaila egiten zaie gune horiek topatzea, jendeak, gu guztiok, berehala aldatzen dugulako hizkuntza, zailtasunak dituztela konturatu bezain azkar. Hori dela-eta, Katalunian kanpaina bat jarri genuen martxan Plataforma per la llenguakoek, etorriberrien elkarteekin batera: ‘Si us plau, parla’m en català’ (‘Mesedez, egidazu katalanez’), helburu garbi batekin: katalan hiztunek ez aldatzea hizkuntza etorriberri baten aurrean daudenean.

Zentzu horretan, gutako bakoitza irakasle ona izan daiteke, adibide bikaina. Horretarako, hizkuntzarekiko konpromisoa txertatu behar dugu gure eguneroko jardunean: eskolan, lanean, familiarekin, lagunekin, erosketak egiterakoan… momentu guztietan. Baita gure haurren eskola aukeratzerakoan ere. Katalunian, murgiltze ereduari esker, katalana da komunikazio hizkuntza eskoletan eta, horrela, gure ikasle guztiek oso maila ona lortzen dute katalanez (eta beste hizkuntza eta arloetan).

Bukatzeko, dei egin nahi dizuegu euskararekiko konpromisoari eusteko, eta konpromiso hori egunero erakusteko zuen erabaki pertsonalen bitartez. Katalana adibide hartuta, euskara hizkuntza irekia dela erakutsi behar duzue, batzen duen hizkuntza, modernitateari lotua. Eta gaur egungoa bezalako testuinguru globalean modernitatea zera da: aniztasunaren aberastasuna onartzea eta gurea baloratzea.

Horregatik, oriotarrak, gure mezua honako hau da: optimismoa eta alaitasuna. Zuen etorkizuna zeuen eskuetan dago-eta!

Eskerrik asko, moltes gràcies.

Rosa de les Neus eta Francesc Marco Palau, Plataforma per la llenguako kideak

 

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!