Euskaraz bizi-bizi

Euskara Orion 2039an

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraz bizi-bizi 2014ko mai. 6a, 19:12
Txiki-txikitatik dut ikusmen txarra, bista txarra. 6 urterekin operatu ninduten estrabismotik (begi bat beti Kukuarrira begira omen neukan), eta ez dakit zenbat denboran pirata partxea ibili nuen (alferra izan, gainera, begi hura; mendira begira, baina alferra). Ordutik, begi alfer eta okerra pixka bat zuzendu zitzaidan arren, 3,75eko astigmatismoak laguntzen dit eta ia beste horrenbeste bestean. Geroztik, hipermetropia pixka batek ere bai, ginda jartzeko! Baina lasai, dena gandututa ez ikusteko, hor dauzkat nire superbetaurrekoak! Ezagutzen nauzuenek beti ezagutu nauzue kuatrojos, eta halaxe segituko dudala uste dut bizi naizen artean… ze operazio eta zer arraio! Gora nire betaurrekoak!

Ba, nire gaurko artikulua justifikatzeko zen aurreko rollo guztia. Jabierrek akuiluarekin astindu zidan, Orioko euskararen egoera 2039an nolakoa izango zen idazteko, eta ni, idien gisan, itsu-itsuan hasi naiz. Esan dizuedan bezala, urrutira ikusteko kapazitate gutxi dudanez, gertura begira hasiko naiz, nola denboran ala espazioan. Horretarako, hiru errotetan xehetu ditut nire begiek ikusten dutena.

Adituek diote hizkuntza baten osasunak hiru erpin dituela edo, beste era batera esanda, elkar elikatzen diren hiru deposituren antza duela: ezagutza, erabilera eta motibazioa. Bueltan-bueltan, batak bestea elikatzen du, besteak hirugarrena, eta hirugarrenak bata.

Nire aurreikuspena hiru erpin, depositu edo hanka horien gainean egingo dut. Ahal bezain zorrotzen, ahal bezain fidelen, gauzak bere horretan segituko balute bezala pentsatuz.

Ezagutza

Hemendik 25 urtera, Orioko azken elebakarrek, guraso erdaldunek eta A ereduan ikasi zuten azkenek, 63 urte izango dituzte. Zehazten hasita, elebidun hartzaileak direla esango nuke, gehienek hitz egin ez, baina ulertzen baitute ia dena.

Euskaraz egiteko ohiturarik ez duten gurasoak, euskara etxean jaso baina bikotean edo koadrilan erdaraz egiteko ohitura dutenak ere 70ak beteak izango dituzte, gehien-gehienak.

63tik behera denak izango dira gutxienean elebidunak, hirueledunak ez badira!

Beraz, etorkinen bolada handirik ez badago, eta inguruko herrietatik etorritako oriotar berriak euskaldunak badira, euskarak badu, pixka batean, txikotari eusteko mutiloia.

Erabilera

Han eta hemen irakasle ibilia naiz nerabeekin, gehienetan klaseak euskaraz ematen. Eta ikusia daukat 10.000 inguruko herri askotan klasetik atera eta erabilera hutsaren hurrengoa dela, nerabeetan behintzat. Beasain, Hondarribia, Zumarraga, adibidez… Villabona, neurri batean.

Oriok 5.800 ditu. Ezagutza handitzen ari da, eta erabilerari, gutxi gehiago, ondo eusten dio.

Goian aipatutako herrietan gertatu dana, ordea, erraz asko gertatu daiteke. Formula ia matematikoa da- Zenbait etxetako giro erdaldunak dakarren erraztasun falta zenbait ikasleengan + koadrilatxo batzuen erdararako joera + mundu erreferentzial erdaldunak (telebista, musika, kirola, bideo jokoak, sare sozialak...) euskarari kentzen dion prestijioa = Eskoletako patioetan erdara nagusi.

Motibazioa

Hirugarren hanka honetan ikusten dut herren Orio… zergatik hitz egin behar du, ba, oriotarrak euskaraz?

Orio euskararen arnasgunea dela kontzientzia hartzeko gaude, oro har. Zarako arropa dendetara joan eta erdaraz ateratzen zaigu lehendabiziko hitza, unibertsitatera joan eta gasteiztar euskaldunekin igual-igual egiten dugu erdaraz, ez zaigu axola erosten dugun egunkaria euskarazkoa edo erdarazkoa den eta abar, eta abar. Naturalegi, kontzientziarik gabe, egiten ote dugun, alegia.

Zer gertatuko da, ordea?

Bueno… honaino nire aurreikuspen zorrotza, nire bistak ematen duena. Baina, gauzak aldatuko direnez, eta urrutira begiratzea debalde denez, nola ‘ikusten’ dut euskararen bilakaera Orion?

  • Inguruetako zonalde ez hain euskaldunetako oriotar berriek lagunduko digute arnasgunearen kontzientzia hartzen. Eta oriotarrak konturatuko gara nolako suertea daukagun egunero euskaraz hitz egiten den leku batean bizitzearekin.
  • Euskara freskoa eta biziari eutsiko diogu eta gure esamolde zaharrak berreskuratzen joango gara.
  • Inongo konplexurik gabe euskara batua, gaztelera eta ingelesa erabiliko ditugu mundura zabaltzeko.
  • Herriko haurren bultzadarekin, parkeko gurasoek, pixkanaka-pixkanaka, gero eta gehiago egingo dute euskaraz.
  • Hizkuntz politika bateratu baten eraginez, euskara erdigunean jarriko dugu telebistan. 'Gaur egun' 21:00etan emango dute, 45 minutukoa izango da, eta ez du kirolaren etenik izango. 'Konkis'-en euskaldunek euskaraz hitz egingo dute, eta serie onenak ingelesez ikusiko ditugu euskarazko azpitituluekin.
  • Orion 'Euskaraz bizi-bizi' kanpainak bereak egingo du, baina bereak emanda.
  • Euskarazko bi egunkari nazional izango ditugu, eta Karkara telebista.
  • Itsasurekin senidetuta, urtean behin gutxienez, autobuskada gerezi ekarriko dugu handik.
  • Jabier Zabaleta jubilatuta egongo da, eta ez du ordezkorik izango Udalean, dokumentu guztiak euskaraz sortuko baitira.
  • Galesetik etorriko dira ikastera, galesera berreskuratzeko estrategiak zehazteko, eta Torrotxoren etxean egingo dute lo.
  • Eta, dirua pilatzen badut… operatu egingo naiz eta betaurrekoak kenduko ditut! Bai!

Bitartean, nire bistak gandututa ikusten duen horixe hobeto ikusteko, gerturatzen jarraituko dut, betiere noizean behin burua altxa eta nortia non dagoen garbi izanda.

Ez nuke-eta nahiko gatzik gabeko herri sasieuskaldun batean bizitzerik!

Rikardo Uzkudun, irakaslea

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!