Euskaraz bizi-bizi

Orio arnasgune, oriotarrak arnas-emale

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraz bizi-bizi 2014ko uzt. 2a, 18:42

Arnasgunea da Orio euskararentzat eta Euskal Herri osoko euskaldunontzat. Hau da, herri euskalduna da Orio, euskara da nagusi herrian, eta naturala, normala, erraza da bertan euskaraz bizitzea. Hizkuntza gutxitua den aldetik, arnasgune gutxi ditu euskarak, eta horietako bat da Orio.

Orioko euskaldunentzat gozamena da arnasgune batean bizitzea, herrian nonahi eta noiznahi euskaraz lasai aritu eta bizi ahal izatea. Zorionekoak dira baita ere Orion lan egiten duten irakasleak, erdalguneetan euskaraz irakatsi behar duten irakasleekin alderatuta. Ikasgelan dituzten haur gehien-gehienak euskaldunak dira, eta ez direnak euskalduntzen herriak laguntzen die.

Gozamena ez ezik, ardura ere bada arnasgune batean guraso edo irakasle izatea. Arnasgune euskaldunaren misioa ez baita soilik herri mailakoa, tokian tokikoa.

Birikak ez du arnasa hartzen beretzako bakarrik. Birikak ez du arnasa hartzen birika izaten jarraitzeko bakarrik. Birikak gorputz osoarentzat hartzen du arnas. Gorputz osoa sano hazi dadin behar du birikak sendo eta osasuntsu egon.

Hau da, Orio euskararen arnasgune gisa sendotzeko, eta Oriok Euskal Herri osoari ekarpena egin diezaion, ez da nahikoa herrian euskararen transmisioa ziurtatzea. Orion lan egiten duen irakasleak ezin du ikasleei euskara irakastearekin eta euskaraz egitearekin konformatu. Hortik haratago doa arnasgune baten zeregina eta bertako hezitzaileen erantzukizuna.

Orioko gazte asko euskaraz bizi dira normal, baina joaten dira herritik kanpora ikasketekin jarraitzera edo lan egitera, eta, giro ez hain euskaldunetan egokitzen direnean, erraz jotzen dute erdarara, errazegi maiz. Hain bizi izan dira natural euskaraz txikitatik, ez dutela hausnarketa handirik egin behar izan euskararen egoerari buruz, hiztun bakoitzaren jokaeraren garrantziari buruz eta abar.

Euskaldun kontzienteak sortu behar ditugu Orion. Euskal hiztun izatearen kontzientzia, arnasgune bateko hiztun izatearen kontzientzia duten oriotarrak, herrian eta herritik kanpo ere euskaldun arnas-emale izango direnak.

Horretarako, ez dago zertan ikasleak soziolinguistika ezagutzekin estutu edo aspertu behar. Nahikoa da honako gai hauei buruz hausnartu dezaten lortzea: euskararen egoera Orion, euskararen egoera Euskal Herrian, hizkuntza aniztasunaren garrantzia mundu osoarentzat, eta hiztun bakoitzaren funtzio arnas-emalea.

Hizkuntza kontuetan, hortaz, nongoak diren eta zer garrantzia duten badakiten euskaldun kontziente eta arduratsuak hezi behar ditugu Orion. Euskal hiztun arduratsuak diren kirolariak, artistak, arotzak, medikuak, soinu teknikariak, arkitektoak, informatikariak, publizistak, politikariak, irakasleak... Euskal Herri osora esportatzeko

Oinarrizko hizkuntza ideologia bat barnera dezaten lortzea da helburua. Orion ez ezik, herritik kanpo ere euskara erabili, aberastu, indartu eta zabaldu egingo duten euskaldun arduratsuak sortzea. Eta horretan zer egin handia du hezkuntzak ere.

Iñigo Fernandez

Orioko Curriculuma Sortzen elkartearen ekaineko ekitaldirako idatzitako testua

 

 

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!