Orio, euskaraz ardaztutako herria

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraz bizi-bizi 2014ko uzt. 5a, 19:59
'Zein dira Orioko ikasleek eskolan jaso behar dituzten euskarari buruzko oinarrizko edukiak?' Orioko euskararen ezaugarri eta berezitasunak ikasteaz gain, zer jakin behar dute hizkuntzaren historia sozialari buruz? Galdera horri erantzuteko prestatu dugu ondoko testua, Orioko Curriculuma lantzeko egitasmoaren barruan.

1.-    Euskaldun huts 20. mendera arte

2.-    Gerra aurreko giroa

3.-    Gerra zibilaren ondoko egoera: ordezkapen linguistikoa

4.-    Euskara berreskuratzeko ahalegina: askoren lana, oraindik burutu gabea

5.-    Gaur egungo errealitatea: euskal kulturaren indarra eta eleaniztasuna

6.-    Orioko arnasgunetik Euskal Herrira

1.- EUSKALDUN HUTS 20. MENDERA ARTE

Ez dakigu Altxerriko gizakiek zer hizkuntza erabili zuten elkarrekin komunikatzeko eta ezta gerora Oria ibaiaren bokalean bizitzen jarri ziren gizon-emakumeek hitz egiten zutena zein zen ere; baina gauza segurua da, Orio 1379an sortu zenean, orduko lehen biztanle haiek, lehenengo oriotarrak, euskaldunak zirela. Horren froga da herria sortzeko agirian, Hiri Gutunean, aipatzen diren toki-izen guztiak euskal jatorrikoak direla (Munioeta, Usarbe, Aganduru…).

Arrazoi historikoengatik, Euskal Herri osoan bezala, euskararen ahozko erabilera eta erabilera idatzia oso bide desberdinetatik joan dira Orion ere. Orion herritarrek euskaraz hitz egin dute herria sortu zenetik; baina, orain dela oso gutxi arte, administrazioan idatzi den guztia erdaraz izan da: latinez, hasieran, eta gaztelaniaz, gero. Administrazioan euskarak ez du lekurik izan. Herria administratzeko behar ziren langileak, mendetan, kanpotik etorri izan dira eta gaztelaniaz egin dute beren lana: sekretarioak, medikuak, maisu-maistrak, karabineroak, guardia zibilak, karteroak…

Baina, hori horrela izanda ere, herriko jendea guztiz euskalduna izan da beti, euskaldun hutsa.

Jakina da 19. mendearen lehen erdian Gipuzkoako populazioaren ehuneko handi bat, gehiengoa, euskaldun hutsa zela; alegia, ez zekiela beste hizkuntzarik. Gaztelaniaz ere zekitenak administrazioarekin lotura zuzena zuten lanpostuetan zebiltzanak ziren. Orioko egoera zehatzari buruzko datuak falta diren arren, zalantza gutxi egon daiteke hori izango zela egoera gure herrian ere: alde batetik, elite elebidun txiki bat, agintea zeukana, eta, bestetik, bizimodua euskara hutsez egiten zuen herri alfabetatu gabea.

Hori erakusten du, baita ere, Luis Lucien Bonaparte hizkuntzalariak 1866an argitaratu zuen euskalkien mapa ezagunak. Mapa horretan Orio guztiz euskaldun diren herrien artean agertzen da.

Gaur egun, oraindik ere, adineko jendearen testigantzak baditugu, adierazten dutenak Orio herri erabat euskalduna zela 20. mende hasieran ere. Hala zioen, esate baterako, Patxi Oliden oriotarrak 1989an argitaratutako Karkara aldizkariaren 1. zenbakian: 'Ni, gaztetxoa, eskolara joan eta esaten zigutenean gu Espainia ginela eta Espainian espainolez hitz egiten zela, harrituta egon ohi nintzen, ezin buruan hori kabitu! hemen, garai haietan, ehunetik ehun euskaraz egiten baitzen'.

Horixe bera adierazten du segidan datorren anekdota honek ere: 1901ean balea harrapatu zuten bost patroietako bati, Manuel Olaizolari, elkarrizketa egin zioten Ciabogan, arraunari buruzko erdarazko aldizkarian, urte hartako irailean Donostiako estropadako bandera irabazi zuelako. Elkarrizketa egitera etorri zitzaizkion kazetariak galderak egiten hasi eta Manuel isilik zegoen, harik eta konturatu ziren arte oriotarrak ez zekiela gazteleraz. Azkenean, euskaraz egin zioten elkarrizketa eta huraxe izan zen urtetan Ciaboga aldizkarian atera zuten euskarazko testu bakarra.

2.- GERRA AURREKO GIROA

Gerra aurretik, historian lehenbiziko aldiz, Euskal Herri osoan izan ziren ahaleginak euskara administrazioan eta hezkuntzan aintzakotzat hartzen hasteko. Ahalegin horiek, gehienbat, orduan indartzen ari zen ideologia abertzalearen eskutik etorri ziren. Testuinguru horretan ulertu behar da, esate baterako, Orioko Udalak, lehen aldiz, euskara jakitea jarri zuela baldintza gisa Udaleko lanpostu bat eskuratzeko (1926an izan zen hori).  Elizako aldapan, plazaren aurrez aurre dagoen euskarazko harrizko plaka ere garaitsu hartakoa da: Iparraldeko pilotariek 1930ean Orioko Bittor Enbil pilotariari egindako omenaldian eskainia da plaka hori eta bertso bat jasotzen du, hango hizkeran egina. Bertso horrek balio sinboliko handia du: batasuna erakusten du, Iparraldeko eta Hegoaldeko pilotariak, euskarak eta pilotak elkartuta.

Horixe zen bidea, 20. mendeko lehen urte haietan urratzen ari zena. Euskarak eta euskal kulturak berpizkunde bat ezagutu zuten eta bazirudien euskarak ere lekutxo bat egingo zuela administrazioan eta eremu formaletan; baina, orduan, 1936ko gerra etorri zen eta, ondoren, Francoren erregimen politikoa. Orduantxe bukatu zen euskararen loraldi labur hura.

3.- GERRA ZIBILAREN ONDOKO EGOERA: ORDEZKAPEN LINGUISTIKOA

Frankismoan euskara debekatuta egon zen euskal herrietan; ez zuen lekurik, ez udaletxean, ez eskolan, ez komunikabideetan… inon ez. Gerra bukatu berritan, batez ere, oso gogorra izan zen euskararen kontrako jarrera agintari berrien aldetik, eta ahalegin oso kontziente eta tinkoa egin zuten euskararen arrasto guztiak desagerrarazteko bizitza publikotik: euskaraz hitz egiteagatik isunak jartzen zituzten, zigorrak ezartzen zizkieten eskolan euskaraz egiten zuten haurrei, kultur ekitaldiak euskaraz egitea guztiz debekatuta zegoen… Etxeko zokoan bakarrik egin zitekeen lasai euskaraz.

Frankismoak hizkuntza politika garbi eta sendo bat aplikatu zuen, ordezkapen linguistikora zuzendua. Helburu garbia zen gaztelaniaren nagusitasuna sendotzea eta euskararen garapenari bide guztiak moztea. Politika horrek ondorioak izan zituen eta gaztelania, pixkanaka, ordura arte euskararenak ziren esparruetan sartzen hasi zen Orion ere: lagunartean, etxeetan, haurren jolasetan…

Debekuak eta zigorrak gogor aplikatu ziren gerra ondoko lehen urteetan. Frankismoak, ordea, luze jo zuen eta, denborarekin,  60ko hamarkadatik aurrera, zirrikitu batzuk irekitzen hasi ziren eta, pixkanaka, euskarazko kultur agerbide batzuk baimentzen hasi ziren. Elizaren inguruan gertatu zen hori Orion ere: luistarren gazte mugimenduaren bidez, zenbait ekitaldi egiten hasi ziren ziren euskaraz, kulturaren eta kirolaren alorrean. Besterik ezean, bestalde, elizaren saloia izan zen urte haietan herriko nolabaiteko kultur etxea, musika eskola eta gaztetxea. Saloi hartan egin ziren, besteak beste, lehenengo bilerak Orioko Arraun Kluba eta Orioko Ikastola sortzeko. Azken horretan, Sotero Plazaola apaiz euskaltzalea nabarmendu zen.

4.- EUSKARA BERRESKURATZEKO AHALEGINA: ASKOREN LANA, ORAINDIK BURUTU GABEA

IRAKASKUNTZA

Maria Maestra haur eskola

Frankismo garaian Orion euskarari eutsi zion estamentu bakarretakoa Maria Maestraren haur eskola izan zen. Maria Caminok (Maria Maestra ezizenez) haur eskola zeukan Goiko Kalean, Pilliku plazan, eta hara biltzen ziren herriko haurrak, txikiak zirenean, eskola handira hasi baino lehen. Eskolak euskara hutsean eman zituen beti Maria Caminok: bai gerra aurretik eta baita ondoren ere. Huraxe izan zen euskarari eutsi zion eskola bakarretakoa Gipuzkoan.

Maria Maestraren euskaltzaletasunaren erakusgarri da haurrei erakusten zien bertso hau, herriko jende askok oraindik buruz dakiena:

Bertso txiki bat bota nahi nuke,
nongoa naizen esanaz,
amak esan dit oriyotarra
naizela bihotz, jaiotzaz.
Hemen hazi naiz,
alai ta mardul
beti euskeraz eginaz,
horregatikan bizi guztian
mintzatu nahi det euskeraz.

Ikastolaren sorrera

Orioko haurrak Maria Maestraren Goiko Kaleko eskolatik hurrengo mailako eskolara pasatzen zirenean, ordea, gaztelaniazko mundu batekin egiten zuten topo gerra ondoko urte haietan. Eskolan den-dena erdaraz erakusten zitzaien haurrei eta han ez zen euskararentzako zirrikitu txikienik ere, 1971n Orioko ikastola sortu zen arte, artean Franco bizirik zela.

Ikastola sortu zuten gurasoek —orduko agintarien, administrazioaren eta legeen kontra— euskaraz ikasteko aukera eman zieten Orioko umeei, eta horrek errotik aldatu zuen ordura arteko egoera. Lehenbiziko taldeak elizaren anparoan antolatu ziren eta, legezkoak ez ziren arren, indarra hartzen hasi ziren, herriko jendearen bultzadaz. Urte zailak izan ziren aurrenekoak, dena zegoelako egiteko: ikasteko materialak, irakasleen prestakuntza euskaraz eskolak emateko, ikasketen legezko aitorpena… baina guraso haiek ez zuten etsi eta gaur egun ikastola proiektu sendo bat da.

Eskola publikoan ere D eredua

Franco hil, hauteskundeak etorri, Estatutua onartu, euskal erakundeak antolatzen hasi eta orduan hasi zen euskara lekua irabazten erakundeetan (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak, Udalak, ikastetxe publikoak…)

Egoera politiko berriaren testuinguruan, Zaragueta eskola publikoan ere sarbidea izan zuen euskarak, pixkanaka, 1976tik aurrera. Orioko eskola publikoa izan zen, gainera, Gipuzkoan lehena sare publikoan euskara hutsezko D eredua osorik ezartzen, 80ko lehenengo urteetan. Horretarako, ikastolaren kasuan bezala, funtsezkoa izan zen guraso euskaltzaleen bultzada.
Bultzada horren ondorioz, azken hamarkadetan errotik aldatu da herriko hezkuntzaren panorama —guztiz gaztelaniaz izatetik guztiz euskaraz izatera— eta horrek, jakina, eragin handia izan du herriko beste hainbat alorretan ere.

ADMINISTRAZIOA. UDALA

Orioko Udalean mantsoago ari da gertatzen aldaketa; baina, kontuan hartu behar da Euskal Herrian euskara ez dela inoiz administrazioan erabili, salbuespen gutxi batzuk kenduta eta, hortaz, gaztelania erabiltzeko inertzia mendetakoa dela udaletxeetan.

Euskarari udal bizitzan sarbidea emateko lehen urrats herabeak udal demokratikoak aukeratu eta gero egin ziren: testu batzuen itzulpena, kaleen izendapen ofizialak euskaraz jartzea…
1987an Udalak Euskara batzordea eratu zuen aurreneko aldiz eta hari ezarri zion herrian eta udalean euskararen normalizazioa bideratzeko ardura. 1989an euskara teknikaria kontratatu zuen Udalak eta 1991n euskararen udal ordenantzak onartu zituen aho batez eta hizkuntza eskakizunak ezarri zitzaizkien udal lanpostuei.

Urtetako ahaleginaren ondorioz, gaur egun, Udalaren jardunaren parterik handiena euskaraz egiten da, bai ahoz eta bai idatziz.

Udala, eragile

Orioko Udalak ahalegin handia egin du, Euskara batzordearen bitartez, euskararen normalizazioa bultzatzeko herriko beste esparruetan ere: kulturan, kirolean, merkataritzan… Lan horretan herriko eragileen laguntza izan du beti eta aipatzekoa da elkarlana estua izan dela alor honetan: Orioko Udala eta eragileak eskuz esku aritu dira, azken 25 urteotan, euskararentzat esparruak irabazten. Era horretara sortu ziren, esaterako, 'Euskaraz Gazte' kanpaina, gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko; 'Merkataritza euskaraz' kanpaina, herriko dendetan euskarari tokia egiteko; etorkinekin batera landutako kultur aniztasunaren jaia eta Auzoko programa; 'Orio, euskarazko arnasgunea sendotu' jardunaldia; 'Euskaraz bizi-bizi' egitasmoa, hizkuntza-kontzientziazioan eragiteko…

HERRITARREN BULTZADA

Azken urteetan euskararen egoera asko hobetu da Orion: debekatuta egotetik normalizazio-bidean dagoen hizkuntza izatera pasa da eta, hori posible izan bada, batez ere, herritarren bultzadari esker izan da. Orioko herritarrek atxikimendu handia erakutsi dute hizkuntzarekiko eta, urteen perspektibarekin erreparatuta, izugarria da herri honek egin duen ahalegina, bere hizkuntza propioaren alde.

Horren adibide argia da Karkara aldizkaria, herritar talde batek sortu zuena 1989an, bi helburu nagusirekin: oriotarrei beren hizkuntzan gertuko gaiez irakurtzeko aukera ematea eta, aldi berean, leku bat eskaintzea euskaraz idatzi nahi zuenari. Ordura arte, oriotar gehienek ez zuten euskaraz irakurtzeko apenas aukerarik: ez zegoen euskarazko egunkaririk, eta aldizkariak ere gutxi eta banaketa oso mugatukoak ziren. Gertuko gaiez, berriz, DVko herriko kronika bakarrik idazten zen, gaztelaniaz.

Karkara aldizkaria lan boluntarioan oinarrituta sortu zen erabat. Lagun talde bat juntatu eta ikusi zuten hutsune handia zegoela euskararen erabilera idatziari zegokionez eta, asko pentsatu gabe, aldizkaria sortu zuten, Euskal Herrian han eta hemen garai hartan sortzen hasi ziren beste hainbat aldizkariren eredura. Hasiera ez zen erraza izan; baina, pixkanaka, Karkara sendotzen eta errotzen joan zen eta, denborarekin, ezinbesteko erreferentzia bihurtu da oriotar guztiontzat.

Euskararen berreskurapena ahalegin kolektibo bat da eta euskaltzale askoren elkarlanaren bitartez ari da ontzen. Gero ere ezinbestekoa izango da euskaltzale berrien ekarpena, lan asko geratzen baita egiteko eta alor asko baitaude irabazteko.

5.-    GAUR EGUNGO ERREALITATEA: EUSKAL KULTURAREN INDARRA ETA  ELEANIZTASUNA

Gaur egun, euskaraz bizi den herria da Orio, nagusiki. Eta, hortaz, euskarazkoa da bizitza kulturala ere. Kultur etxean eta herrian antolatzen diren ekitaldi gehien-gehienak euskaraz izaten dira (hitzaldiak, jardunaldiak, musika emanaldiak, bertso-saioak, ikastaroak…).

Oriok, bere txikian, toki bat badu Euskal Herriko kulturaren azken urteotako panoraman: Benito Lertxundi kantaria, Anjel Lertxundi idazlea, Gozategi taldea, bertsolariak, kazetariak… Izen ezagunez gain, nabarmendu behar da kultur elkarte ugari dagoela Orion, alor askotan lan egiten dutenak (dantza, musika, bertsolaritza…) eta, gaurko egunean, erabat euskaraz ari direla guztiak.

Ikusi dugunez, Orioko hizkuntz panoramak gorabehera handiak izan ditu iraganean eta, ezinbestean, gerora ere izango ditu. Gaur egun ere erronka berriak planteatzen zaizkio Orioko euskaldunari:

  • Batetik, gaur egungo gizarte konplexuan, gero eta nabarmenagoa da euskaldunak behar-beharrezkoa izango duela aurrerantzean hainbat hizkuntzatan moldatzea. Euskaldun elebakarrik ez da jada geratzen; guztiak gara elebidun gaur egun; eta dagoeneko esan daiteke hori ere ez dela nahikoa eta etorkizuneko euskaldunak eleanitzak izango direla.
  • Bestetik, kontuan hartzekoa da azken urteotan asko ugaritu direla oriotarron ahotsak, atzerritik jende ugari etorri baita gurera bizitzera. Gaur egun hogei hizkuntzatik gora hitz egiten da Orion eta hasi gara orain arte ikusi gabeko kultur ekarpen berrietara ohitzen. Aberastasun berri izugarri hori gurean integratzen asmatu behar dugu orain; gurea galdu gabe, gureari eutsiz, etorri berrien kultur aberastasunari bide ematea du erronka 21. mendeko oriotar euskaldunak.

6.-    ORIOKO ARNASGUNETIK EUSKAL HERRIRA

Orio arnasgune dela esaten dugu, bertan euskaldunak aukera duelako euskaraz lasai bizitzeko, arnasa hartzeko; bere bizimoduaren parterik handiena euskaraz normaltasunez egiteko. Koartza zuria Motondoko babesgunean nola, halatsu ibil daiteke euskalduna euskararen arnasgunean: lasai, natural, burua tente…

Euskal Herriaren ikuspegitik erreparatuta, garrantzi handikoak dira arnasguneak, horietan dagoeneko irudikatu egiten delako nolakoa izan zitekeen geroko Euskal Herri euskalduna. Euskararen egoera noizbait normalizatuko badugu, arnasgune horiek zaindu eta zabaltzetik lortuko dugu.

Arnasguneak zaindu eta zabaltzeko, bestalde, ezinbestekoak dira bertan hazi eta hezitako herritarrak, euskaraz natural bizi direnak, indar eta bultzada handia ematen diotelako hizkuntzari eta erakusten dutelako benetan posible dela euskaraz bizitzea.

Jabier Zabaleta

Orioko Curriculuma Sortzen taldea

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!