Euskararen ostiralak

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraz bizi-bizi 2015ko ots. 4a, 10:01
'Ostiralak euskaraz' edo 'ostiraletan euskaraz' ere izan zitekeen, garai bateko “Ostiralean jai” arrakastatsuaren uberan. Baina 'Euskaraz bizi-bizi' izenarekin bataiatu genituen ostiral gauetan kultur etxean eskaintzen diren emanaldiak. 'Denak euskaraz dira eta oso ondo iruditzen zait hori'. Halaxe esan zidan herritarrak azken ekitaldiaren atarian. Nire harridurarako, pintxo-potetik zetorren, politikoki zintzo. Atzeko batek, ordea, ez zion barkatu: hariari tira eta zalantza egin zuen ekitaldi guztiek euskaraz behar ote duten.

Nik nire iritzia emango dut. Kultura zinegotziaren iritzia lasai bota zakarrontzira, ados ez bazaudete. Hori bai, nik ez dut iritzirik aldatuko hauteskunde atarian botoak lortzearren. Niretzat lasai asko ekarri dezakegu emanaldi bat gaztelaniaz edo frantsesez, katalanez edo okzitanieraz, txineraz… Baina ia denak, gehienak, euskaraz behar dute. Kulturak arnasa eman behar dio hizkuntzari. Euskaraz bizi nahi duen komunitateak suelto-suelto erabili behar du hizkuntza, ahal dela grazia pixka batekin erabili. Horretarako, gertu behar ditu euskara bizi-bizi darabilen antzerkilaria, bertsolaria, umoregilea edo poeta. Hori da kulturgintzaren egitekoa hizkuntza komunitatean: euskaldun izatearen poza transmititu, euskaldunari hizkuntzaren manejuaren garrantziaz jabetu.

Azkoitiko, Gotaineko edo Elgoibarko artistek emango digute hori. Pozgarria da ohitura sortu izana, jende mordoxka juntatzea ostiraletako hitzorduan.  Gustua ematen du gastua egiteak, zer nahi duzue esatea?

Portzierto urtarrilean arnasa hartu eta otsailean helduko diogu 2015eko denboraldiari. Lehen emanaldiak lotuta dauzkate Jabierrek, Uhainak eta Imanolek. Oraintxe publikatu dugu otsaiieko Bizi-Bizi agenda. Despistatuontzat: gonbita edo sarrera aurrez hartu behar da.

Bestalde, Kepa Junkera eta Barrikada euskal musika al dira?

Jon Agirresarobe, euskara eta kultura zinegotzia

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!