Jolas

Erabiltzailearen aurpegia Garbiñe Manterola 2017ko ots. 1a, 12:07

Neguaren egun hotzenetan izanagatik ere, goxo gogoratzen dut beltzetik izena besterik ez duena, (H)ilbeltza.

Jolas Hirugarren urtean lortu du gure lagunak seiko koadrila konbentzitzea, eta baita ondo konbentzitu ere. Urteroko zita bihurtzeko bidean egin baitugu etxerako buelta.

Neguaren egun hotzenetan izanagatik ere, goxo gogoratzen dut beltzetik izena besterik ez duena, (H)ilbeltza. Baztango sutondoetan bildu gintuen Euskal Nobela beltzaren asteak, bai gu eta baita txoko guztietako euskaldunak ere. Ez genekien zer topatuko genuen, zer egingo. Erantzun uste baino ederragoak izan dituzte joan aurreko galderek: literaturaren aitzakian jende zoragarria ezagutu dugu eta gogotik egin dugu barre. Azken horiek osatu dute asteburuko dieta. Beno, horiek biek eta plater beroek. Bada gero kalabazarik leku sorgindu haietan.

Baina nator kontatu nahi dudanera. Momentu gorenetakoa susmagarrien gauak osatu zuen. Erratzun ibili ginen tabernaz taberna antolatzaileek proposatutako jokoan. Nork nor hilko, nor bizirik aterako. Denok hiltzaile eta biktima posible bihurtu gintuzten. Eta izan zen odol zipriztinik, biktima egoskorrik eta supituko hildakorik. Talde konspirazioak dezente, konbentzimendu askoko hiltzaileak, inor hiltzeko gogorik ez zutenak ere bai. Eta azaldu zen tartean odola ikaragarri gustatu eta 5 pertsona akabatzerainoko abilezia izan zuenik ere, gure irabazlea.

Baina denok izan ginen irabazle, irribarre gozo batekin bukatu genuen arratsaldea. Jokoa jolas bihurtu baikenuen. Udalekuetako usaina aditu eta umezarora teletrasportatu ginen. Eta era digital honetan facebook, twitter eta halakoak alde batera utzi eta paparrean jarritako koloretako kartulina zatiek sortu zuten sarea eta, batez ere, saltsa.

Zergatik ahazten ote zaigu hain terapeutiko dena, jolastea? Baztanera joan behar izan dut besteek proposatu eta jolasean hasteko. Ez nadin sekula ahaztu eta Orion bertan ere, lotsak alde batera utzi eta nabil jostari. Kasu nirekin kalean topatzean! Zuotako edonor izan daiteke nire hurrengo biktima.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!