Oroimenaren kutxa

Patxi Alkortaren globo horiak

Erabiltzailearen aurpegia
Patxi Alkorta, Irutxulo jatetxean, idiei edaten ematen. Iñaki Andres

Pernando Amezketarra ezaguna da oraingo euskaldun gehienontzat ere, nahiz eta XVIII.mendean jaioa izan. Pernando bertsolaria eta plazagizona izan zen, bere ateraldi umoretsuengatik, bizitasunagatik eta argitasunagatik zen famatua. Haren bitxikeriak eta ateraldi xelebreak gureganaino iritsi dira belaunaldiz belaunaldi.
Pernandoren antzekoak Euskal Herrian asko izan dira, herriz herri beren ateraldiengatik jendearen oroimenean iltzatuta geratu direnak. Donostian ere izan zen bat, eta hari lotutako ateraldi xelebre bat oraindik ere gogoan dute donostiar batzuek.

Donostiako Parte Zaharrean gertatu zen xelebrekeria, 1955ean. Egun hartan idi-dema izan zen Trinitate Plazan. Handik gertu zegoen jatetxe baten jabeak honela agindu zion deman nagusitu ziren idien jabeari: Irabazi duzuenez, gero etorri gure jatetxera zerbait hartzera nire kontura! Handik gutxira, agertu da jatetxean itzain irabazlea semearekin. Honela esan zion jatetxeko nagusiak: Baina nola zuek biok bakarrik, dema idiek irabazi dute-eta. Ea, ekarri haiek ere!

Itzaina jatetxetik plazara joan, bi idiak hartu eta haiekin bueltatu zen jatetxera. Izugarri handiak omen ziren, justu-justu baina barruraino sartu ziren. Tabernariak kubo bana ardo eman zien edaten idiei. Iru Txulo jatetxea zen hura. Patxi Alkorta, haren jabea. Patxi oso gizon ezaguna zen Donostian, jende artean beti gustura ibili ohi zena, kalekoa, herrikoia. 1948an zabaldu zuen taberna, Puerto kalean, Portaletatik gertu. Jatetxe hartatik pasatu ziren Donostiara etorritako mundu mailako kirolari asko. Garagardoaren kaña txikia zerbitzatzea eta hari `zurito´ deitzea ere haren burutazioa omen da.

Kirolzale eta festazale amorratua zen Patxi, eta bi zaletasunak uztartzen saiatu zen leku askotan, bere hiritik hasita, Donostiatik. Patxi Alkortak asmatu zuen Atotxako futbol-zelaian Realak gola sartzen zuenean estadiotik kalera atera eta bi suziri botatzea zerura, golaren berri donostiar guztiei emateko. Zarata handiko suziriak botatzen zituen, berak esaten zuen bezala, itsasoan gertu zebiltzan arrantzaleek ere izan zezaten Atotxako golen berri.

Patxik zabaldu zuen txapeldunari buru gainean txapela jartzeko ohitura, txapeldun hitzari zentzu bete-betea emanez. Kirolari askoren burua estali zuten Alkortaren txapelek: Lasarteko krossa irabazi zuten askorena adibidez: Zatopeck, Abebe Bikila, Maiz… Joko Olinpiko batzuetara ere iritsi ziren haren txapelak. Mexikon arrazismoaren kontrako protesta egin zuten atleta beltzek zeramatzaten txapelak Patxirenak ziren. Alkortaren txapela ezagunenak Urtain boxeolariari, borrokaldiaren ostean, Patxik berak buru gainean jartzen zizkionak izan ziren .

Haren ibilerek Oriora ere ekarri zuten Patxi. 1968ko abuztuaren 25ean herriko kaleetan ibili zen. Egun hartan Oxford-Orio estropada jokatu zen, arraun olinpikoko nazioarteko estropaden lehenengo edizioan. Alkortak kolore horiko globoak erregalatzen zizkien haurrei, arraun-festari herriaren kolorea emateko. Gerora, haren alaba bat, Maria Jesus, Oriora ezkondu zen, Inazio Andresekin.

Maije Alkorta eta Ignazio Andresen seme Iñakik ekarri digu gogora Parte Zaharreko jatetxean idiekin gertatutako pasadizo xelebrea, haren aitona Patxi Alkortarena, Maria Jesus, Oriora ezkondu zen, Inazio Andresekin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!