Oroimenaren kutxa

Itsasotik ihes

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2019ko urt. 30a, 11:57
Donostiako Paseo Berrian egon zen oroitarri hau, gerra ostean.

Zarauzko Photomuseumen argazki-erakusketa bat egon zen 2018ko apirilean. Bost argazkilariren lanak egon ziren ikusgai. Haien artean, Jose Ortiz Echagüerenak. Echagüe Orion ibili zen XX.mendearen hasiera aldean. Besteak beste, herriko lau arrantzaleri egin zizkien argazkiak: Eugenio Genova, Bernardo Otegi, Luis Intxauspe eta Lino Solaberrietari.

Gure arbasoen artean ibili zen Echagüe, argazkilaritzaren artea artean berri-berria zen garaian; eta aurreikusten jakin zuen orduko bere lanek balio handia hartuko zutela denborarekin. Jakin zuen orduko gizartea erretratatzen, gerorako jasotzen, bere argazki makinaren bidez. XX.mende hasierako gizon-emakumeen janzkera jaso zuen, ohiturak, errituak, lana, jaiak… Horiek denak argazkien bidez gureganaino iritsi dira, denboraren mugak gaindituta.

Zarauzko erakusketako argazkietako bat Bernardo Otegirena zen, Xanti Zaldua Otegiren amaren aitarena. Xantik adierazi zigun Echagüe 1936an Orion izan zela, gerra hasi zen urtean. Otegi arrantzalea zen, eta Orioko beste arrantzale askok bezala, 1936ko irailean, Francoren aldeko soldaduak herrian sartu aurretik, ihes egin zuen itsasoz Iparraldera, aitarekin batera. Urdaire kaleko haien etxea hutsik gelditu zen eta, orduan ohitura zen bezala, giltzapetu gabe. Egoera lasaitu zelakoan-edo, Oriora bueltatu zirenean, etxean sartu eta sukaldeko mahai gainean Ortiz Echaguëk Otegiri egindako erretratua topatu zuten. Alegia, bitarte horretan argazkilaria oriotarren etxean izana zen. Seguru asko ate joka, eta inork zabaltzen ez zuela-eta, giltzapetu gabeko etxean sartu eta han argazkia utzita alde egingo zuen ostera.
Ortiz Echagüe militarra zen, eta Francoren aldekoekin batera ibili zen gerra hartan; baina 1936ko uda bero hartan Orion gerratik ihesi joandako herritar baten etxean izan zen, opari batekin: haren erretratu ederra.

Gerra hark garai hartako denei pasatu zien faktura. 1938ko martxoaren 6an Baleares gerra-ontzia torpedo batek jo eta hondoratu egin zen. Murtziako kostaldean gertatu zen erasoa, Cabo de Palosen. Ontzi hartan 765 soldadu hil ziren, tartean Ortiz Echagüeren bi seme nagusiak. Orioko seme bat ere bai: Anbrosio Uranga Irigoien. Hondarribia gogorrago astindu zuen torpedoak, erasoan hildakoetako 16 hondarribiarrak ziren; eta 40tik gora, ondarrutarrak.

Donostiako Paseo Berrian, orain Oteizaren eskultura dagoen txokoan, urte askoan oroitarri bat egon zen, Baleares gerra-ontzian hildako 34 marinel gipuzkoarrena, gerra ostetik 80ko hamarkada arte. Haien artean ageri dira Mariano eta Jose Ortiz Echagüe, Anbrosio Uranga Irigoienekin batera.

Echagüek garai hartan Donostian pasatzen zuen udako oporraldia. Bere bi semeak hil zituen erasoa itsasoan gertatu zenez, geroztik itsasoari izua hartuta, itsasaldetik urrundu eta oporretan Nafarroara joaten hasi zen familiarekin, Orreaga aldera.

1961eko martxoaren 4an Orioko barran bizia galdu zuen Ramon Uranga arrantzalearen Maria Garate emazteak ere ez zuen bere etxean bizitzen segitu nahi izan, handik itsas adarra ikusten zelako, senarra lapurtu zion itsasoa begi-bistan zuelako. Urangatarren etxeko balkoiak errio aldera ematen zuen eta handik barra ikusten zen. Alargunak ezin zuen hura eraman, eta hiru seme-alabekin batera, handik herri barruko etxe batera aldatu ziren.

Orioko emazte alargunak, Echagüek bere bi semeen kasuan bezala, ezin aurrez aurre izan etxetik senarra eraman zion itsasoa.


KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!