Orain dela 100 urteko bandera, Manuel Olaizolaren azkena

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki iturain 2019ko ira. 10a, 12:45

 

Donostiako Itsas Museolak Ciaboga aldizkarian orain dela 100 urte, Oriok irabazitako Kontxako Banderaren berri eman du. Herriko kuadrillaren argazki asko datoz han, eder askoak. Hona hemen, irabazitako estropadaren eta banderaren kronikatxoa.

Aurten Oriok Kontxako 33. bandera irabazi du, herriko emakumeen taldeak ekarri du bandera hori. Aurten bezala, orain 100 urte ere, 1919an, Oriok irabazi zuen Donostiako estropada. Baina aurtengoa ez bezalakoa izan zen hura. Orduan gizonezkoek ekarri baitzuten trapua Donostiatik. Garai hartan emakumeek ez zuten tokirik traineru-estropadetan. Orioko emakume arraunlariek izan duten garaipen historiko horren berri eman dute hedabide askok, baita KARKARAk ere. Historian zehar, Kontxako bandera ekarri duten patroi oriotarren zerrenda Manuel Olaizolak zabaldu zuen 1901ean. Zerrenda luze horretan aurten emakume batek ere eskuratu du tokia: Nadeth Agirrek.

Kronikatxo orain ehun urteko estropada haren berri emango dugu. Aurten bezala, 1919an, irailaren 8an jokatu zen bigarren estropada. Donostiako bosgarren bandera zuen hura Oriok, Manuel Olaizolak bezala, Olaizola izan baitzen oriotarren patroi aurreneko bost bandera haietan. Huraxe izan zuen azkena ere, azken bandera eta azken urtea.

1901eko maiatzaren 14an Orioko balea harrapatzen ibili eta lau hilabetera irabazi zuen oriotarrentzako lehenengo Kontxa. Horregatik jo ohi dugu Olaizola herriko arraunlarien
lehenengo patroitzat. Manuel Olaizola izena izan zuen 1970eko hamarkadan, Altxerri patroi zela, Kontxako beste bost bandera irabazi zituen traineruak.

Olaizolak 1901, 1909, 1910, 1916 eta 1919an irabazi zuen Donostiako estropada. Beste hirutan bakarrik jokatu zuen estropada hura, irabazi gabe, bi Oriorekin eta behin donostiarrekin. Bazen arraunlari bat Donostiako estropada 1901ean irabazi zuen koadrilakoa, Julian Intxauspe, orain Zarautzen bizi den Donatoren aita eta pilotari izandako Juan Carlosen aitona, esaten zuena (optimista bera) 1901etik 1909ra arte estropadarik jokatu ez zelako, bestela Oriok beste zazpi bandera izango zituela bere palmaresean. XX. mendeko lehenengo edizio hartan, 1901ekoan, arraunlarietako bat itsua zuen oriotarren eskifaiak, Ramon Uranga, Ramon itsua esaten zioten. Ez dakigu sekula gehiago horrelako fenomenorik izan ote den estropadetan.

Manuel Olaizola Lertxundi 1861ean jaio zen Orion. Arrantzale izan zen bere lan-denbora guztian. 1897ko irailaren 10ean Olaizola patroi zuen arrantza-traineruak naufragioa izan zuen Donostiatik Oriorako bidean. Hamaika gizon itsasoaren erdian zeuden, behekoz gora zegoen traineruari helduta. Getariako beste ontzi bateko arrantzaleek topatu zituzten oriotarrak, Bartolome Uranga patroi zutela. Haiek eraman zituzten Orioko arrantzaleak beren herriko moilaraino. Trainerua atoian eraman zuten, atzean lotuta. Handik urte batzuetara, bi patroiak elkarren aurrez aurre aritu ziren estropadan, bakoitza bere herriko ontzian.

1919ko Kontxako estropadan, Olaizolaren azkenekoan, hauxe izan zen oriotarren hamalaukoa: Manuel Olaizola patroi, eta Manuel Elizondo, Bernardo Uranga, Lino Solaberrieta, Martin Garate, Domingo Mitxelena, Eusebio Solaberrieta, Ignacio Azkue, Eugenio Genova, Hilarion Genova, Bixente Segurola, Ignacio Lertxundi, Pedro Maritxalar eta Jose Arruti, arraunean; Manuel Etxeberria, Ramon Uranga eta Bernardo Otegi lehorrean geratu ziren, ordezko. Hamalau mutil haien izenak ez dira oraingo mutilen antzekoak, ezta gutxiago ere, orain desberdinak dira izen gehienak; baina abizenak, belaunaldiz belaunaldi igarotzen direnak, orain ere ordukoak dira, arraunlari haienak ia denak oraingo oriotarrenak dira. Koadrila hartako Jose Arruti, Aldape baserriko semearen birbilobak dira oraingo bi arraunlari: mutilen traineruko Ibon Arruti eta neskeneko Itziar Olasagasti. Arraunaren kateak ez du etenik izan herri honetan.

Manuel Olaizolaren oriotarren trainerua, azken estropada hartan, San Pedro eta Donostiarekin lehiatu zen. Ez ziren nolanahikoak izan beste bi patroiak ere: Aita Manuel sanpedrotarrekin, Kontxako sei bandera segidan irabazi zituena (1927tik 1932ra); eta Kiriko donostiarrekin, donostiarrekin zenbait estropada irabazi eta, gainera, ziabogan espaldeatzen hasi zen lehenengo patroia.

1919ko Kontxako bandera hark poz handia ekarriko zuen Oriora, irabazi den guztietan ekarri ohi duen bezala; baina urte hartako txanponak alde iluna ere erakutsi zion Oriori. Estropada jokatu zuen arraunlarietako bat, 22 urteko Hilarion Genova gaztea, estropadatik zazpi astera hil egin zen, justu ezkondu eta hiru hilabetera. Badirudi lehenengo estropadatik bigarrenerako astean Hilarion gaizki sentitu zela, eta familian aipatu zuela ez zegoela ondo eta ez zuela jokatuko bigarren estropada; baina norbaitek animatu egin zuen aukera hura ez galtzera. Dirudienez, irailaren 14 hartan egindako esfortzua gehiegizkoa izan zen erdi gaixo zegoen gaztearentzat. Huraxe izan zen Orioko arraunean geroztik izan diren gertaera tragikoetako aurrekaria, lehenengoa.

Manuel Olaizola arraunetik erretiratu eta bederatzi urtera, 1928an, Olaizolak 68 urte zituela, Ciaboga arrauneko aldizkariak elkarrizketa egin zion oriotarrari. Elkarrizketa hura izango da, seguru asko, Ciabogak euskaraz argitaratu zuen artikulu bakarra. Horren arrazoia: Manuelengana etorri zen kazetari donostiarrak ez zuelako lortzen oriotar harengandik ia hitzik ere ateratzerik, erdaraz egindako galderen bidez. Kazetaria euskalduna izaki, euskaraz hasi zitzaion galdetzen eta orduan bai, orduan askatu zen Manuela Olaizolaren mingaina eta esan zizkion esan beharreko guztiak, arraunlariez eta estropadez.

1919ko Kontxako Bandera. Zaletuak estropada ikusten arroketan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!