PAPEREKOA

'Herritik eta herriarentzat'

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2019ko urr. 2a, 09:00

KARKARAren 409. zenbakiko 'Oroimenaren Kutxa' atalean, Iñaki Iturainek partekatutako testua.

Orioko historian zer festa izan da herrira jende gehien ekarri duena? Lagunarteko afariaren osteko solasaldian atera zen galdera, apustu giroan. Arraunzaleak segituan Oxford-Orio estropada-eguna ekarri zuen gogora. Aitortu zitzaion 1968ko abuztuaren 25ean mundu bat etorri zela Oriora. Orduko irudiek jendetza izugarria erakusten dute, festa-giro zoragarriaren neurrikoa.

Euskaltzaleak, Erria txikota! esanez, Orioko ikastolaren 2014ko Kilometroak festa aipatu zuen. Urriaren 5 hartan ere uholde bat jende etorri zen Oriora. Herriko ehunka boluntariok lan handia egin zuten ikastolen mugimendua bultzatzeko.

Arrantzalea 2001eko Balearen Egunaz gogoratu zen, 1901ean balea harrapatu zuten Orioko arrantzaleen omenez antolatua. Herritarrek, arrantzale jantzian balearen bertsoak kantatuz, herri-antzerki polita eskaini zieten kanpotik etorritako bisitari pila haiei.

Halako batean, buru ona duen batek OriOn festa gogorarazi zuen. Inor ez zen akordatzen. Bai, Udalak antolatu zuen 2008an, barra muturreko aireportua EusCalifornia bihurtu nahi izan zuten, hormigoizko festa erraldoia eginez. Hark hori esan orduko, zehaztu zuen beste batek, mobilean begiratuta: Bai, abuztuko asteburu batean ostiraletik igandera izatekoa zen; aurreneko egunean, sartzea debalde. DV-k `la gran ciudad de ocio´ izendatu zuen; han skateboard, freestyle eta wakeboard ziren izatekoak, dena giro chill out-ean; eta Coca Colaren karparen ondoko Euskaltelenetik `pixka bat es mucho´ren doinua barreiatzen zen. `Vocación de futuro´ omen zuen jaiak. Jendea eramateko, Txu-txu trena eta txalupak jarrita ere, oso jende gutxi joan zen, eta hiru egunetan sekulako jendetza ekartzekoa zen jaia bertan behera utzi zuten lehen egunean.

Iaz ere gertatu zen antzeko zerbait Orioko hondartzan, esan zuen ordura arte isilik egondakoak. `LOS 40 Summer Live (los 40 principales)´ aipatu zuen, sega-potoari begira: Bai, iazko abuztuaren 10ean izan zen jaialdia, eta jende asko etorri zen Oriora. Gaueko hamarretan Duo Reykok ‘Spinning over you’ jo orduko, euri-jasa ikaragarria bota zuen, azken urteotako handiena; festa bertan behera geratu zen, eta gero, Orioko historia guztiko zirkulazio kaos handiena gertatu zen, izugarria.

Historiazaleak egin zituen kontuak: Baleak, Oxford- Oriok eta Kilometroek eguraldi bikaina izan zuten. `Ciudad de ocio´k, berriz, bero kiskalgarria; eta `40 principales´ek, sekulako zaparrada. Seguru asko, eguraldiak keinu historiko bat egin digu, nondik jo erakutsiz, jai-ereduaz gogoetatxoa egin dezagun. Artzek esaten zuen nora goazen jakiteko nondik gatozen jakin behar dugula.

Orduan, kuadrillako txikiena ausartu zen: Dena ez da jende asko ekartzea. Aurtengo San Pedro bigarreneko `Arrantzale Eguna´ren antolatzaileek hauxe jarri zuten KARKARAn, herritarrei eskerrak emateko: Aurtengoak kutsu berezia izan du. Herri arrantzalea izanda, gure sustraietan oinarrituz, gogora ekarri ditugu arrantzale eta saregileak, belaunaldien arteko transmisioa bultzatuz. Horrela, gure arteko harremanak sendotuz, herria egiten dugu.

Ba, herriak herriarentzat antolatutako jai eredugarria irailaren 15ean arraunlariekin gozatu genuen ongietorri festa izan zen, aliron hunkigarria: Ave Maria baporean lehorreratu, Salsamendiren hitz egokiak, Aldape, Lizargate eta Camposen bertso dotoreak, Eneko eta Marijoren aurreskua, herria Benitoren `Mirotzak´ kantatzen, arraunlarien bandera astintzea, herriko musika-taldearen emanaldia…; bertan izan ziren askok bizitza osoan gogoratuko dutena.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!