PAPEREKOA

Euskal kantu eta ereserkiak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2020ko abe. 26a, 11:55

Iñaki Iturainek euskal kantu eta ereserkien inguruko erreportajea idatzi zuen Oroimenaren Kutxa atalean, abenduko KARKARAn.

Donostian gertatu zen, hango udaletxeko areto nagusian; 1984. urtea zen, eta EAJko Ramon Labaien zen alkate. Erdizka dantza talde donostiarra Poloniara joatekoa zen euskal dantzak erakustera, Varsoviara. Aurretik, hango dantza talde bat etorri zen Donostiara. Alkateak harrera ekitaldia egin zien etorri berriei udaletxean, dantzari donostiarrekin batera. Udaletxeko aretoa jendez gainezka zegoela, Labaienen hitz adeitsuen ondoren, poloniarren zuzendariak hartu zuen hitza eta hauxe esan zien bertan ziren donostiarrei: “Estamos muy felices de estar en su país, y les cantaremos una canción de aquí”. Ondoren, kantari hasi ziren: “Que viva España...”. Manolo Escobarren kantua aukeratu zuten borondate oneko poloniarrek Donostiako udaletxean kantatzeko. Han zirenek ez dute oraindik ahaztu egun hartakoa, eta ez dute berehalakoan ahaztuko.

Donostiakoaren antzekoa gertatu zitzaion 2003an Australian Espainiako tenis selekzioari Copa Daviseko nalaren atarian, tenislari guztiak tente-serio zeudela,

begira Espainiako oraingo errege eta orduko printze Felipe zutela, James Morrison tronpetarekin Espainiako Bigarren Errepublikako ereserkia jotzen hasi zenean. Badirudi kantuaren partitura Interneten aurkitu zutela, bilaketan Espainiako ereserkia jarrita.

Kantuak ondare inportantea dira munduko edozein kulturatan. Haietako batzuk ereserki bihurtzen dira, eta nazioa munduari aurkezteko ikur bihurtuta, herria ordezkatzen dute. Bada jendea ereserkiak batere maite ez dituena, baina nazio guztietan askorentzat garrantzizko gaia da hau. Aurten zazpi euskal lurraldeetako ehunka kantarik aldarrikapen bat zabaldu zuten euskaldun guztiontzat: Gernikako Arbola kantuaren lehen ahapaldia izan dadin euskaldun guztion ereserkia, Euskal Herri osoaren ikur musikala:Gernikako Arbola da bedeinkatua, euskaldunen artean guztiz maitatua. Eman ta zabal zazu munduan frutua, adoratzen zaitugu Arbola Santua. Azaroaren 8an Berrian plazaratutako iritzi artikulu batean ezker abertzaleko 50 militante ezagunek bat egin zuten proposamenarekin.

Aurten bete dira 200 urte abesti hori sortu zuen Jose Maria Iparragirre Urretxun jaio zenetik, eta 170 inguru hark kantua sortu zuenetik. Seguru asko, geroztik kantu horixe izan da euskal kanturik ezagunena eta kantatuena euskal herrialde guztietan.

Euskal ereserkiak
EAEko edo Euskadiko ereserki o ziala Euskal abendaren ereserkia da 1983tik, Gora ta gora Euskadi, aintza ta aintza, bere goiko Jaun onari hasten dena. Sabino Aranarenak dira hitzak, 1902koak. Euskaldun batzuentzat ez da egokia, hitzetan partidista eta konfesionala omen delako.

Euskaldun batzuek, izaera eta ideologiaren arabera, beste kantu batzuk jotzen dituzte gure ereserki. Xabier Leteren Xalbadorren heriotzean da kantatuenetako bat: Adiskide bat bazen... Euskal kantu ezagunenetakoak dira, baita ere, Txoriak txori eta Eusko gudariak. Azken honen doinua oriotar batek egokitu zuen, Alejandro Lizasok, 1936an gerrako frontean tiro batek hil baino lehen. Txoriaren hitzak

Joxe Antton Artze usurbildarrarenak dira, Mikel Laboaren doinuarekin denontzat ezagunak direnak.

Eusko gudariak gera, Euskadi askatzeko, gerturik daukagu odola bere alde emateko dio batek; Hegoak ebaki banizkio, neria izango zen, ez zuen alde egingo, baina horrela ez zen gehiago txoria izango besteak. Askatasunaren aldeko kantuak dira biak, herriaren askatasuna, txoriarena, norberarena... Batek kutsu epikoa du, besteak lirikoa.

1985ean Euskal kantagintza berria liburua idatzi zuen Pako Aristik; 2020an liburua berrargitaratzean euskaldunon herri ereserkitzat jo zituen, besteak beste, Benito Lertxundiren Zenbat gera? lau, bat, hiru, bost, zazpi eta Mendian lar artean, aurkitzen da loretxo bat...

Hitzak aldatutako kantuak
Ereserki gehienek, ez denek, hitzak dituzte, eta hitzek esanahi handia. Horregatik, historian zehar aldatu ere egin izan dira abesti eta ereserkien hitzak, momentuko ideologia edo interesen arabera.

Bada Iparragirreren beste kantu ezagun bat Hara non diran: Hendaian nago zoraturikan, zabal-zabalik begiak, hara
Euskal Herri, lur hoberikan ez da Europa guzian. Urretxuko bardoaren kantu honek badu, baina, berezitasun bitxi bat: Jose Marik sortu zuenean, ez zuen esaten Euskal Herri, baizik eta Espainia. Iparragirreren garaian, Sabino Aranaren nazionalismoa artean sortu gabe, euskaltzale hark

Hendaiatik Urretxu aldera begiratuta ikusten zuena izendatzeko España zerabilen. Euskaldun batzuek geroztik egina da aldaketa; ereserkien hitzen garrantziaren seinale.

Erlijioak eta elizak ere baditu bere kantu eta ereserkiak. Euskal elizan San Ignaziorena da ezagunenetakoa. Kantak baditu gutxienez hiru bertsio: jatorrizkoa, sabinianoa eta Unai Manterola Orioko apaizak sortutakoa. Duela hilabete batzuk, elizako kanturik ezagunenetako bati ere, Aita Gureari, hitz batzuk aldatu dizkio Euskal Herriko Elizak; orain arte esaten zena: eta ez gu tentaldira eraman orain ez utzi tentaldian erortzen da. Honela arrazoitu zuen Unaik aldaketa: “Baina nola eramango gaitu, ba, Jaungoikoak gu tentaldira?”.

Beste kanta baten hitzak ere aldatu nahi izan dira, euskal kanturik ezagunenetako batenak: Agur, jaunak, jaunak agur, agur t ́erdi. Abestiaren hitzetan jaunak bakarrik agertzen dira, emakumerik ez, eta batzuek aldatu egin dute; Agur jaunak ta andreak, denak agur. Baina denak ez daude ados, aldaketarekin kantuak simetriaren edertasuna galtzen omen du. Izan ere himnoek sentimenduak eragiten dituzte askorengan: zirrara, hunkidura, oilo-ipurdia, begiak bustitzea...

Herri eta hiri batzuek ere badute beren nolabaiteko himnoa. Donostiakoa denok danborradako Sebastian bat bada zeruan... dela esango genuke. Iruñekoa, sanferminetako Uno de enero, dos de febrero. Festari lotuak biak. Baionan, hango arraun klubetik sortutako errugbi taldearen ereserkia da hiriarena ere, Aviron Bayonnais-ena: Agur, agur, gure herriko xuri-urdineri, gure hamabost jokalarieri; txalo, txalo, gogotik ari diren mutileri, Baiona ohoratzen duteneri. Bilboren kasuan badira batzuk: Un inglés vino a Bilbao, a ver la ría y el mar..., Desde Santurce a Bilbao eta haien alirona Athletic zuri ta gorria...

Eta Orion, zer? Ba al dugu ereserkirik? Nik dakidala, ofizialik ez, baina Patxi Danbolinek asmatutako Orioko martxa badugu, herriaren zaindari San Nikolas dugula- eta, sanikolas festen hasieran txarangak jotzen duena. Alirona ere hor dago, herriko arraunlarien garaipenak ospatzeko kantua: Ez dago oriotarrik kantu hau ez dakinik, ez dago mundun herririk bandera gehio dunik. Alironarekin batera, Orion ezagunenak eta herritarrek kantatuenak Baleraren bertsoak dira: Mila bederatzireun ta lenengo urtian, Orbegozo apaizarenak omen direnak. Benitok ere egin nahi izan zuen bere ekarpena eta Mirotzak abestia sortu zuen, jaioterriari eta arraunlariei kantatzeko, Nere herria, mirotz leinua, arraun orru, bihozkadaren oihua; ez zara inoiz bakarrik joango, mirotz gogoa da zure arnasa izango. Bitxia da Oriokoa, munduan zehar ereserkietan nazioa izan ohi da protagonista, gudariak, festa... Gure herrian, berriz, animalia bana dira protagonista nagusiak ereserki rola jokatzen duten bi kantuetan: balea eta mirotza, itsasokoa bata, hegalaria bestea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!