Kristobal Kolon, Euskal Herrian jaioa

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2021ko mar. 26a, 16:00
Jose Mari Ertzilla Kolon Txikiren aurrean. Argazkia: Iñigo Gaiton

Jose Mari Ertzillak liburu bat idatzia du, bere ikerketaren berri ematen duena, oraingoz argitaratu gabea. Erreportaje honetara ekarri nahi izan ditugu Ertzillaren liburuko hipotesiaren alderdi esanguratsuenak, Kristobal Kolon Euskal Herrian jaio zela demostratzeko idatziak.

Jose Mari Ertzilla Orion jaioa da, tren geltoki ondoko Ertzillaneko etxean. Zarautzen bizi da aspaldi, mediku-dentista izan da ogibidez orain dela urte batzuk erretiroa hartu zuen arte. Historia zalea da eta, azken urteotan, alor hori lantzen eman ditu bere denbora eta ahaleginak. Gai batek motibatu du aspaldi honetan: 1492an Ameriketara iritsi zen Kristobal Kolonen jatorriak, kontinente hura deskubritu zuen Mendebaldeko lehenengo nabigatzailearenak. Jose Mariren ustez, Kolon Ipar Euskal Herrian jaio zen 1446an. Ertzillak dioenez, Orio ere ezagutzen zuen Kristobalek, eta herriko etxe eta toki batzuen izenek horixe erakusten dute. Gai hori ikertzen dabil, eta hari asko lotu ditu bere hipotesia indartzeko.

Historialarien artean zalantza handiak izan dituzte beti Kolonen jatorria azaltzeko orduan. Badira diotenak Italiako Genovan jaio zela, baina badira esaten dutenak katalana, galiziarra, mallorcarra edo portugesa zela. Kolonen jaiotze lekuak misterioa izaten segitzen du.

Kolon, ezkutuko agote itsasgizona
Kristobal Kolon Baigorriko konderriko Ainza herrian jaio omen zen (gaur egun, Ainhize- Monjolose), 1446an, Colom etxean, Nafarroako Erresumako seigarren merindadean. Bernat Colom izeneko herritar bat agertzen da Ainhizeko 1413ko erroldan; seguru asko, Kristobalen aita.

Kolon kasta okzitaniar bateko ondorengoa da, Oztibarreko lurretara etorritako familia baten baitan jaioa, Frantziako hiru Donejakue bideek bat egiten duten eskualdean. Kristobal familia gaskoi apal bateko semea omen zen, ez zen noblea; eta ezkutatu egiten zuen bere jatorria, oro har Oztibarre eta Bearno inguruko biztanleek egin ohi zuten bezala, hangoak herejetzat eta agotetzat jotzen zituztelako, gutxietsitako eta baztertutako kasta bateko kide. Arrazoi horregatik Kolonen biogra an ez da batere garbi azaltzen haren jaiotzaren eta haurtzaroaren berri. Dena iluna da oso. Eta iluntasun eta zehaztasun falta horrek ekarri du Kolonen jatorria interpretazio askotarikoa izatea.

Kolonen garaian bizkaitar esaten zitzaien euskaldunei. Kolon bizkaitarra zela dio Guillen Tato kapitainak, adieraziz Kolonen hizkerak Baionako itsasoaren kutsua zuela. Baita Espainiako Historiako Akademiak ere, aipatuz Kolon euskal marinelak bezala janzten zela. Medinaceliko Dukeak ere horixe dio, Kolon bi urtez bere jauregian hartu zuenak. Horixe bera adierazten du almirantearen gaztelaniaz hitz egiteko modu ez oso akademikoak: euskal kutsuko hitzak erabiltzen zituen, agur, grisketa, makalas, berriqueras; eta gaztelaniaz ondo ez dakiten euskaldunek egin ohi duten bezala, izenen artikulua nahasten zuen: el nariz, la color, el Andalucia.... Baita Kolonek Ameriketan zenbait lekuri emandako izen toponimikoek ere: Kaiku irlak, laguna, mocha, barria, barrukoa, ainza... Ainza Kolonen jaioterria zen, herri txiki-txikia, eta berak beste inork ezin zion izen hori eman kontinente berriko toki bati. Kolonek bere eskifaietarako aukeratutako horrenbeste euskaldunek ere horixe erakusten dute. Eta, jakina, bere bidaietako itsasontzien izenek: Mari Galant, Santa Maria de Guia eta La Vizcaina; eta, azkenik, orduko pilotu eta marinel euskaldun askok ere bai.

Euskal Herriko Oztibarre eskualdean jaiotako biztanle gehienak herejeak eta agoteak ziren. Kolon han sortua da, hara joandako familia gaskoi baten baitan. Nafarroako seigarren Merindadeko armarri zaharrak ikus daitezke Lemovicensis- Vezelay izeneko Donejakue bidean: Borgoina, Auvernia (Beaujolais), Dordoina, Lot- Garonne eta Akitania itsastarrekoak, Landetatik Deux-Sevres-Rochelleraino. Hortik datoz Colom-tarrak. Horregatik zuten, agoteek bezala, Kaukasoko jatorria duen HLA-B27 antigenoa, artritis erreumatikoa eta ankilopoietikoa dakartzana, Reiter sindromearekin batera.

Okzitanian oso ugaria zen antigeno hori, Galizian, Mediterraneoan eta Genovan ez bezala. Almirantearen jatorria

Genovakoa dela guztiz ezeztatua geratzen da azterketa forentse genetikoetan eta bestelako datu historikoetan oinarrituta.

Kristobal Kolonen anaia Bartolome kartografoak Ingalaterrako errege Enrike VII. ari erakutsi zizkion mapa kartografikoak honela sinatuta agertzen dira, latinez: “Pro autore sive picture: janua cui patria est, nomen cui Bartolomeus Columbus de Terra Rubra, opus edit istut londonis...”. Janua Donibane Garazi da (Saint Jean de Pie de Port) eta Terra Rubra (Roja), berriz, Baigorriko bizkonderria da. Eta Ainhize lurralde haren baitakoa zen 1446an (orduan, Ainza). Kolon Ameriketatik itzuli eta Gaztelako errege- erreginek ohore egiteko zer armarri zuen galdetuta, familia apalekoa izanda armarririk ez zuenez, Kristobalek Iholdi herriarena hartu zuen beretzat.

Kristobal Kolon eta Orio
Antso VI.a Jakituna Nafarroako erregeak 1180an Donostiari eman zion Foruaren eremuaren baitan zeuden Orioko lurrak. Ondorengo mendeetan sortu zen arrantzale herrira Pirinioz gaindiko nafar eta gaskoi asko etorri ziren, baita inguruko herrietara ere: Usurbil, Aia, Getaria...

Orio sortu zenean herriak zituen bi kaleetan, Goiko Kaleko bietan, orduko etxe guztiek dute JHS inskripzioa: Jesus Hominum Salvator, harrian zizelkatuta, etxearen kaleko ate gainean, oraindik ere. Etxe atariko ikur erlijioso hori Nafarroa Behereko herrietako ezaugarria da, eta gaskoientzat garrantzia handiko ikurra. Ba, hara, Kolonek San Salvador izena jarri zion 1492ko urriaren 12an topatu zuen irlari, Ameriketako lurra lehenengo aldiz jo zuenean.

Orion ezagunak diren hainbat abizen Nafarroa Beherea aldeko herrietakoak dira jatorriz: Mitxelena, Intxauspe, Kamino, Agote, Indo, Urdaire, Ainziarena, Larrunenea, Aranibar...; eta hainbat toponimo ere bai: Aizperro, Mirandaburu, Salatxo, Saria, Luxaber, Udaenea, Gallaberro...

Orion Kolonen herrikoak ere jarri ziren bizitzen; horrexegatik etorri zen Micheloto kortsarioa, Kristobalen senidea bera, Oriora babestera Normandia aldeko itsasoan 31 marinel bretoiri lepoa moztu eta gero.

Oriotar askoren galdera izan da beti Kolon Txiki etxearen izena nondik ote datorren. Orioko historian balea- arrantzale eta ontzigile bezala agertzen den Miranda eta Beltran familiarena zen etxe hori. Miranda-Beltrandarrak ere Nafarroa Behereko herrietatik etorriak ziren Oriora, Micheloto eta Kolon bezala. Nafarroako erroldetan agertzen dira abizen horiek denak. Leozeko beltrandarrek Kolonen armarri berbera dute; eta mirandatarren armarriko arranoa Panamako Kolon probintziaren armarriko berbera da. Orioko Beltran-Mirandatarrek harreman estua zuten Kolonekin eta herrian eraiki zuten etxeak Kolon Txiki izena jaso zuen, eta sekulako armarria eman zioten etxeari.

Luis Luciano Bonaparte bidaiari eta lologo frantsesa bost aldiz izan zen Euskal Herrian euskararen dialektoak aztertzen. Bonapartek Orioko euskara Hernanikoaren eremuan kokatu zuen, baina ezaugarri batekin: Orion Nafarroa Behereko hitz eta esamolde askoren arrastoa zegoela. Kolon euskal marinelez inguratuta ibili zen Amerikarako itsasaldietan. Oso ondo ezagutzen zituen euskal kostaldeko herriak: Hondarribia, Pasaia, Orio...

Jose Antonio Lorente Acosta doktore genetista aditua da antzinako pertsonaia historikoen jatorria argitzen, haien gorpuzkien DNA (ADN) aztertuz. Azken bolada honetan hark zuzendutako talde batek Sevillako katedralean hilobiratuta dagoen Kolonen hezurren DNA aztertzen dihardu. Jose Mari Ertzillak badu esperantza ikerketa lerro horrek baieztatuko duela berak darabilen hipotesia: Kolon Euskal Herrian jaio zela. Horren zain dago, eta ikerketaren emaitza laster batean argitaratuko omen da.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!