Gu, munduko oriotarrak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2021ko uzt. 5a, 10:00

Ekaineko KARKARA aldizkarian argitaratutako artikulua, 'Oroimenaren kutxa' atalean.

Aurtengo maiatzaren 21ean ospatu zen Kultura Aniztasunaren Nazioarteko Eguna. Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2001ean onartu zuen Unescok egindako kultura aniztasunaren aldeko aldarrikapena: “Kulturak, bere aniztasunean, balio handia du herrien garapenerako eta gizarte kohesioa eta bakea lantzeko. Kultura aniztasuna indar eragilea da gizartea garatzeko eta gizabanakoon bizitza aberasteko arlo askotan: adimena, harremanak, etika eta espiritua”.

Orioko Udalak arreta berezia eman nahi izan dio aurten maiatzaren 21eko ospakizunari, gaiari dagokion garrantzia nabarmentzeko. Horretarako, Udalak aho batez aldarrikapen bat egin zuen kulturaren balioak azalduz eta kultura aniztasunaren aldeko jarrera erakutsiz.

Oraingo oriotar zaharrenak haur ziren garaian, herritarren kultura homogeneoa eta uniformea zen: ia guztiak euskaldunak ziren hizkuntzaz, gehienak gaztelaniaz ere moldatzen ziren gutxi-asko; bi horiez gain, ez zekiten beste hizkuntzarik; kristau katolikoak ziren eta mezatara joaten ziren igandero; gizonak arrantzari eta nekazaritzari lotutako ogibideetan aritzen ziren lanean; emakume gehienak, berriz, etxekoandre; bikote onartu guztiak heterosexualak ziren; haurrak zituzten guraso ia denak ezkonduta zeuden...

Kultura aniztasuna izugarri handitu da azken urteotan Orion; bereziki. XXI. mendean atzerritik etorritako bizilagunekin. Gure historia hurbilean, bi jende-olde handi etorri dira hona: lehenengoa XX. mendeko 60ko eta 70eko urteetan izan zen, eta orduko etorkin gehienak Espainiatik heldu ziren: Extremadura, Gaztela, Andaluzia... Bigarren jende-oldea XXI. mendean ari da gertatzen, eta oraingo etorkinen jatorria askoz ere pluralagoa da: kontinente guztietakoak dira eta oso ezaugarri desberdinak dituzte.

Munduko zenbat naziotan jaioak ote dira gaur egun Orion bizi diren herritarrak? Zenbat hizkuntza hitz egiten ote da herrian? Zenbat ez ote da luzatu gure jan-edanen zerrenda? Zenbat erlijiotako sinestunak ote daude herrian? Galdera horiei erantzuna ematea izan liteke gaia lantzen hasteko ariketa egokia.

Kultura aniztasunaren festa

Herrian sortutako aniztasun berri horren jakitun, Orioko Udalak Kultura Aniztasunaren Festa antolatu zuen sei urtez segidan, 2009tik 2014ra. Etorkinentzako euskara ikastaro batetik abiatuta, oinarrizko euskara ikasten ari ziren etorkinekin festa bat antolatu zen, helburu bikoitzarekin: euskararen bidez herrian integratzen laguntzea, eta haien jatorrizko kulturak ezagutaraztea.

Festa hartan ekitaldi ugari antolatu zituzten elkarlanean Udalak eta etorkinen ordezkariek: hitzaldi, mahai- inguru, sukaldaritza ikastaro, kantaldi, futbol partida, dantza, capoeira, bertso saioa... Festa koloretsua izan ohi zen.

Sei urteotan munduko bazter askotatik etorritako oriotar berri ugarik parte hartu zuten: Senegal, Maroko, Brasil, Nikaragua, Ekuador, Sahara, Kuba, Mexiko, Portugal, Argentina, Honduras, Bolivia... Nazio ugaritako herritarrak elkartu ziren herriko plazan, elkarren arteko zubiak eraikiz.

2010ean Udalak, herritarren izenean, mezu hau transmititu nahi izan zien kanpotik etorritakoei: “Guk aintzat hartu nahi dugu zuen kultura, zuen hizkuntza, eta gurea ikastera gonbidatu nahi zaituztegu”. Adierazpen hura egiteko, ondoko olerki hau aldarrikatu zuten festan batu ziren herritar guztiek:

Gu, Afrikan, Amerikan, Asian edo Europan jaiotako oriotarrak, gaurko festak batu gaituen herritarrak:
emakume, gizonezko, gazte eta zaharrak,
elkarrekin jan, edan, kantatu eta dantzatuko dugun mundutarrak,
ados agertzen gara, herriari hauxe azaltzeko:
desberdinak ditugu jakiak prestatzeko moduak, egarria asetzeko edariak,
kantatzeko doinuak,
eta komunikatzeko hitzak.
Desberdin dugu jaten eta edaten, kantatzen eta mintzatzen;
baina premia berdina dugu jateko, edateko, kantatzeko eta komunikatzeko.
Berdin asetzen gaitu janak,

gustatzen edanak,
gozatzen kantak eta dantzak,
eta betetzen solasak.
Gorputzaren kasuan azalak bezala,
bereizten gaitu, kulturarenean, axalak,
axaleko formak.
Premiak berdinak ditugu,
oinarrian, barru-barruan, berdinak baikara.
Izadian naturak bezalaxe,
gizadian kulturak aniztasun izugarria du;
eta aniztasun horrek,
harremanean, hartu eta emanean,
errespetuan eta bakean,
elkarren osagarri egiten gaitu
elkar aberasten gaitu.
Gu orain hemen gaude,
historiako eta unibertsoko une eta gune honetan:
udaberrian, Orion.
Eta orain eta hemen herri eder hau aberastu nahi dugu,
gure formetatik, aniztasunetik.
Baina garaian garaikoa behar du eta tokian tokikoa:
arbolak egurra, neguan elurra.
Orion, Euskal Herrian, euskara da jatorrizko hizkuntza;
munduko toki honetan, berotzen gaituen astroari eguzki esaten zaio, bizia eman zigunari, ama.
Gutako batzuek ez dugu izango euskara ikasteko zoria,
baina gure seme-alabek ikasiko dute;
haiek jakingo dute zer den eguzkia, zer, ama.
Euskaraz, gaztelaniaz, arabieraz, portugesez, kitxuaz, woloferaz...
horixe esan nahi izan diogu Orioko herriari, denok batera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!