Aia ezagutzen, ardi jolasean

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2022ko ots. 27a, 09:00

KARKARA aldizkariaren 436.zenbakian plazaratutako artikulua, 'Oroimenaren kutxa' atalean.

Aiako frontoiaren ondo-ondoko plazatxotik, hango behatoki-balkoitik, ondo ikusten dira Zarautz eta Orio, baita herrigunetik itsaso aldera jaisten diren Aiako zelaiak ere. Toki zoragarri hartan Aiak jolas bat proposatzen dio herrira bertaratu den bisitariari, Aiako herriaz, kulturaz eta herritarrez dakienaz gain, beste pixka bat ikasi nahi baldin badu. Aiako ardi jolasa du izena. Originala eta berezia da, ez da toki askotan izango antzeko jolasik; eta pedagogikoa, ikasteko balio baitezake, jolasari arreta pixka bat emanez gero.

Asier Erguin diseinugilearen eta Eneko Sanz historialariaren ideia batek ekarri zuen jolasa herrira, eta 2018ko udan zabaldu zen. Jolasa ibilbide bat da, lurrean margotuta dagoena, zoruan. Dinamika antzara-jokoaren antzekoa du: erruletari birarazi eta hark erakutsitako zenbakiaren arabera egingo da aurrera, lehenengo koadrotik abiatuta. Jolaseko 63 koadroetan Aiari eta aiarrei buruzko gaiak azaltzen dira. Horixe du oinarri jolasak: haiei buruzko ezagutza; nolabait ere Aiaren curriculuma da, eta Aiako historia eta kultura agertzen dira: herritarren eguneroko bizitza, ohiturak, auzo-herriak, pertsonaia historikoak, ikurrak, kirolariak, gertaerak, baserritarren lanabesak… Ikur nagusitzat ardia erabaki zuten, eta ardiak eman zion izena jolasari. Ardia eta aharia, biak agertzen dira, espezie bereko emea eta arra.

Altxerriko kobazuloko gizakiarekin abiatzen da jolasa, orain dela 30.000 urte han bizi zen gizakiak koba barruko paretetan margotutako animalien irudiekin. Bi iruditan agertzen da Altxerri: batean, gizakia suaren argitan oreinaren irudiari begira; eta bestean, txori bat. Altxerriren ondoren, salto handi bat eginez, Aiaren izen ofiziala agertzen da: Universidad de Aia, herriaren armarriarekin batera. Universidad hitzak adierazten du udalerria nukleo txiki askotan sakabanatuta dagoela.

Aiarren lanbideak

Ardi jolasean lanak toki handia hartzen du, nola ez, ba! Baserria agertzen zaigu, Aiako historian izan den unitate ekonomiko nagusia. Emakume bat harrikoa egiten. Errota eta errotariak. Andazarrateko transbordadorearen abialekua, hango meategietako burdin-mea Zarauzko Mollarrira eramateko. Segalaria, zelaian segan. Itzaina itulan, atzean idi-parea duela. Agorregiko errementaria, burdin puska gori-goriari heltzen. Ontzigilea, ontziolan ontzia eraikitzen. Arrantzalea, baleari arpoia sartzen. Ferratzailea, idia ferratzen. Etxekoandrea, erreka ertzean harrikoa egiten. Irulea, iruten. Ikazkina, txondor gainean, ikatz egiteko lanean. Elur-zuloa mendian. Baserriko lanerako lanabesak: alperra, laia, arto-makina, igitaia, lauhortza, area, kopetekoa, uztarria, lera, asto-sillak… Eta etxeko sutondoan familia elkartuta arto-aletzen. Irudi horretan batera datoz lana eta atsedena, familian denak elkarrekin goxatzeko aukera.

Baina, dena ez baita lana, atsedenak ere badu bere lekua. Hortxe daude Aiako jai nagusiak: San Donato eta San Lorentzo. Festetan, aizkoran, enborraren gainetik. Buruhandiak. Andatzako erromeria, Aristerrazu baserriaren ondoko plazan, Laja eta Landakanda trikitilariak jotzen eta herritarrak dantza sueltoan. Hamaiketakorako salda, gazta, ardoa..., txantxangorria leiho-hegian eta Aiako baserrietatik ikusten den paisaia berde ederra. Haurrak kukumiketan (Orion kuxkumekotan esan ohi dena), Gorostiola baserriko belar-meta baten atzean ezkutatuta. Haurrak neguan elurretan leraren gainean, pozik, hilerritik maldan behera jaisten. Artzaina txakurrarekin, paseoan, guardasola besapean daramala…

Kirolari aiarrak

Kirolaz ere ez ziren ahaztu jolas honetan. Emakumezko harri-jasotzailea ikus daiteke Elkano auzoan, 118 kiloko harria jasotzen. Jose Migel Maiz korrika, Lasarteko krosa irabazi duen euskaldun bakarra, 1968an Mamo Wolde bezalako korrikalari olinpikoen aurretik nagusitu zena. Idi-dema, dema-plazan. Arraunlariak traineruan arraunean, Aiako Kirol Elkartearen logo eta kolorearekin (Orioko traineruan ia beti egon da aiarren bat, orain ere bai, bai mutiletan bai nesketan; bada dioenik aiarrik gabe Oriok ez duela banderarik irabazten; baina aiarrak beste herri batzuetako traineruan ere izan dira). Aiako pareta, Agerre zaharren egoitzatik gora doan malda izugarria, Euskal Herriko itzulian txirrindulariek igotzen duten tenteena. Eta pilotaria, frontoian, esku-pilotan, nola ez; Aiako udalerrian frontoi asko baitago, auzo-herri bakoitzeko bat, eta Aiak auzo-herri asko ditu. 

Nolabait ere Aiako herriaren ikurtzat jo daitezkeen zenbait gune eta une ere ageri dira: Kanposantua. Asentzio feria, maiatzaren bukaeran ospatu ohi den ganadu-feria: esne-behia, larre-behia, bigantxa, idia, ardia, ahuntza, astoa, zaldia, ponya, pottoka eta besteak. Sorgina sendabelarrak biltzen. Pagoetako tumulua, prehistoriako hilerria, monumentu funerarioa. Antzinako gizakia, adarrak buru gainean eta makila eskuan. San Esteban eliza. Altzolako kanposantua. Azpitarte baserria. Aizpeako baseliza. Iturraran baserria, Euskal Herriko parke botanikorik ederrena, landarez eta lorez ondoen hornitutakoa. Aiako etxe askotako atarian egon ohi den eguzki-lorea. Olentzero. Eta Pagoeta mendi tontorreko gurutzea. 

Aiako pertsonaia historikoak

Aian jaiotako edo Aiarekin lotura zuzena izandako pertsonaia historikoak ere han daude. Juan Sebastian Elkano, munduari lehenengo aldiz bira osoa eman zion marinela; duela urte gutxi Laurgaingo jauregian topatutako dokumentu batean, Espainiako erregeak sinatua, non Primus circundedisti me hitzak ageri diren. Loiolako Inazio, San Ignazio, 1523an Loiolarako bidean Iturriotzeko Bentan gaua pasatu omen zuenekoa (baserriko pareta gurutzez betea ageri da, eta santua leiho baten ondoan). Juan Fermin Gilisagasti, XVIII. mendeko ainguragilea, erresuma osoan 3 tonatik gorako aingurak egiteko gauza zen bakarra. Arriarteko Juliana astoarekin, haren gaineko otarretan erosketak garraiatzen. J. Joakin Arrillaga Enbil, Kaliforniako gobernadorea. Izuelako artzaina, Aiak eman dituen bertsolari ezagunetatik aspaldikoena, aulkian eserita, eskuan bertsopaperen liburua duela. Leon Huegun, Leon Txiki, Kortatu musika-taldearen disko baten azalean agertzen den gizona, bizkarrean aizkora duela. Preso bat, ezezaguna, kartzelako ziegan gatibu, barroteen atzean (historian zehar preso egon den hainbeste euskaldunen ikurra izan daiteke).

Orain arte aipatutako pertsonaia historiko guztiak, edo irudirik gabe edo ardiaren irudiak ordezkatuak dira; baten kasuan bakarrik ageri da irudia argazki historikoarekin: Gabino Alustiza, gerra garaian Aiako alkate zena, 1936an faxistek atxilotu eta Hernaniko kanposantuan fusilatu zutena, eta 2015ean Aiako herritarren omenaldi beroa jaso zuen gizona. 

Aiako auzo-herriak

Aiak hamaika auzo-herri ditu, denak baserri-girokoak: Altzola, Andatza, Arrutiegia, Elkano, Etxetaballa, Iruretaegia, Kurpidea, Laurgain, Olaskoegia, Santioerreka eta Urdaneta. Baina itsasertza ere badu, lur zati txiki bat Zarautz eta Orio artean. Itsasoa gertu du Aiak, ikusi egiten da herrigunetik; eta, jakina, itsasoa ondo irudikatuta agertzen da jolasean: trainerua, euskal kortsarioak, eta angula-zaleak Santioerrekan, Portu baserriaren ondoan. 

Aia eta aiarren erretratu bat egin dute jolasaren bidez. Gauza asko daude eta beste asko falta dira. Ez daude diren guztiak, baina dauden guztiak badira. Batzuek esango zuten honez gero “baina nola ez dute sartu halako”, baina dena sartzea ezinezkoa baita. Jolasak gogoratzeko balio du, hausnartzeko, kanpotarrei herria zer izan den eta nolakoa den azaltzeko. Ez da gutxi!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!