Historiako naufragio tragikoak: 'Titanic' eta 'Virgen Carmeli'

Erabiltzailearen aurpegia

KARKARAren 438. zenbakian plazaratutako artikulua, 'Oroimenaren kutxa' atalean.

Aurtengo otsailaren 15ean itsas istripu larria gertatu zen Ternuako uretan: itsaso txarraren ondorioz, Galiziako Villa de Pitanxo arrantzontzia hondoratu eta 21 marinel hil ziren; hiru bakarrik atera ziren bizirik Atlantikoko ur izoztuetatik. Tragediaren ostean, oraindik erantzun gabeko galdera bat dabil airean: zergatik itsasoratu zen barku hura, eguraldiaren iragarpenek ez itsasoratzeko gomendioa eman bazuten, oso itsaso txarra zetorrela eta?

Gugandik gertu ere gertatu izan dira naufragio larri askoak. Euskal kostaldeko naufragioak 1976tik 2016ra liburuan 43 kasu jasotzen dira, haietako bat da Pasaiako Marero arrantzontziarena. Ozeanoak irentsi egin zuen 1998ko abenduaren 20an, Gipuzkoako kostaldean, zortzi arrantzalerekin. Liburuaren egileak zioenez, «naufragioez idaztea ontzi horiek eta marinelek gure oroimenean berriz nabigatzea da, eta gure itsas ondarearen parte diren istorioak kontatzea».

Gizakiak itsasoan bidaiatzeko ontziak asmatu zituenetik, naufragio asko izan dira, eta gizaki askok utzi dute bizia ozeanoetan. Naufragioen historia eta literatura oso zabalak dira. Seguru asko, Titanic transatlantikoaren hondoratzea da historiako ezagunena; hilabete honetan dira 110 urte (1912-04-14) istriputik. Ingalaterratik New Yorkera zihoan bere lehen bidaian, Ternuako kostaldetik 600 bat kilometrotara: gauez iceberg bat jo eta hondoratu egin zen. Barkuko 2.208 lagunetatik 1.496k bizia galdu zuten bertan. Titanic-en hildakoak asko izanagatik ere, ez dira ez icebergak, ezta galernak ere, marinelen etsai nagusiak. Ez. Gorrotoa izan da, gerra, kanoiak eta torpedoak. Gizakia gizakiaren hiltzaile!

Historiako itsas tragediarik izugarriena itsaso Baltikoan gertatu zen Bigarren Mundu Gerran (1945-01-30). Eguerdian, Wilhelm Gustloff gerrako ospitaleontzi alemaniarra Danzig-eko portutik abiatu zen tropa sobietarrei ihesi, errefuxiatuz beteta. Arratsean, -20 graduko tenperaturarekin, kubierta ere jendez gainezka, 10.580 lagun zihoazen ontzian; 20:30ean bozgorailuetatik Hitlerren azken diskurtsoa entzun zuten; 21:08an, urpeko sobietar batek jaurtitako hiru torpedok gerraontzi alemana jo eta hondoratu zuten. 9.343 pertsona hil ziren.

Espainiako 1936-39ko gerra zibilaren barruan (1938-03-06), frankisten Baleares gerraontzia errepublikaren aldekoen torpedo batek hondoratu zuen, Murtziako kostaldean, Cabo de Palosen; 765 soldadu hil ziren, tartean Anbrosio Uranga Irigoien oriotarra. Hondarribia gogorrago astindu zuen torpedoak, hildakoetako hamasei hondarribiarrak ziren; eta 40tik gora, ondarroarrak. 

Mapileko 'San Jose' galeoiko altxorra

Duela zazpi urte, Karibeko itsasoaren hondoan 400 metrora itsasontzi bat aurkitu zuten, Cartagena de Indias-etik 30 miliara: 1708an ingelesen kanoikaden ondorioz hondoratutako San Jose ontzia; Kolonbiako presidenteak esan zuenez, hondoratutako barku batek sekula gorde duen altxorrik handiena zuen barruan: 22 milioi urrezko eta zilarrezko txanpon zeramatzan, espainiarrek Cartagenara Perutik ekarriak.

San Jose galeoia Aginagako Mapileko ontziolan eraiki zen 1698an, Espainiako koroak eskatuta. 1.200 tona eta 22 metroko bi ontzi berdin eraiki zituzten, Indietara joan-etorrian zebiltzan barkuen zaintzarako: San Jose eta San Joaquin. 70na kanoi jarrita, 1706an, Ameriketara joan ziren hamar merkantziaontzik osatzen zuten flota zaintzen, 41 eguneko bidaian. Ingelesekin izandako borrokaldian 11 gizon bakarrik atera ziren bizirik, barkuan zihoazen 600 marineletatik. 

Baporea marrazo artean

Orioko Maria Auxiliadora baporea 1962ko otsailean Senegalgo uretan zebilen arrantzan, marrazoz betetako itsasoan. Goizeko hiruretan, guardian zegoen Martxiel Urkizuk ikusi zuen Bermeoko barku bat gainera zetorkiela kontroletik kanpo eta sutan. Martxielen marrua entzunda, denak altxatu, motorra martxan jarri eta abante eginda lortu zuten talka saihestea. Gertatu izan balitz, biak hondora. Sua itzaltzen lagundu eta, ikusita baporean ura sartzen ari zela, Bermeoko arrantzaleak Maria Auxiliadorara pasatu zituzten. Begiak malkotan, ikusi zuten nola hondoratzen zen San Pancracio ontzia Afrikako uretan.

Donostiako kaian bada monumentu bat arrantzale baten oroimenez eraikia, hainbat aldiz bere bizia arriskuan jarri zuelako beste arrantzale batzuk itsasotik erreskatatzeko. Aita Mari zen, Zumaian jaiotako Jose Mari Zubia. Aita Mari 1966ko urtarrilaren 9an ito zen Donostiako badiako olatu handien artean, itsasotik Donostiara zetorren Getariko ontzi bateko bederatzi arrantzaleak arrisku larritik atera ondoren olatu batek bera hondoratuta. Euskaldunon artean, Aita Mari da itsas erreskateen eredu nagusia. Donostian eta Zumaian kale banak dute haren izena, eta orain Mediterraneoan erreskate lanetan dabilen itsasontzi batek ere bai.

Bermeoko galerna izugarria

Titanic hondoratu zen urte berean (1912-08-12) gertatu zen Kantauri itsasoan historia guztian ezagutu den galerna hilkorrena: Bizkaiko 143 arrantzale ito ziren uretan. Haietako 116 Bermeokoak ziren. 75 emakume geratu ziren alargun, eta 225 haur, umezurtz.

Goiz barearen ostean, arratsean galerna ikaragarria ekarri zuen, eta Bizkaiko uretan arrantzan zebiltzan ontzi gehienak hondoratu zituen. Ekaitzak Bizkaiko portuetako baporeak harrapatu zituen itsasoan, baina Gipuzkoakorik ez; Hondarribi, Pasaia, Donostia, Orio eta Getariko arrantzontziak ez ziren itsasoratu egun hartan. Zergatik? Ordu batzuk lehenago, ez ateratzeko abisua jaso zuten. 1905ean Gipuzkoako Foru Aldundiak behatoki meteorologikoa jarria zuen Igeldon. Han, Aita Orkolaga apaiz zientzialari meteorologoa ari zen lanean. Hark pasatu zuen abisua arrantzale kofradietara, denborale ikaragarria zetorrela eta lehorrean geratzeko. Iragarpena ez zen iritsi Bizkaiko kofradietara. Garaiko teknologiak ez zuen horretarako eman.

Zarauzko parrokian apaiz egondako Aita Orkolaga hernaniarrak txikitatik erakutsi zuen meteorologiarako bokazioa. 14 urterekin, 1878an, enbata izugarri batek Aste Santuko larunbatean 300 arrantzale hil zituen; orduan hartu zuen Orkolagak itsasgizonen bizitzak salbatzeko erabakia. Horretarako, aparatuak aztertzen eta asmatzen hasi zen, eguraldiaren aurreikuspenari buruzko sinesmen zaharrak alde batera utzita. 1900. urtean, denak harritu zituen denborale bat iragarriz eta portuetara abisatuz; ekaitza iritsi zen, baina arrantzaleak lehorrean ziren, abisua jasota.

Orioko barran bost gizon ito

Hilabete honetan (apirilak 22), 70 urte beteko dira Orioko barran Virgen Carmeli baporea hondoratu eta bost arrantzale oriotar itota hil zirela. Udaberriko egun tragiko hartan, olatuek arroken kontra bultzatu zuten Donostiatik zetorren baporea; ontzia iraulita, arrantzaleak uretara erori ziren; haietako lau urperatu eta bertan hil ziren. Eskifaiako beste bi arrantzale baporearen barruan geratu ziren, kilaz gora zegoen ontziaren barruan, han osatu zen aire poltsan babestuta. Bi gizonek laguntza eskatu zuten, eskuekin egurrezko kaskoa beren indar guztiekin jo eta jo.

Laguntzera joandako beste arrantzaleak berehala jabetu ziren larritasunaz. Kartzela beldurgarri hartatik askatu behar zituzten barrukoak. Hasieran ez zekiten nola. Ordurako, don Jose medikua eta don Sotero apaiza ere bertaratuak ziren barran, bizirik zirenen osasunaz eta hildakoen arimez arduratzera. Ontzi barruko kartzelan zirenek Ama Birjinari eskatu zioten laguntza, Arantzazura oinutsik joango ziren egoera izugarri hartatik onik ateraz gero. Arrantzale indartsu batek aizkoraz zuloa egin zuen egurrean; iraulita zegoen ontzian irekitako zulotik airea sartu zenean, baporea hondora joan zen. Bi gizonetatik bakarra atera zen bizirik. Itsas istripuan bost arrantzalek galdu zuten bizia: Andres eta Inazio Iraola anaiek, Jose Ramon Olidenek, Agustin Agirrek eta Teodoro Ganuzak.

Tragediatik 50 urtera, orain 20 urte (2002-04-22), baporea hondoratu zen tokiaren aurrean Orioko agintariak eta hildakoen senideak elkartu ziren: Mirari Arruabarrena alkatea, Andres Garmendia apaiza, Manuel Lasarte bertsolaria, KARKARAko kazetaria eta hildakoen familiarrak. Alkateak hartu zuen hitza: "Gaur 50 urte Virgen Carmeli baporea Orioko barran hondoratu eta…". Han zen batek hitza moztu zion: "Ez, baporea ez zen hondoratu, irauli egin zen".

Istripuaren egunean patroi zihoana zen. Alkateak aldatu egin behar izan zuen hitza, gizonari ekarpena onartuta. Irauli egin zen baporea, bai, ez zen berehala hondoratu. Gero, Manuel Lasartek bertsoak kantatu zituen gertatutakoaren oroigarri. Momentuko tentsioak urduritu egin zuen, ez zituen hitzak berak nahi bezala josi. Ekitaldia bukatzeko, plaka bat zabaldu zen, Fabian Loidi Igeldoko apaiz olerkari oriotarraren bertsoa dakarrena: 

"Oriotarren kezka minena da barra, itsasorako duten ur-bide bakarra, ogi billa joateko igaro bearra, eriotza dutela zelatari zaarra". 

Bertsoarekin batera, bost marinel haien izenak daude, eta XX. mendean eremu hartan hildako gainerako hemezortzienak; denera, 23.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!