PAPEREKOA

'Nire eguneroko bidaia' Kostako ferrokarrilean

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2022ko uzt. 23a, 13:36
Kostako ferrokarrila, ordubete lehenago Donostiako Amarako estaziotik abiatutako egurrezko trena, baporezko makinaren indarrez, triki-traka, Aya-Orio geltokira iristen.

Uztaileko KARKARA aldizkariko Oroimenaren Kutxa atalean, Iñaki Iturainek Kostako ferrokarrila izan zuen hizpide, Jose Artetxe azpeitiarraren Nire eguneroko bidaia liburuko pasarteetan barrena.

"1895eko apirilaren 8an ailegatu zen trena lehen aldiz Aia-Orioko geltokira. Egun hartan, Donostiatik Zarautzaino joan zen, 63 minutuan. Lasarten, Aginagan eta Orion geratu zen. Geltoki guztietan festa handia ospatu zen: jendea zain, itxaferuak eta musika. Donostia-Bilbao trenbidea bost urte geroago osatu zen". Horixe dio Orio, historia argazkitan liburuak (17. orrialdean).

Geroztik, orain arteko 127 urteko ibilbidean, gauza asko gertatu dira Orio eta Donostia lotzen dituen ferrokarrilean. Trenaren ohiko matxurez aparte, trenbidea bitan geratu da etenda: 1936ko irailean, dinamitero asturiarrek trenbidearen Altxerriko zubiaren parte bat bota zuten, faxisten aurrerabidea gelditzeko. Handik 25 urtera, 1961eko uztailaren 18an, ETA orduan sortu berriak saboteatu egin zuen trenbidea lehergailu txiki batekin, ordu gutxitara handik pasatzekoa zelako gerran Francoren alde borrokatu ziren soldaduak Donostiara zeramatzan trena, hiriburuan faxisten estatu-kolpearen 25. urteurrena ospatzera.

Azken bi urteotan, trenean sartu aurretik, nasan bozgorailuko ahots mekaniko batek ohartarazten digu ahoa eta sudurra estalita izan behar ditugula, eta bidaia isilik eta ahal dela bakarrik eserita egiteko. Pandemiarik gabe ere, aspaldi honetan bidaiari asko isil-isilik joan ohi da, bere baitan bildua, kableak belarrietan, segapotoari begira…

Garai batean, gauzak oso bestela ziren trenean. Horixe azaltzen digu Jose Artetxe azpeitiarraren Mi viaje diario liburuak (1950). Gauzak ederki aldatu dira Artetxek egunero trenez Zarauztik Donostiara joan-etorria egiten zuen garaitik. Bai horixe! Azken urteotan erosotasuna, maiztasuna eta puntualitatea irabazi ditu gure trenak, baina bizitasuna eta xarma galdu ditu.

Iazko irailaren 16ko Berria-n Elixabete Garmendiak hauxe zioen: "Artetxeren liburuetan bat daukat bereziki kuttuna: Mi viaje diario, 1939-1945 artean Zarauztik Donostiara kostako trenean egunero egiten zuen bidaian oinarritua. Oria ibaiaren bakarrizketarekin hasten da kontakizuna, eta hortik aurrera garaiko gizartearen argazki-albuma osatzen du idazleak, trenean topatzen duen jende xumea erretratatuz". Gazteentzat ez litzateke txarra izango, tarteka mobila alde batera utzita, Artetxerena irakurriz joango balira.

Artetxe Gipuzkoako Diputazioko liburutegiaren arduraduna zen. Huraxe zuen lana, eta Zarauzko etxetik joaten zen egunero Donostiara. Gerra bukatu berritan, frankismoko lehenengo urteetako giro itxi eta gogor hartan, trenean gertatzen ziren pasadizo bitxiak azaldu zituen liburuan. Bera ez zen batere aspertzen eguneroko joan-etorrian. Liburuko pasarte gutxi batzuk aukeratu ditugu, treneko orduko giroa azaltzeko.

Orain 77 urteko Kostako ferrokarrila

Estazioko jefeak txistua jota, abiatu da trena Amaratik. Diru gutxiko garaiak ziren. Amarako geltokian, trena abiatu aurretik, 19 urteko mutiko bat egunkariak saltzen ibiltzen zen nasan, eta bagoietan sartuta, oihuka: "Unidad, Mundo, Dígame, Primer Plano, El ruedo, Marca…!". Jendeak kirol egunkaria eskatzen zion, begirada azkar bat emanda igandeko partidua noiz zen jakiteko.

Bagoiak egurrezkoak ziren, baita eserlekuak ere, eta bereiziak: primerakoak (garestiago, aberatsentzat), segundakoak… (orduko hiletak bezala). Iristeko behar zuten denborak berdintzen zituen bidaiari aberats eta pobreak: Zarauztik Donostiara, ordubete. Oriotik Donostiara bi joanaldi zeuden: goizekoa eta arratsaldekoa.

Usurbil ia ordu erdira zegoen Amaratik, baina Usurbilgo neskek ez zuten denbora hori galtzeko: puntua egiten joaten ziren, trikotatzen. Neskak Mariaren Alabak ziren (Eliza katolikoko kongregazioa) eta antzerki lanak egiten zituzten; Artetxeri antzerkirako testuak eskatzen zizkioten, igandean emateko. Emanaldiaren biharamunean poz-pozik etortzen zitzaizkion, bezperako giroa kontatzera, xehetasun guztiekin, zenbat barre egin zuten eta zer ondo pasatu zuten aktore lana egiten.

Bazen orduan ofizio bat, aspalditxo galdu zena: rekadistena; herriko jendearentzat Donostiako dendetan enkarguak eta erosketak egitea zen haien lana. Trena erabiltzen zuten beren lanerako. Garai hartan herri guztietan zeuden rekadistak; inguruko herrietatik Donostiara goizean goiz joan eta gehienetan azken trenean itzultzen ziren, egun osoa enkargutan eman ondoren. Ogi txuria ekartzea ere ia kontrabandoa zen garai hartan; rekadistek ahapeka hitz egiten zuten beren artean Donostian erositakoaz, espioiak balira bezala. Nahi eta ezineko garaiak ziren, kontuz ibiltzekoak. Rekadistak orduan ia denak gizonezkoak ziren. Oriokoa ez, hura emakumea: Balbina Txiki.

Baporea Donostiako moilan utzita

Orioko arrantzaleak, baporea Donostiako moilan uzten zutenean, trenez etortzen ziren etxera. Artetxek liburuan gomendatzen zuen haien ondoan ez esertzeko. Sartu eta lehenengo gauza leihoa irekitzen zuten, baita elurra ari bazuen ere. Orduan, orain ez bezala, treneko leihoak zabaldu egiten baitziren.

Behin sekulako zaparrada ari zuen kanpoan; baina ia kanpokoa bezain handia tren barruan ere. Ura sartzen zen toki guztietatik: leiho hautsiak, zirrikituak, itoginak… Halako batean, batek aterkia zabaldu zuen, babesteko. Artetxek ere babesa bilatu zuen aterpe hartan. Inor ez zen harritu.

Beste behin, dena elurtuta zegoen, zuri; hotz izugarria. Orion, neska esnezale gazte bat sartu zen. Sartzeko momentuan txori bat jarri zitzaion esku gainean, eta biak batera sartu ziren. Neskak txoritxoa askatu zuen barruan eta hura, pixka bat epelduta, hegan abiatu zen bagoiaren barruan. Amararaino.

Getariako Ezekiel arrantzaleak behin kontatu zion Artetxeri aurreko urteko gau batean lau seme eta lehengusu bat galdu zituela itsasoan; eta aurreko astean, hildakoen senideen alde egindako diru bilketan jasotakoarekin uretako beste motor-ontzi bat erosi zuela.

24 urtean 12 seme-alaba

Egun batean emakume bat sartu zen, besoetan haur bat zuela. "Amona biloba txikiarekin" pentsatu zuen Artetxek; baina handik gutxira, emakumeak alboetara begiratu eta, lasai sentitu zenean, bularra atera arropa azpitik eta haurrari titia ematen hasi zitzaion. "Baina zenbat dituzu zuk?" ausartu zitzaion bidaiari bat. Eta emakumeak: "Hamabi; zaharrenak 24 urte ditu, nik 49, hau da txikiena". Eta hori esatearekin batera, musu eman zion kopetan haur txikiari.

Bazen txori-zale amorratu bat ere. Hura aldamenean egokitzen zitzaion bakoitzean beste konturik ez zen izaten: txoriak eta txoriak. Behin erronka ere egin zion: bera gela batean sartu, zortzi kardantxilo kaiola banatan zeudela, eta baietz ezagutu haietako bakoitza nongoa zen, haien kantua entzunda, "hau Zumaiakoa, hori Getarikoa, hura Mendibeltzekoa, bestea Santa Barbarakoa…" Bakoitzak bere azentua omen zeukan eta berak antzeman. Beraz, txoriak eta txoriburuak, denetik.

Aginaga aldeko paisaia bukolikoa

Horraino azpeitiarraren liburuko pasarteak. Bukatu da orduko bidaia. Treneko giro hura galduta dago, baina Orio eta Usurbil bitarteko kanpoko paisaia naturala geratzen zaigu. Bidaiak eskaintzen digun ikuskizuna gaur egun ere paregabea da. 2018an pantailaratu zen Koldo Almandozen Oreina pelikulak ederki erakusten du hori: Aginaga aldeko Oria ibarraren paisaia zoragarria. Goizaldean, askotan, lainoak ezkutatzen digu errioa. Horrelakoetan, Mikel Laboaren abestia kantatu behar da, isilean: "Zer ezkutatzen duen ez didanean ikusten uzten, orduan hasten bainaiz ezkutukoa, nire baitan pizten diren bazter miresgarriak, ikusten".

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!