Orio eta Igeldoren arteko mugaldea

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2023ko mar. 26a, 13:30
Orexako Pedro Saizar Zabala, Katxiña, Andu eta Euskitza baserrietan morroi ibili eta gero, Lusarbeko Maria Makazaga Gozategirekin ezkondu zen. Han 8 seme-alaba izan zituzten: Koro, Asentxio, Jose Ignazio, Jesus, Arantxa, Maria Pil

Iñaki Iturainek martxoko Karkara aldizkariko Oroimenaren Kutxa atalean, Orio eta Igeldo arteko mugak biltzen dituen kontuez idatzi zuen. Orain irakurgai da sarean.

Marta Trutxueloren Orio historian zehar liburutik: "Donostiako muga kostaldeko itsaslabarrean hasten da, Gaztainarroka eta Berdain artean. Lusarbe baserritik jarraituz, Tontortxiki mendi gainean bukatzen da".

Donostia da Oriorekin muga egiten duen udalerria, bai; baina herri mugakidea Igeldo da. Herria baita Igeldo. Hango herritar gehienek sentimendu hori dute, igeldoarrak dira. Ahalegin politikoa ere egin zuten 2013an: galdeketa, Donostiatik bereizi eta udalerri independente bihurtzeko, eta herritarren % 62k alde bozkatu zuten. Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu egin zuen erabakia, eta Igeldo Gipuzkoako 89. udalerria izendatu zuen. Gero, epaitegiek atzera bota zuten neurria, legez kontrakoa omen zelako. Guk, behinik behin, ez diegu ukatuko herritartasuna, ez aginarrei, ez igeldoarrei.

Tontortxikitik itsasoraino luzatzen da Oriok Igeldorekin duen mugaldea. Inguru horretako baserritarrek —Muniota, Benta eta Lusarbekoek, bereziki— lotura handia izan dute beti Igeldorekin, geldigarrirekin. Igeldora askotan hurbildu izan dira: auzolanean, festa giroan, elizara…

Oriotarrak Igeldora

Orioko gaztetxo asko, Igeldora gurasorik gabe aurreneko aldiz, iraileko aurreneko igandean joan ohi dira, Donostiako lehenengo estropadaren egunean. Lagunekin, kuadrillan egin ohi den irteera hori iniziatikoa da. Oinez abiatu, Andu eta Benta pasatuta Orio atzean utzi, Igeldoko herria zeharkatu, Monte Igeldo parkera iritsi, estropada handik ikusi, Montaña Rusan ibili, funikularrean Ondarretara jaitsi, Alde Zaharrera jo, eta…

Ez dira asko Monte Igeldo bezalako parkea Oriok bezain gertu duten herriak. Igeldokoa 1912an sortu zen. Abuztuaren 25ean funikularra inauguratu zuten; handik gutxira, ostatua eta kasinoa zabaldu zituzten. Jokoa debekatu zenean, kasinoa itxi eta 1925ean dantzaleku dotorea jarri zuten. 1926an, Suitzar Mendia izeneko atrakzioa; gero, Ibai Misteriotsua, urmaela, karrusela, labirintoa… 1940ko hamarkadan dantzalekua itxi eta zinema aretoa ireki zuten. Eta 1967an, hotela eraiki, aurretik kasinoa eta ostatua egondako lekuan.

Gerra garaian, 1938an, hartza ekarri zuten Igeldora, Ursula: soldaduek Asturiasen topatutako bi hilabeteko hartza-kumea. Jira eta bira egiten zuen kaiola batean jarri zuten, eta oso ezaguna egin zen Donostiako jendartean. Hogei urte baino gehiago egin zituen han. 1959an Bartzelonako Zoora eraman zuten, animaliak babesteko elkartearen ekimenez, bizimodu hobea izango zuelakoan. Handik gutxira hil zen Ursula. Tximinoak ere izan zituzten parkean, jendea erakartzeko.

Fabian Loidi apaiz bertsolaria

Izan zen pertsona bat Orioren eta Igeldoren arteko harreman estua inork baino hobeto landu zuena: Fabian Loidi apaiza. Añorgan jaioa, guraso oriotarrak zituen, eta Igeldoko apaiza izan zen urte askoan.

Kukuarriko tontorrean dagoen gurutzea, 1949an inauguratu zena, Cementos Rezolako debaldeko porlanarekin egin zen, Loidiren bitartekaritzari esker. Gurutzea jarri zenetik maiatzeko azken igandean ospatu den Kukuarri Egunean, meza Fabianek ematen zuen. Urte askoan etorri zen igandero bere motoan Igeldotik Lusarbe baserrira, meza ematera.

Baserrian ermita antzeko eraikin bat dago. Han ematen zuen meza igandero, hogei bat urtez. Inguruko baserrietako jende asko bertaratzen zen, aparte samarreko batzuk ere bai.

Lusarbeko Mariak salda prestatzen zien eliztarrei, igandero, eltze handi batean. Baserriaren goiko bidearen aldameneko eremuan (gaur egungo parkean) ermita bat eraikitzeko proiektua ere izan zen, azkenean gauzatu ez zena.

Inguruko haurrentzako eskola hasiera batean Bentan egon zen. Geroago, Lusarbera pasatu zen, baserriaren zati bat eskolari emanda. Zestoako Anttoni andereñoa zen irakaslea, bertan bizi zen eta bera arduratzen zen inguruko baserrietako haurrei eskola emateaz. Ez zuen irakasle-titulurik, eta batez ere txikiekin aritzen zen. Haurrak, koskortzean, Aizperrora joaten ziren, eta han lortzen zuten titulua. Anttoni 20 bat urtez aritu zen lan horretan.

Orioko Benta

Garai batean Bentara eta inguruko baserrietara iristeko ez zen kamiorik, gurdibide moduko bat besterik ez. Gerra amaitu ostean zabaldu eta egokitu zituzten hango bideak. Gerraostean, Mendizorrotzetik Orioko mugarainoko errepidea egiteko, Donostiatik ekartzen zuten jendea lanera, kalean topatzen zituzten gazteak hartuta.

Gaur egun, berriz, autoentzako errepideaz gain, Santiagora oinez doazen erromesentzako bide bat dago Igeldotik Oriora. Haietako askok Aldape baserriko Rosa Arruti zendu berriaren aterpean lo egin ohi zuten, Goiko Kaletik barrena Oriora jaitsi aurretik.

Benta suak hartu zuen bi aldiz, haur baten pospoloak eta tximistak ekarrita. Heriok etxeko bi anai eraman zituen, gazte asko, istripu banatan, irristatu eta itsasora erorita: 1947an, Emilio; eta 1953an, Antonio San Sebastian. Gurutze bana dago mugalde horretan, haien oroigarri, bata Igeldora doan kamio ertzean, eta bestea Gaztainarroka aldean, Botton arraldean. "Bentara noa, Bentatik nator, Bentan da nire gogoa…" kantatzen zuen Mikel Laboak. Badute bai zer gogoan izan Bentan bizi izan zirenek baserriaren historiatik.

Hasiera batean baserria besterik ez zen Benta, gero taberna-jatetxe txiki bat ireki zuten. 2018. urte inguruan taberna itxi eta, geroago, saldu egin zieten komunitate bateko kideei. Haiek, obra egin ondoren, zabaldu egin dute ostera jatetxea, guztiz eraberrituta, The Yellow Deli izenarekin.

Gaztainarroka

Muniota, Benta eta Lusarbe baserrietakoek joera handia izan dute denbora librean arroketara jaisteko. Olagarroa, lanpernak, lapak…; itsasoak aberastasun handia eskaintzen die itsasotik horren gertu bizi direnei. Baina arroketako arrantzak arrisku handiak ditu berekin, mareak eta olatuek ustekabe latzak ekarri izan dizkie arrantzaleei; azkenetakoa 2022an bertan gertatu zitzaion Jesus Lizasori, Agiti baserri inguruko arroketan, susto izugarria hartu zuen, ia bertan geratu zen betiko.

Gaztainarrokan bada bertso bat, txoko hura gehien maite zuenetako bati jarria, 2021eko maiatzaren 3an, Jose Mari Iribarri, Altuna baserriko olagarro-zale amorratuari. Honela dio: "Kukuarriren altzoan eta itsasoaren ertzean/ babes bihurtzen Gaztainarroka, ilargiak agintzean/ arroka lakar, kakoa lagun, zure ametsen etxean/ ikasi dugu maitatzen lurra, bere fruituak biltzean/ zure ikaspenak beude gurekin, hemen gauden bakoitzean". Jose Marik utzi gintuenetik zailago dago txoko hartara iristea, sasiak bidea hartuta.

Gaztainarroka arroka-leku kutunetako bat da arrantzarako. Leku berezia, hondartza modukoa, baina han ez dago hondarrik, dena da arroka. Mollarritik barkuetan Andazarrateko burdin-mea Ingalaterra aldera eramateko itsasoratzen zuten bezala, Gaztainarrokan harria itsasoratzen zuten, itsasoz Donostiara eraman eta han eraikinak altxatzen erabiltzeko, Igeldoko harria izenez ezaguna dena.

Handik oso gertu dago Oriok Igeldorekin egiten duen muga. Mugalde horri buruz kontu interesgarri askoak azaldu zizkigun Lusarbeko Pello Joxe Saizarrek. "Gaztainarroka izena askok uste du gaztainatik datorrela, baina ez da hola, han ez dago gaztainarik; hor dagoena da gazta-in, bai, inguruko baserritarrek belarra ebakitzen zutenean, belar ona baserrira eramaten zuten ganadutarako, baina Gaztainarroka garbitu eta han gelditzen zen belarra aprobetxatzeko, ardiak eta ahuntzak botatzen zituzten, belar hura jan zezaten. Ardi haiek gero gazta iteko balio zuten, hori geratzen da agerian hitz horretan".

"Gaztainarroka inguru horretan kontrabandoa izan da asko, angularena. Frantziatik ekartzen zuten, eta han lehorreratu, gero bidea libre izateko. Lusarbeko emakumeak guardiekin hizketan aritzen ziren, haiek despistatzen, eta, bitartean, fardoetan igotzen zuten angula goiko bidera".

Horiek dira Orio eta Igeldoren arteko mugaldeak eman dizkigun istorioak. Aurtengo uztailaren 3an Frantziako Tourra pasatuko da handik: Txankatik Bentara igo eta Igeldo aldera joko du. Abenduan asfaltatu zuten bidea, txukun-txukun. Hogeita hamar urte izango dira azkenekoz egin zutenetik, txirrindulari profesionalak handik igaro ziren azken lasterketatik. Pena da ziklisten proba bost urtean behin ez pasatzea!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!