Euskal rockaren sorrera

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2023ko eka. 5a, 11:30
Leok’k taldearen emanaldia Orioko Kultur Etxean. (Iñaki Iturain)

Urola Kostako Leok’k taldeak 50 urteko bete zituen 2021ean, eta iaz Bizirik hala ere diskoa kaleratu zuen. Euskal rockaren talde historikoetako bat da, eta pasa den ostiralean kontzertu berezia eskaini zuten Orion. Iñaki Iturainek emanaldi horren inguruko kronika bidali du Karkarara.

Pasa den ostiralean, ekainak 2, musika-saio berezia izan zen Orioko kultur etxean. Zestoako Leok´k talde rockeroak kontzertu ederra eman zuen. Bazuten zer ospatua: orain 55 urte eman zuten beren lehenengo kontzertua. Beren herrian izan zen, Zestoan, Benito Lertxundirekin konpartitu zuten jaialdian.

Hirurogei urtetik gorako sei musikari gaztez osatutako taldeak eskarmentu handia erakutsi zuen oholtzaren gainean, eta ilusio eta musika-indar harrigarria. Txomin Arruti aurkezleak adierazi zuen rockaren mundua ez zela musika estilo hutsa, bizitzeko jarrera berri eta harroa baizik, gizarte polizial eta zurrun batean ihesbide bat asmatzen saiatu zena, errepresioari eta beldurrari aurre eginez.

Emanaldian izan zen besterik ere. Oroimen ekitaldi hunkigarria izan zen. Gogora ekarri zituzten 60ko eta 70eko hamarraldietan eskualdean sortutako rock taldeak, Azpeititik Oriora; besteak beste, Zarauzko Sombras Azules eta Los Montis eta Orioko Haika.

Era honetako hirugarren emanaldia zuten Oriokoa. Aurretik izanak ziren Zarautzen eta Zumaian. Orion zirenez, banan-banan aipatu zituzten Haika taldearen sorrerako kideak: Juanjo Iparragirre, Txema Moran, Javi Rodrigo oriotarrak eta Josu Izeta eta Txeles zarauztarrak, baita oparitxo bana eman ere bertaratu ziren taldeko kideei eta zendutako Juanjo Iparra-ren arreba Mari Joseri ere.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!