Ekainaren 8ko Durango-Iruñea giza-katean parte hartzeko deia egiten du Orioko antolatzaile-taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Jabier Zabaleta 2014ko mai. 31a, 12:23
Gure Esku Dago ekimenak antolatuta, giza-kate erraldoia egingo da ekainaren 8an Durango eta Iruñea artean eta horren antolaketan laguntzen dabilen Orioko taldeak dei egiten die oriotarrei parte hartzeko.

Oriotarrei giza-katearen 43. kilometroa osatzea egokitu zaie, zarauztarrekin eta aiarrekin batera. Urretxu inguruan dago hori eta, hara joateko, autobusak izango dira (nahi duenak, hala ere, bere ibilgailuan egin dezake joan-etorria). Dagoeneko 130 oriotar inguru dago izena emanda.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimen honetan parte hartu nahi dutenek ibilbidearen metro bat erosi behar dute (5€) eta aldez aurretik eman behar dute izena, fitxa bat beteta.

Izen-ematea

Izena emateko biderik errazena Orioko antolaketa-taldeko Rosi Lazkanori deitzea da (671 070 569); baina internetez ere egin daiteke Gure Esku Dago ekimenaren webgunean:

Gure Esku Dago webgunea

Gogoan hartu beharreko hainbat kontu

  • Orioko autobusak 09:00etan abiatuko dira, ekainaren 8an, autobus geltokitik.
  • Autobusak 10:00ak aldera iritsiko dira Urretxura eta han antolatuko da jendea. Oriotarrei giza-katearen 43. kilometroa egokitu zaie. Zarauztarrak eta aiarrak ere kilometro horretan juntatuko dira
  • Giza-katea 12:00etatik 12:30era bitartean egingo da eta festa-giroko ekitaldia izango da.
  • Autobusaren prezioa 10 eurokoa da, pertsonako; baina oriotarrek horren erdia bakarrik ordainduko dute, beste erdia Orioko Udalak ordainduko duelako. Autobusaren dirua egunean bertan ordaindu behar da, abiatzerakoan; baina autobusa erabiltzeko asmoa dutenek aldez aurretik jakinarazi behar diote Rosi Lazkanori (671 070 569), aurrez jakin ahal izateko zenbat autobus beharko diren.
  • Ekitaldia eta gero, egun osoko festa antolatu dute Lazkaon eta hala nahi dutenek aukera izango dute han geratzeko. Autobusean bueltatzeko, bi aukera izango dira: 13:00etan, etxean bazkaritarako egon nahi dutenentzat, eta 19:00etan, Lazkaoko  festan geratu nahi dutenentzat.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!