Euskara Orion. Non egon nahi dugu 10 urte barru?

Erabiltzailearen aurpegia Jabier Zabaleta 2021ko abu. 12a, 11:00

Uztaileko KARKARA aldizkarian plazaratutako artikulua, 'Euskara' atalean.

Udazkenean gogoeta-prozesu zabal bat abiatuko dugu Orion, izenburuko galderari erantzuteko: "Non egon nahi dugu, euskararen egoerari dagokionez, hemendik 10 urtera?". Idatzi honen bidez, gogoeta horren berri eman eta parte hartzeko gonbita egin nahi dizuet gaiarekin interesa duzuen guztiei.

Aldian behin, komeni izaten da gelditu, inguruari erreparatu eta haizearen indarrari tamaina hartzea, txalupa nora bideratu erabakitzeko, etapa honetan zein portura iritsi nahi dugun zehazteko. Seneka filosofo estoiko kordobarrak esana da, orain dela bi mila urte: «Aldeko haizerik ez da nora joan ez dakienarentzat». 

Azken urteotan, adituak esan eta esan ari dira aldaketa garaia bizi duela euskararen aldeko mugimenduak eta, aurrera egiten jarraitzeko, estrategia berriak behar ditugula. Kike Amonarriz soziolinguista ezagunak «Euskararen bidegurutzetik» liburua idatzi zuen 2019an, eta han hau esaten zuen, besteak beste: "Euskararen panorama guztiz aldatu da urte gutxitan, munduan zehar hizkuntzen egoera aldatzen ari delako, teknologia berriek inork uste ez zituen errealitateak ekarri dituelako, eta belaunaldi berriek bestelako pentsaera eta izaera dakartelako. Horren aurrean, euskararen biziberritzea bilatzen dugunok pentsatu beharra daukagu nondik jo, nola ekin, orain arteko bideak eman beharrekoa eman duelakoan".

Orion ere badaude zantzuak pentsatzeko ziklo baten bukaeran eta beste baten hasieran gaudela:  asko aurreratu dugu alor batzuetan, baina ez gara iritsi amesten genuen herri euskalduna eraikitzera. Orain, Jon Sarasuaren terminotan esateko, "ametsak doitu" egin beharko ditugu; ez, inolaz ere, etsiak hartuta bertan goxo egiteko, baizik-eta aurreratzen segitzeko eta erronka berriei bestelako tresna eta jokamoldeez erantzuteko.

Aurrerantzean gauzak beste modu batera egin beharko ditugula esaten ari bagara, planteatzen dugun gogoeta-prozesuak ere desberdina izan beharko du. Iaz Orio OINHERRI Herri Hezitzaileen sarean sartu zen eta, sartzearekin bat, mugimendu horrek proposatzen dituen oinarrizko printzipioak aplikatzeko konpromisoa hartu zuen: besteak beste, herritarren parte-hartzea sustatzea eta komunitate-sarea eta auzolana indartzea. Printzipio horien arabera egin nahi dugu udazkeneko gogoetaldia: prozesu parte-hartzaile zabala egin nahi dugu eta ahalik eta sektore gehienen inplikazioa lortu: dendariak, tabernariak, kirol-taldeak, zerbitzu-enpresak, kultur elkarteak, etorkinen elkarteak, ikastetxeak… Guztiei galdera bikoitza planteatuko diegu:

  • Nolako Orio nahi zenuke, 10 urte barru, euskarari dagokionez?
  • Zer egingo duzu zuk, zure alorrean, 10 urte barrurako nahi duzun egoera horretara iristeko?

Gogoeta zabal horretan parte hartzeko deia egin nahi dizuet guztioi. Herritarren nahia da lehenbiziko baldintza edozein aldaketa bideratzeko eta, oriotarrek nahi badute, herri hau euskalduna izango da etorkizunean ere, orain arte bezala. Guztiona da horren ardura.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!