Ez da hain zaila

Erabiltzailearen aurpegia Miriam Garcia 2017ko urr. 5a, 11:13

Izan dira uda honetan pare bat gertakari nire atentzioa eman dutenak eta sare sozialetan oihartzuna izan dutenak. Urrunetik hasita, Herbehereetan Architects taldeko abeslariak kontzertua geratu zuen abuztuan, ikusleen artean gizonezko batek emakume bati egindako erasoagatik. Ez da zure gorputza! oihukatu zion Sam Carterrek erasotzaileari.

Egun batzuen bueltan Nafarroako herri bateko –ez dut gogoan non zen zehazki– txosnagunean festa eten zuten bat batean. Jendearen artean erasotzaile bat zegoela eta hura joan arte festak ez zuela jarraituko esan zuten oholtza gainera igo zirenek. Denen artean erasotzailea bota zuten.

Uste duguna baino ohikoagoak dira alkohola eta jendetza aprobetxatzen duten gizonak emakumeak beren borondatearen kontra ukitzeko. Zoritxarrez, ez da batere ohikoa horrelako egoeraren bat ikusten duenak publikoki salatzea.

Badirudi erasoa bera identifikatzea ere kosta egiten dela askotan. Ez da hain zaila! Etengabeko begirada lizunak erasoak dira, baita ezezkoa jasota neketsua izatea ere. Baimenik gabe norbait ukitzea ere erasoa dela ez dago esan beharrik.

Guztion betebeharra da eraso horien aurrean zerbait egitea, salatzea, eta erasotzaileari aurre egitea. Ezer egiten ez badugu konplize izango gara.

Asko dago ikasteko, hausnartzeko eta iraultzeko. Horregatik da hain garrantzitsua goian aipatutakoak bezalako erantzunak ematea eta, batez ere, zabaltzea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!