Oriako Itsasadarra eta Motondo (I)

Erabiltzailearen aurpegia orainorio 2015ko api. 8a, 10:18
Badakigu iragan hurbilean, azken hamarkadan, zer gertatu den gutxi gorabehera Motondon. Une egokia izan daiteke ditugun informazioak eta proiektuak mahai gainean jartzeko eta denon artean lur sail horretarako zer nahi dugun erabakitzeko.

“Motondo itxitura” deitzen den lur eremuaren historia labur bat eginez esan daiteke ibaiari irabazitako lurrak direla eta nekazal ustiapenetan erabiliak XX. mendean. Azken 40 urtetan aipatu erabilera gutxinaka galtzen joan da.

Natura 2000 Sarea europar sare ekologiko bat da eta Batasuneko estatu guztientzako Europako Batzordearen naturaren kontserbazio politikan oinarritzen da. Bere helburua, kontserbazio egoera mesedegarri batean, habitat natural moten eta dagokien espezieen habitatak euren hedapen naturaleko eremuan, mantenua edo berrezarpena bermatzea da.

“Oriako Itsasadarra” gunea Natura 2000 Sarea europarrean onartua dago. 189,48 hektarea-1.894.800 m² azalera hartzen du eta hiru udalerrietan banatuta dago (Aia-%10,9; Orio-%41,8; Usurbil-%47,3). Motondo “Oriako Itsasadarra” gunearen zati bat da.

“Oriako Itsasadarra” babesteko neurriak onartzeko luze jo dute denboran:

  • 1992an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak Oriako ibaiari buruzko lana egin zuen eta Motondo berreskuratzeko beharra adierazi.
  • 2003ko maiatzean Eusko Jaurlaritzak GKL-Garrantzi Komunitarioko Leku (gazteleraz LIC-Lugar de Interes Comunitario eta ingelesez SCI-Site of Community Importance) bezala izendatzea proposatzen du.
  • Eusko Jaurlaritzak 2004ko uztailaren 27an 160/2004 Dekretuarekin EAEko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Plana Behin Betiko onartzen du.
  • 2004ko abenduan GKL-Garrantzi Komunitarioko Leku izendapena egiaztatuta gelditzen da ES2120010 kodearekin.
  • 2005ean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak Motondo berreskuratzeko Plana egin zuen 160/2004 Dekretuan oinarrituta.
  • 2007ko martxoaren 20an Orioko Udalak Motondoko itxitua osatzen zuten lursail gehienak (7) erosi zituen 2.061.471,52 eurotan.
  • 2012ko urriaren 16an, Eusko Jaurlaritzako 215/2012 Dekretuaren bitartez, KBE-Kontserbazio Bereziko Eremu (gazteleraz ZEC-Zona de Especial Conservación eta ingelesez SAC-Special Areas of Conservation) bezala izendatua gelditzen da.

Jasotako izendapenetan oinarrituta Orioko Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2010eko uztailaren 30eko Aginduaren deialdira, garapen jasangarria sustatzen duten ekintzak diruz laguntzeko, “Oria ibaia lehengoratzea Motondoko ibai-zatian” egitasmoa aurkeztu eta 2010eko abenduaren 30ekoa Ebazpenaren bidez 254.491,53 euro lortu zuen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!