Orioko Udaletxeko Kontu-hartzaile lanpostua

Erabiltzailearen aurpegia orainorio 2017ko ots. 9a, 09:36

Orain talde politikoak 2012tik, era aktiboan edo iradokita eta zuzenean edo zeharka, Orioko Udaletxeko administrazio eraginkor baterako Kontu-hartzaile lanpostuaren beharra azaltzen ari da.

Ogasun eta Pertsonal batzordeetan beste bi talde politikoei behin eta berriro argudiatu eta eskatu ondoren, 2014ko maiatzaren 29an idatzi baten bitartez, era formalean eskatu genuen, testualki:

Kontu-hartzaile lanpostua sortzea. Jakinda Orioko udala kontu-hartzailea izateko egoera legalean dagoela, lanpostua sortzeko dagozkion tramiteak martxan jar dezala eskatzen da, udalaren egoera ekonomikoak uzten duenean bete ahal izateko.

Erantzuna sei hilabete pasa ondoren, abenduaren 22ko Ogasun eta Pertsonal batzordean, jaso genuen ahoz esaten erabaki politikoa dela eta talde politikoen esku dagoela lanpostua sortzea edo ez. Legealdia bukatzear zegoela eta azkenean 2015-2019 legealdirako utzi zen gaia.

Horrela, Orain taldeak 2015eko azaroaren 19an sarrera ofiziala eman zion eskaerari eta azken saioa 2016ko aurrekontuak onartzeko garaian gertatu zen. Aurrekontuak babesteko puntu hau jarri genuen mahai gainean: “Kontu-hartzaile lanpostua izateko, ofizialki eskatuta dugun bezala, hasi RPTan txertatuz”. Ez daukagu berririk.

Kontuan hartu behar da Kontu-hartzaile lanpostua sortzeak Lanpostu Zerrenda aldatzearekin (RPT), Orioko Udaletxeko pertsonal gastuarekin (oso altua) eta lanen arrazionalizazioarekin (lanpostuen funtzioak aztertzea) zerikusia daukala.

Hala eta guztiz Orain taldeak behar beharrezkoa ikusten du lanpostua sortzea. Udaletxeetako Idazkariak eta Kontu-hartzaileak hautatzeko prozesua naturaltasun osoz egiten da Gipuzkoan urtero. Azkena, 1.049/2016 Foru Agindua, 2016ko azaroaren 2an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean atera zen.

Herriaren biztanleriaren arabera hiru mailatan banatzen dira lanpostuak. Orio 2. mailako taldean dago eta aipatu Foru Aginduan Kontu-hartzailea hautatzeko talde horretan dauden herrien zerrenda hau da: Andoain / Aretxabaleta / Azkoitia / Beasain / Deba / Ibarra / Legazpi / Lezo / Oiartzun / Oñati / Ordizia / Pasaia / Urnieta / Urretxu / Villabona / Zumaia / Zumarraga.

Zergatik ez da agertzen Orio zerrendan? Noizko lanpostua sortzeko prozesuaren hasiera? Noiz izango dugu Kontu-hartzailea Orioko Udaletxean?

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!