2018an UKUEk zabor bilketa: lurrazpiko edukiontziak

Erabiltzailearen aurpegia orainorio 2017ko mar. 8a, 15:54
2018tik aurrera Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE aurrerantzean) kudeatuko du eskualdeko zabor bilketa zerbitzua eta horrek 2017an Elkarteko herrietan (Zarautz, Zumaia, Orio, Getaria, Aia) egokitzapenak egitea ekartzen du, besteak beste lurrazpiko edukiontziak mantentzea edo ez erabakitzea.

Lurrazpiko edukiontziek abantailak dituzte (estetikoagoak, higienikoagoak eta irisgarriagoak) eta desabantaila nagusia bat: 260.000 euro egokitzapenak eta urtero 30.000 euroko gainkostua.

Urtarrileko Karkarak Udalaren txokoa atalean “Lurrazpiko edukiontziak mantendu egin behar al dira?” gaia garatu zuen eta Orioko Udaletxean dauden lau talde politikoen iritziak plazaratu zituen. Orain taldeak, bere iritzia pixka bat gehiago azalduz, otsailaren 1ean Karkarako web orriko “Komunitatea” atalean idazkia argitaratu zuen.

Orion 23 irletan edo eremutan daude kokatuta 90 inguru edukiontzi. UKUEn lurrazpikoak zeuzkaten herriek (Zarautz, Getaria, Aia) kentzera zihoazen. Azkenean Zarautz birekin gelditu da.

Bi iritzi nagusi zeuden Orioko Udaletxean: bizpahiru kenduta beste guztiak mantendu edo gehienak kendu eta behar beharrezkoak zirenak utzi. Orain taldea bigarren aukeraren alde zegoen.

Otsailean Orioko Udaletxeko Obra eta Zerbitzuko batzorde baten gaia aztertu eta beste egun baten batzorde monografikoa egin zen gaia diktaminatzeko. Azkenean erdibidetik joaz hamaika lurrazpikoekin geratzea erabaki zen.

UKUEk martxoaren 3an izan du plegu teknikoak onartzeko bilera. Bi egun lehenago jaso genuen dokumentazioa eta lurrazpikoen ataleko zerrendan Oriok 23 eremu zituen, gaur egun dauden guztiak, eta Zarautzek 2.

Udaletxeko alde politikoan zein teknikoan zergatik ez den jarri erabakitako kopurua galdetuta erantzuna obrak direla eta akaso baten bat gehiago jarri beharko dela eta “talde politikoei informazioa pasatzea ahaztu zaigu” izan da.

Galderak hauek planteatuko ditugu hurrengo Obra eta Zerbitzuak batzordean: Zergatik urtearen hasierarako jakin behar zen bai ala bai lurrazpiko zenbat kendu? Zergatik eta zertarako egin genuen bi batzorde (azkena bi orduko monografikoa)? Zertarako balio dute diktamenak?

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!