Etxebizitzak alokatzeko eskaria Orion

Erabiltzailearen aurpegia orainorio 2018ko mar. 5a, 13:39
Otsailaren 21eko udalbatzarrean PSE talde politikoak astebete lehenago udaletxean sartu zuen “Alokairuzko etxebizitzak, gazteei lehentasuna emanez” mozioa bozkatu zen. Zazpi aldeko botoekin (Bildu, Orain, PSE) eta bost abstentzioekin (EAJ-PNV) onartua izan zen.

Lau puntu zituen mozioak, hurrenez hurren:

1.-Eusko Jaurlaritzari eskatzea babeseko etxebizitzak egitea Orion, alokairuzko erregime-nean eta gazteei lehentasuna emanez horiek eskuratzeko. Helburu hori lortzeko, udalak behar diren bilera eta gestioak egingo ditu 2018ko lehen seihilabetekoan.

2.-Eusko Jaurlaritzari doan lagatzea Muntoko udal partzela, bertan babeseko etxebizitzak egin ditzan alokairuzko erregimenean eta gazteei lehentasuna emanez horiek eskuratzeko.

3.-Orioko Udalak aurreko puntuan aipatzen den lagapena gauzatzeko behar diren txosten eta azterketak egingo ditu.

4.-Orioko Udalak behar diren gestio guztiak egingo ditu akordio hau gauzatzeko, eta erabaki honen berri emango dio Eusko Jaurlaritzari.
 

EAJ-PNV talde politikoak bere abstentzioaren arrazoietan nagusienetako bat oriotarren alokairuzko etxebizitzen beharra eta eskari zehatza ez jakitea izan zen.

 

Muntoko udal partzelan 48 etxebizitza izango direla estimatzen da, bost urtetarako kontratuak eta 200 euro inguruko alokairuarekin. Hilabete batzuk dira Azpeitia eta Zarautz herrietan hitzarmenak egin dituztela Eusko Jaurlaritzarekin, herrian erroldatutako gazteei lehentasuna emanez.

 

Horren harira, Orain taldeak Gipuzkoako Etxebizitza Lurralde Ordezkaritzari honako informazio hau eskatu dio: Zenbat oriotar dauden Etxebizitza sailean izena emanda alokairuzko etxebizitza Orion eskatzen.

 

Eusko Jaurlaritzatik erantzuna idatziz helarazi zaigu: 2018ko otsailaren 28an alokairuzko etxebizitza lortzeko 121 oriotar daude izena emanda.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!