Gazteen aisialdirako lokalen txostena (II)

Erabiltzailearen aurpegia
Gazteen aisialdirako lokalen txostena (II)
2018ko azaroaren 28an Kirola eta Gazteria batzordeko bilera dagoela deituta, eskertuko genuke jarraian agertzen diren galderak erantzutea

Orioko gazteen aisialdirako lokalak arautzeko Udal Ordenantza 2017ko uztailaren 19an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Bertan, urtebeteko epean, Udaletxean lokalen erregistro eguneratua egon behar dela jartzen du.

 

Orain talde politikoak, informazioa eskuratzeko, 2018ko abuztuaren 30eko sarrera data eta 1594 zenbakia duen idatzia bideratu zion alkateari “gazte lokalen erregistroaren berri eta egin zaien segimendua duen txostena jasotzea” eskatzen.

 

2018ko azaroaren 20an talde politikoei bidalitako mezuan Kirola eta Gazteria teknikariak azaltzen digu “Gazte lokalei buruz zalantzak daudela”, “martxan zeuden lokal guztiei araudia helarazi zitzaiela” eta “informazio konkretuagoa nahi badezute Ofizina Teknikotik pasa”.

 

Zalantzak izateko aurrena informazioa eduki behar da eta ez daukagu informaziorik. Lokal guztiei bidali zitzaiela araudia esaten duenean, ez dakigu Ordenantza atera baino lehenago zenbat ziren ezta gaur egun zenbat dauden erregistroan. Bestalde, ez daukagu zertan une honetan Bulego Teknikotik pasa behar, informazioa jaso eta zalantzaren bat dugunean joango gara bertara.

 

Ikusita ez dagoela asmorik txostena egiteko eta 2018ko azaroaren 28an Kirola eta Gazteria batzordeko bilera dagoela deituta, eskertuko genuke jarraian agertzen diren galderak erantzutea bai talde politikoek bai herritarrek duten informazio eskubidea bermatzeko.

 

Hona hemen oinarrizkoak iruditzen zaizkigunak:

-        Zenbat lokal zeuden Ordenantza argitaratu baino lehenago eta zenbat daude orain?

-        Auzotarren zenbat kexa jaso dira?

-        Zenbat metro karratu du lokal txikienak? Eta handienak?

-        Lokalek zein edukiera duten ezarri da? Bistan jarrita daukate?

-        Espedienteek seguruaren eta kontratuaren kopia dute?

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!