Irudietan: Giro ederra izan zen larunbatean Ikastolaren Egunean

Erabiltzailearen aurpegia Orioko Herri Ikastola 2019ko eka. 17a, 11:30

Larunbatean Ikastolaren Eguna ospatu zuen Orioko Herri Ikastolako komunitateak. 

Larunbatean, ekainaren 15ean, Ikastolaren Eguna ospatu zuten Orioko Herri Ikastolako kideek. 10:00etan hasita, DBHko ikasleek osatutako ttuntturroek herria esnatu zuten, eta ondoren, 11:30ean, ikasturte bukaerako jaialdiari hasiera eman zioten ttuntturroek, Karela kiroldegian. Ekitaldian Joanito Beristain eta Belen Arrieta irakasleei omenaldia egin zieten, ikasturte hau izango baitute azkena irakasle lanetan.

Une hunkigarriaren ostean, HH eta LHko ikasle-irakasleek prestatutako ikuskizun paregabeaz gozatzeko aukera izan zuten herritarrek. Historian zehar izandako gertakizunak antzeztu, musikatu eta dantzatu zituzten: Emakumezkoek lehen aldiz bozkatu zuten unea, Gernikako bonbardaketa, gizakia ilargira iritsi zen momentua, sua, lurra, iraultza, globalizazioa eta robotak, besteak beste. Amaitzeko DBH 4. mailako ikasleei agurra egin zitzaien eta beraiek eskertza modura dantza egin zuten, Xalto buru zutela.
 
Jaialdia amaitu ondoren, 14:00ak aldera Ikastolako batukada taldea atera zen ikastola ingurua alaitzera. 14:30ean eman zitzaion hasiera herri-bazkariari, eta giro ederrean 17:00ak aldean Iñaki Larrañagaren taldeak erromeria zoragarria eskaini zuen plazoletan. Ikasle, guraso eta irakasleak gustura aritu ziren dantzan arratsaldeko 19:30ak arte.
Egun zoragarria izan zen!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!