Hasi dira Mutiozabal ontziola sendotzeko lanak

Erabiltzailearen aurpegia
Mutiozabal ontziolaren zahar-berritze lanak hasi dituzte. (Orioko Udala)

Eraikinaren egoera oso txarra da gaur egun; baina, egingo diren lanen bitartez, egitura sendotu egingo da, teilatua berritu eta kanpoko paretak indartu.

Lanak nahi baino beranduago hasi dira, eraikinaren estalkian eta beste toki batzuetan amiantodun fibrozementua zegoelako eta amianto hori kendu egin behar izan delako lanean hasi aurretik. Amiantoa kentzeko lana legez ezarritako prozedura baten arabera egin behar da eta horrek luzatu egin ditu epeak.

Eraikinaren egoera oso txarra da gaur egun; baina, egingo diren lanen bitartez, egitura sendotu egingo da, teilatua berritu eta kanpoko paretak indartu. Horrela, bermatuta geratuko da eraikinaren iraupena, abailtzeko arrisku handia zeukan-eta. Lanak Murgil SL enpresak egingo ditu eta 6-8 aste iraungo dute. Obrak 105.000€ inguruko kostua izango du eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduko du (55.000€).

Udalak 2016an erosi zion eraikina Mutiozabal familiari, orduan ere Gipuzkoako For Aldundiaren laguntza jasota.

Mutiozabal ontziola

Mutiozabal ontziola Herriko Plazaren pare-parean dago, errioaren bestaldean. 1919an eraiki zen eta, gaur egun, Oriako itsasadarrean geratzen den ontziola bakarra da. Gipuzkoan ere dagoeneko ez da geratzen zutik mota honetako ontziolarik, eta horrek ematen dio balioa.

Mutiozabal familia tradizio handikoa da ontzigintzan. Mutiozabaldarrek, aurrez, Aginagan zuten ontziola, baina gero, 1919an, gaur egungo kokalekura aldatu zuten.

Garai hartan Antonio Mutiozabal ibili zen bertan lanean, eta gero Ostolaza familiaren eskuetara pasa zen. Haiek, 1945ean, Francisco Carrera Txankarekin eta Agustin Gozategirekin sozio egin ziren. Francisco Carrera hil zenean, haren seme Ramon Carrerak hartu zuen ontziolaren ardura eta, gutxi gorabehera, 2007ra arte eutsi zion jarduerari.

Nabe bakarreko eraikina da, 12 x 15 metrokoa. Guztira, 160 m2-ko azalera du. Harrizko fatxada dauka eta teilatuari zurezko egitura batek eusten dio.

Jesus Mari Peronak egindako ondoko planoan ikus daiteke Orioko errioan XVI. eta XX. mendeen artean egon diren ontziolen kokapena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!