Zaharrak berri

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Pardina 2022ko api. 21a, 13:00

Apirileko KARKARA aldizkarian plazaratutako artikulua, 'Moila bazterretik' atalean.

Pasatuko ziren, honezkero, hilabete batzuk. Etxera bidean, bi pertsona nituen aurrean. Hizketan ari ziren. Batxilergoko ikasleak zirela pentsatu nuen, eskolako kontuez ari baitziren. Halako batean, hau esan zion batak besteari: "Zer inporta zait niri Platonek garai hartan esan zuena?". Galdera oso interesgarria da. Horregatik, hura labur erantzuten saiatuko naiz.

Lehenik, esango nuke, oro har, ez zaizkigula Platonek K. a. IV. mendean esan zituenak asko axola. Ohituak gaude pentsatzera gaurko arazoak gaurko baliabideek soilik konpon ditzaketela. Horregatik, bitxia bada ere, uste dugu lehenaldiak ez digula ez dakigun ezer erakutsiko, eta horregatik egiten diogu muzin. Eta hori, noski, heziketaren aurka doa. Izan ere, beharrezkoa iruditzen zaigu gure adimena zabaltzea. Halaber, muga espazialak gainditzea ere ontzat ematen dugu: ezagutza iturritzat ditugu txangoak eta bidaiak. 

Aitzitik, denboran atzera egitea, orainaren mugak gainditzea, alferrikakotzat dugu. Kosta egiten zaigu ohartzea antzinaroan esperientzia berriak topa ditzakegula. Ideia horren aurka, esango nuke bi mila urtean giza espeziea ez dela asko garatu. Horregatik, Kristo aurretiko garaietatik hona bizimodua asko aldatu bada ere, uste dut antzeko atakak ditugula. Zalantzarik gabe, gaur egungo auziak ezberdinak dira antzinakoen aldean: ezin daitezke alderatu Peloponesoko gerra (K. a. 431-404) eta Ukrainako inbasioa. Dena dela, gobernarien lurraldetasuna berdintsua da orain eta duela bi mila urte. 

Halako loturez konturatzeko, baliagarriak izan daitezke adibide hauek: 1.- Sofoklesen (K. a. 496-406) Antigona obra. Antigonak bere anaia Polinizes lurperatzen du. Horrekin, Kreonte Tebasko erregearen esanari aurka egiten dio, eta horren ondorioak jasaten ditu. Tragedia honetan irudikatzen da tiraniaren eta giza eskubideen arteko talka, legea aitortzen ez duen emakume baten eskutik. 2.- Sokratesek (K. a. 470-399) erakutsi zuen elkarrizketaren bitartez ideiak kontrajartzea zela pentsamendua sustatzeko ariketarik onuragarriena. Oraindik ere, solasaldiak kultur ariketa garrantzitsuak dira. 3.- Aristoteles (K. a. 384-322) lehen zientzia gizona izan zen. Hari zor dizkiogu gaur egungo ezagutza arloetan ohikoak diren zenbait sailkapen. Esaterako, Aristotelesek sortu zuen literatur lanen sarrera-korapiloa-amaiera egitura.

Adibide horien karira, argiago ikus daiteke Platon bezalako autoreez zer ikas dezakegun. Noski, bi pertsonak ez dituzte iturri horietatik irakaspen berak aterako. Horregatik, ez noa ni erantzun finko bat ematera; nahikoa zait Antzinaroaren gaurkotasuna azpimarratzea. Bestalde, nabarmenduko nuke antzinako munduaren edertasunak ere asko erakarri beharko gintuzkeela. Azken batean, ideia erabilgarriak bilatzeaz haratago, behar estetikoak asetzeko ere jo dezakegu antzinako iturrietara.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!