Gastetxea

Erabiltzailearen aurpegia

Gastetxea bai, s-rekin. Gastatzen duen etxea alegia, gastatua izan dena baino. Eta gastatzeko bi modu daude, gastuak sortzea edo eta erabilia ez izatea. Beste era batera esanda, zer ateratzen ari zaigu garesti Orion?

Esate baterako, Arraunetxea. Urtero 80.000 euro inguru gastatzen dira mantenuan bakarrik, eraikitzen gastatu zirenak kontuan hartu gabe -horrekin ez dut esan nahi Klubak instalazio berririk edo berriturik behar ez zuenik, e?-. Beste maila batean, garestiak atera zaizkigu, apenas erabiltzen direlako, teniseko pista edo Ikastola berriaren azpiko aretoa.

Eraikinak proiektuaren aurretik egin izan dira maiz, garai bateko joera espainiarrak nola, eraiki beharraren sukarrak jota. Frontoi berriari ere arrisku hori ikusten diot: Behar al dugu frontoi haundi, hotz, eta itxi bat? Erabiliko da? Ez ote da nahikoa, Usurbilen bezala, lehengoaren lekuan txikiago eta irekiago bat egitea? Ba al dago erremontea sustatzeko proiekturik, ala?­­

Alde horretatik behintzat, pozgarria da Arraunetxean arraunaz bestelako ekitaldiak ikustea, sasi-medikuntzari buruzko hitzaldiak edo moda desfileak badarik ere. Eta errioaren beste aldera, eta zuzentasunera bueltan, z-dun Gaztetxera alegia, zer esan... Maiatzeko Berri Txarrak ez duela gaztetxea salbatuko, iraileko berri onak Arraunetxea salbatuko ez duen bezala… ala bai?

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!