Funtzionario

Erabiltzailearen aurpegia rikardo uzkudun 2021ko abe. 21a, 16:54

Abenduko KARKARA aldizkarian plazaratutako iritzi artikulua, 'Nire honetan' atalean.

Nire inguruan gai errekurrentea da funtzionario izatearena, deialdi publikoa dela, ordezkapenak, postuak... baita tarteka telebista eta egunkarietan ere. Funtzionario izateko amorratzen gaude denak!

Nik, ordea, beste angelu batetik heldu nahiko nioke gaiari: zer da funtzionario izatea?

Garbi dago konotazio eskasa duela hitzak: Alperra, eskakeatzailea, pasiboa, amargatua… hitzekin lotzen dugu normalean. Egia da, badagoela jende mota bat lanik handiena hartzen duena nola eskakeatu pentsatzen, ordu erdi aurrezten, erantzukizunak saihesten, eskatzen, kexatzen, ihes egiten. Nago horrelako belar txarra bastante ugaritu dela bazterretan, eta ez bakarrik administrazioan. Akaso, ez al dago funtzionariorik sektore pribatuan? kooperatibetan? bulegoetan? trenak egiten?

Hitzari beste konnotazio bat eman beharko geniokeela uste dut. Funtzionario funtzionatzen duen langilea behar luke izan, bere lana ongi egiten duena. Eta funtzionatzen ez duten gauzak hondatuta egoten dira, konpondu edo, bestela, zakarrontzira!

Erbestean bizi den lagun euskaldun batek behin horrela esan zidan hara bisitan joan nintzaionean: "Bakizu gehien-gehien zer sentitzen dudan faltan hemen? Lanak ongi egitea gustatzen zaion jendea".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!