Euskara biziberritzeko elkarlan dinamikak aztertuko dira Topaldian

Erabiltzailearen aurpegia Topagunea 2017ko urt. 18a, 08:33

Eragile arteko, lurralde arteko eta hizkuntza komunitateen arteko elkarlan eta harremanen gainean arituko dira hizlariak bi egunetan

Urtarrilaren 25 eta 26an egingo da Durangoko Landako elkartegian aurtengo Topaldia. “Euskararen herria: zubiak eta palankak” izenburuko jardunaldiotan, zubigintza izango da gai nagusia.

Urtero antolatu ohi ditu Euskaltzaleen Topaguneak Topaldia jardunaldiak, euskaltzaleen mugimenduarentzako gogoetarako gaiak proposatuz. Aurtengoan elkarlanaren gainean arituko dira hizlariak, euskararen biziberritze prozesuan hurrengo urteetarako arlo ezberdinetan landu beharreko elkarlan dinamika ezberdinak izango da aztergai. Egitarauak euskaltzaleen mugimenduaren hurrengo urteetarako lan-ildo eta lan-moldeen inguruan aritzeko aukera paregabea eskainiko du, beraz.

Bi eguneko egitaraua lau ataletan banatu da:

Lehenengo atalean euskararen eta euskararen hizkuntza komunitatearen garapenean hurrengo urteetan euskaltzaleen mugimenduarentzako giltzarri izan daitezkeen lan-ildoak izango dira aztergai, batetik, eta zubigintzak (elkarlan dinamikak sortzeak) izango duen garrantzia azpimarratuko da bestetik. Bloke honetan Kike Amonarriz, Mikel Irizar eta Iker Martinez de Lagos izango dira hizlari.

Tokiko Administrazioa eta tokian tokiko euskaltzaleen elkarteak zein euskalgintzaren arteko harremanak aztertuko dira bigarren atalean. Puntu honetan, EAEko udal lege berriak eta Ipar Euskal Herriko herri elkargoak udalei hizkuntza politikan eragiteko emango dizkien aukera berriak aztertuko dira. Ondoren, udalen eta tokian tokiko gizarte eragileen harremanak izango dira aztergai. Atal honetan Iñigo Urrutia, Eneritz Zabaleta, Alex Vadillo eta Jasone Mendizabal, izango dira hizlari.

Euskararen lurraldeak bizi dituen errealitate ezberdinei ere begiratua emango zaie hirugarren atalean. Euskal Autonomi Erkidegoa, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko harremanak aztertuko dira, euskararen normalizazioaren ikuspegitik. Xan Aire, Imanol Esnaola eta Hur Gorostiaga izango dira hizlari.

Gizarte eragile eta hizkuntza komunitateen arteko loturez ere egingo dira hitzaldiak azken atalean. Euskaratik gertu eta urrun bizi diren komunitateen arteko harremanak landu, eta bereziki komunitate horietako kideen bizipenetatik ikuspegi ezberdinak aztertu eta aurkeztu. Bloke honetan Ainara Santaquiteria, Iñigo Retolaza eta Galder Unzalu arituko dira hizlari.

Aipatutako hitzaldi eta hizlariez gain, zenbait elkarlan esperientzia ere izango ditugu jardunaldian: Sareuska, Goiena eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua.

Topaldian parte hartzeko izen-ematea zabalik dago eta Topaldiaren webgunean egin daiteke.

Topaldiaren aurtengo edizioan Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia izan dira Topaldiaren babesle.

Egitaraua Topaldiaren webgunean aurki daiteke eta izen-ematea ere bertatik egin daiteke.

Informazio gehiago behar izanez gero, iker@topagunea.eus helbidera idatzi dezakezue, edo 94.621.57.80 telefono zenbakira deitu.

Webgunea: www.topagunea.eus/topaldia

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!