Talaiatik

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Ibarguren 2022ko mai. 12a, 18:50

Xabier Ibarguren Orioko Udaleko kultura zinegotziak maiatzeko KARKARA aldizkariko Akuilua hartuta atalerako idatzitako artikulua da honakoa.

Orio, erriora eta itsasora begira egon den herria dela askotan entzun dugu. Arrantza, familia askoren, lagun eta herritarren bizibide izan da. Bapore edo arrantzontzien karroak sarez bete, eta herriko kaleetan zehar taldean bultzaka aritu den herria izan da gurea. Tarratadun sareak moila gain, kofradia edo palotan josi dituzten itzalpeko emakumeen lanari esker, aurrera atera dena. Txikotak erriatu, libratu eta askatu dituen herria da Orio.

Oriotar izateari harrotasuna eman dion historia da mila bederatzieun ta lehenengo urteko balea harrapaketa hura. Hizkuntzak berak, euskarak, bizibide eta ogibideek, herriko kirolek, kantuek, dantzek eta ohiturek sortzen dute oriotar identitatea. Ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi gaur arte iritsi diren Lertxundiren kantuan jasotako balearen bertsoen kronika bezalakoek sortu dute gure izaera, gure nortasun kolektiboa; eta aurten, gure-gurea sentitzen dugun festa ospatzeko aukera izango dugu.

Maiatzaren 14a gainean dugu eta Oriori nolakotasuna ematen dion eta ondare kulturala den balentria handia ekarriko dugu gogora egun horretan. Pasa den urtean behar zuen Kantauri itsasoan arrantzatu zen azken balearen harrapaketaren ospakizunak, baina urtebete beranduago bada ere, eta erlojuaren aurka antolatzeak dituen zailtasunak medio, txikitasunetik, baina ilusio eta gogo biziz, festa handia berrartu eta egikaritzeko aukera izango dugu.

Ostiralez hasiko da asteburuan zehar luzatuko den festa handia, ikastetxeetako ikasleen kantu jirarekin. Iluntzean, berriz, Benito Lertxundiren kantaldia izango da. Berak egin ditu Euskal Herri osoan ezagun Orbegozo Zumaian zegoen apaiz oriotarraren bertsoak eta sarrera guztiak saldu diren abiada ikusita, ziur naiz herritarrak gogotsu daudela Lertxundiren kontzertuaz gozatzeko. Larunbatean ospatuko da balea arrantzaren 121. urteurrena. Goizean goizetik, ez da girorik faltako. Musika eskolako txistulari, trikitilari, Harribileko dantzari eta Salatxoko kantuen doinu goxoek girotuko dute beste behin aurtengo maiatzaren 14a. Orain gutxi arteko egoerak, azken edizioetako herri antzerkia ezinezko bihurtu badu ere, eta beatzik aldian ez bada ere, talaieroaren oihu eta kanpaiek herria esnatuko dute, zerbait handia denaren esperoan. Igandez amaituko da festa luzea, "musika joz herria egin duen" eta egiten diharduen Martin Peronari Andoaingo musika bandak, herriko musika bandarekin batera, egingo dion omenaldiarekin.

Berezia izaten da egun honetan sortzen den giroa eta herritarrek duten parte-hartzea, herritar guztiek, saregile, marinel eta baserritar arropak soinean jantzita hartzen duelako parte. Aurten ere, festan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu herritarrak. Bide batez, festa honen antolaketara etorri diren eta parte hartuko duten herritar eta eragileak ere eskertu nahi nituzke.

Jantzi dezagun herria, apaindu ditzagun azken urte hauetan hainbatetan arnasgune izan zaizkigun balkoi eta leihoak. Beste behin, har ditzagun kaleak. Izan gaitezen ginena, izan nahi dugunaren helduleku izateko eta eratu dezagun etorkizuneko oriotarron nortasun kolektiboa. Jarraitu dezagun tarratadun sareak josten eta txikotak askatzen. Jarraitu dezagula, bihotzez pozturik atsegin handiz eta noski, beldurrik gabe, gora oriotarrak esaten.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!