Euskararen Nazioarteko Eguna Zaraguetan

Erabiltzailearen aurpegia Zaragueta Herri Eskola 2014ko aza. 21a, 11:49

Euskararen eguna ospatzeko Zaragueta Herri Eskolak hainbat ekitaldi burutuko ditu datozen egunetan abenduaren 3an amaiera emanaz.

Horien artean, batetik, herrira begira jarri eta herritarren artean euskarazko liburuen truke azoka antolatu dugu 4. urtez jarraian. Bestetik, ikastetxeari begira jarrita, familia eta eskolaren artean euskararen transmisioa indartzeko asmoz, gurasoei erronka luzatuko zaie.

Euskarazko liburuen IV. truke azoka antolatu dugu, jada irakurrita dauzkagun liburuak beste norbaiten eskura jartzeko modua da eta aldi berean irakurzaletasunaren alde egiten ari gara. Ekimenak bi fase izango ditu, bilketa eta trukea:

Liburu bilketa

  • Dagoeneko erabili eta egoera onean dauden liburuak sailkatu ondoren –haur, gazte eta helduen liburuak–, ekarritako liburu bakoitzeko txartel bana emango da. Azaroaren 25 eta 27an Zaragueta Herri Eskolan izango da 15:30etik 16:30ra.
  • Azaroaren 28an Herriko plazan 17:00tik 18:00ra. Liburuak jaso eta egoera onean daudela egiaztatu ondoren, truke azokarako txartela emango da. Bete beharreko baldintzak: euskaraz idatziak izatea eta egoera onean eta osorik egotea.

Liburu trukea

  • Azoka egunean, txartel bakoitza sailkapen bereko edozein libururengatik trukatu ahal izango da Abenduaren 3an. Zaragueta Herri Eskolan izango da arratsaldeko 15:30etik 16:30ra eta herriko plazan 17:00etatik 18:00era.

Beraz, oriotar guztiak gonbidatuta zaudete ekimen eder honetan parte hartzera.

Bestalde, euskararen jolasa antolatu dugu eskolako familientzat. Gurasoak seme-alabentzat eredu izatea proposatzen dugu. Eredu izatea gauza atsegina izan daiteke. Presiorik gabe, jolas giroan. Familia euskaldunak beraien etxeko hizkuntza sendotzeko bidea izan dezakete eta euskaldunak ez diren familiek egunerokoan euskaraz hainbat esamolde praktikatzeko modua izango dute. Animatu eta parte hartu! Jolasaren informazio zehatza ikasleen bidez eskuratu ahal izango dute familiek.

Gau eta egun Zaragueta euskaldun! Duk dun!

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!