Bizikletaz eskolara

Erabiltzailearen aurpegia Zaragueta Herri Eskola 2015ko mai. 25a, 17:08

Martxan da ElkarBiziz ekimena.

Uda giroarekin batera ElkarBiziz egitasmoa martxan jarri da Zaragueta Herri Eskolan. Eskolara bizikletaz etortzeko ohitura sustatu nahi da ekimen honen bitartez. Ikasturte honi dagokionez, irailean egin zen lehen saiakera eta oraingoan bigarrena: maiatzaren 25etik 29ra.

Proiektu honekin, ikasleei eskolara egunero beren kabuz bizikletaz etortzeko erraztasunak emateaz gain, honako hauek ere lortu nahi dira: ariketa fisikoa egitea, autonomia lantzea, ingurumenaren alde egitea eta giro lasaian eskolara hurbiltzea.

Parte hartzeko, Herriko Plazan 8:40etan edota Bikamiotan 8:45etan egon behar da, eta hortik taldean denok eskolara joango dira.

Norentzat da ElkarBiziz?

Bizikletaz erraz moldatzen diren LHko 3. mailatik aurrerako ikasleentzat.

Ikasle gazteagoek ere parte hartu nahi izanez gero, pertsona heldu arduradun batek lagunduta egin beharko dute ibilbidea.

Nahitaezkoa da partaideek kaskoa janztea.

Jarduera honetan eskolako guraso guztiak euskararekiko aktiboak izatera gonbidatu nahi ditugu. Euskaldunok gara horretarako giltza dugunak, baina euskaraz moldatzen ez diren gurasoak ere jarduera honetara gonbidatu nahi ditugu eta ikasle eta guraso euskaldunekin euskara ikasteko aukera bat dutela ohartarazi. Elkarrekin poliki-poliki euskarari leku gehiago ematen joango gara.

Asteari amaiera egokia emateko, larunbatean IX.Bizikleta Eguna izango da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!