Zergatik euskaraz?

Erabiltzailearen aurpegia Zaragueta Herri Eskola 2022ko abe. 13a, 13:31
Joan den abenduaren 5ean Euskararen Eguna ospatu genuen eskolan. Aurtengoan, Euskaraldia ere igaro berria zela kontuan hartuta, ohiko jolasez gain, hausnarketarako bide emango zuten jarduerak antolatu genituen.

Goizean irratsaio berezia aireratu zuten LHko ikasleek. Ohiko atalak ez ezik, elkarrizketa berezia prestatu zuten egun berezi horretarako. Irulegiko eskua aurkitu zuen Leire Malkorra arkitektoa elkarrizketatu zuten: “Eskua aurkitu genuenean ez genekien zer zen egia esan, gero izan da emozionanteagoa. Eskua lurrazaletik metro eta erdira zegoen, industen ari garen etxebizitza baten zoruaren gainean. Hortik hilabete batzutara, urte hasieran, jakin nuenean esku bat zela eta zer jartzen zuen, orduan bai oso-oso pozik jarri nintzen, harrituta, ezin sinetsita.” Zer den zuretzako euskara galdetuta “Niretzako euskara nire hizkuntza da, egunero erabiltzen dudana” erantzun zuen Leirek.


Bestetik, HH3, 4 eta 5 urteko gurasoak eskolan izan ziren. Euskararen Eguneko txapak soinean, jolasean ibili ziren elkarrekin guraso eta ikasleak, euskararen normalizazioan eskola formalaz kanpoko ekintzek duten garrantziaz jabetuta. Gurasoak eskolako giro euskaldunean integratzea izan zen xedea eta, hauen erantzuna eta ikasleen poza ikusita, berriz ere, Gabonetatik bueltan beste saio bat egitea erabaki zuten.


DBHn aldiz, hainbat guraso, ikasle ohi eta irakasle gonbidatu zituzten beren euskararen historia partikularra kontatzeko. DBH1-en, esate baterako, Pako Duran eta Joseba del Olmo gurasoak izan ziren. Joseba del Olmok, gaur egun desagertuta edo desagertzear dauden hainbat objektu, animalia eta kirolen adibideak jarriz, euskara ez badugu erabiltzen eta babesten desagertu egingo dela ohartarazi nahi izan zuen. Zentzu horretan, eskaera bat egin zuen: “Sare sozialetan erabili euskara, zuen esku dago eta.”

Pako Duran-ek ere erabiltzearen garrantzia azpimarratu zuen. Bera Orion jaio arren, bizitzaren etapa batean bere amaren jaioterrira itzuli zen, Malagara. “Asko galdu nuen euskara Malagara bueltatu nintzenean, Oriora udaretan bakarrik etortzen ginen-eta.” Euskaraz hitz egiteko sentitu izan duten lotsaz ere aritu ziren. “Lotsak mugatzen gaitu. Lotsa gainditzea ez da erraza baina kendu behar dugun lehenengo gauza da.”


DBH2-n Ghariba El Ghailani eta Alazne Sanchez gurasoak jardun ziren berriketan. Gharibak azpimarratu zuen harro egon behar dugula gure hizkuntzetaz, euskara garrantzitsua dela, lanerako, lagunak egiteko, medikuek euskaraz dakitenean beste era batera sentitzen garela. Alaznek esan zuen, bera bizkaitarra izanik, hasieran Bizkaian ez zuela euskaraz hitz egiten eta ez zuela euskararen garrantzia ikusten. Baina bat-batean denborarekin hizkuntzaren garrantziaz jabetu eta, seme-alaben gertutasuna nahi zutenez, euskaraz hitz egiten hasi zirela. “Hori gure altxorraren bidez bakarrik lor genezake, ez dakigu zer dugun galdu arte eta. Orduan Oriora etorri ginen, hemen kalean hizkuntza dago, eta hizkuntza gure sustraiak dira”


DBH3-ra Carmen Montoya irakaslea, eta Sonia Alonso gurasoa etorri ziren. Carmen Alemanian jaio zen eta bertan ikasi zuen 3.maila arte. Handik Hernanira etorri zen bizitzera. Desberdina sentitzen zen, eta gauza asko galtzen zituela ikusten zuen. Horregatik hasi zen 8 urterekin euskara ikasten. “Bigarren hizkuntza bat izateak beti laguntzen dizu gehiago. Batekin gauza asko galtzen dira”. Soniaren aiton-amonak, aldiz,  Burgos eta Palentziakoak ziren. Aitonak meategi batean lan egiten zuen eta gaixotu zenean etorri ziren Azkoitira bizitzera. Bertan euskaraz soilik egiten zenez, ikastea erabaki zuten eta seme-alabek ere halaxe ikasi zuten. Sonia berak monjetan erderaz ikasi zuen, baina eskolara pasatzean, B ereduan ikasi ondoren, euskaraz jarraitzea erabaki zuen. “Amonak esfortzua egin bazuen, berak zergatik ez? Guk ez badegu egiten, ingurukoek ere ez dute ikasiko.”


DBH4ra, berriz, ikasle ohi bat etorri zen, Jon Erkizia. Jonek, beste eskoletan izandako esperientziak kontatu zizkigun. Baita, eskolara etorri berritan Ibrahim Doumbiarekin nola jokatu zuten ere. “Ibrahimek hasieran,  Malitik etorri berritan, ez zuen ezer ulertzen, eta keinuka komunikatzen ginen. Pixkanaka zenbakiak eta abar erakusten hasi ginen, eta horrela urte beteren buruan euskaraz hitz egiten hasi zen bera ere.”Gaur egun normaltasun osoz erabiltzen du Ibrak, hala deitzen diote lagunek, eta gonbidatuta bazegoen ere, azkenean lan kontuak zirela eta ezin izan zuen etorri. Bukatzeko, Jonek ere erabileraren garrantzia azpimarratu zuen. Lagunak dituen DBH4ko ikasleei ohartarazi zien erabili egin behar dela, saiatu egin behar dela, euskarak komunikatzeko balio duela, eta erabiltzearen poderioz bakarrik lortzen dela erraztasuna.



KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!