Orio Arraunketa elkarteak eta arraunak oro har bere izen handi bat galdu du: Juan Lizarralde Garate Altxerri. 79 urte zituela esan du agur eta herria utzi arren Oriok ez du ahaztuko hark lortutako garaipen-zerrenda. Bere ibilbidean 50 banderatik gora irabazi zituen, besteak beste Kontxako hamar bandera, bederatzi Oriorekin eta bat Aginagarekin; lau arraunlari zela eta sei patroi modura. Espainiako 14 txapelketa ere irabazi zituen: 7 traineruetan, 2 trainerilletan, bateletan bat, lauko scullean beste bat eta hiru lemazaindun. Arraunlari eta patroi ez ezik entrenatzaile ere izan zen, Mundakan hain zuzen ere.
Hileta elizkizuna gaur, astelehena, 19:30ean izango da Orioko San Nikolas elizan.
San Miguel Liga
Bandera asko eskuratu zituen Altxerrik arraunlari zela eta banderarik eskuratu ez arren larunbatean lan txukuna egin zuen Oriok Sanxenxoko estropadan, San Miguel ligan, bigarren izan baitziren Kaikuren atzetik; sailkapen nagusian ere bigarren postuan daude Kaiku aurretik dutela. Kaiku zen faborito, eta bizkaitarrek eta hutsik egin ez arren Jose Luis Kortaren taldeak ederki sufrituta irabazi zuen bandera. Azken txandan aritu zen Orio, Urdaibai eta Tiranekin batera, eta lehia estu-estua izan zuten Oriok eta Kaikuk. Bukaeran 2,26 segundo aurretik iritsi zen Kaikuko trainerua.
Galizian bertan jokatuko zen igandean San Miguel ligako bosgarren estropada eta Oriok ez zuen batere estropada ona egin eta bederatzigarren tokian sailkatu zen. Ohorezko tandan atera ez bazen ere Tiran izan zen irabazle Moañan. Ohorezko txandan haizeak nabarmen egin zuen gora eta Kaiku izan zen irabazle orokorrean hirugarren izan bazen ere. Sailkapen orokorrean Orio bigarren tokian dago oraindik Kaikuren atzetik, baina Moañakoaren ondotik zortzi puntuko aldea atera dio Kaikuk; 55 ditu honek eta Oriok 47.
Pasaiko ikurrina izan zuten jokoan KAE ligakoek eta azkenak izan ziren, bandera irabazi zuen Itsasoko ama traineruarengandik 20 segundora. Sailkapen orokorrean hamaikagarren da Orio B 9 punturekin azkenarengandik –Camargo– bi puntu eskasera. Lehenengoak, Zierbenak, 35 puntu ditu.
Emakumezkoak
Bestalde, IV. Gipuzkoako Emakumezkoen Traineru Ligako lehenengo jardunaldia izan zen jokoan igandean Pasaian. Erlojupekoan aritu ziren binaka eta bukaerako denborei erreparatuta, sailkapen orokorrean bosgarren tokian dago Orio. Zumaia izan zen lehenengo 10 minutu, 51 segundo eta 26 ehunenekoko denborarekin eta Oriok 35 segundo eta 31 ehuneneko behar izan zituen. Sailkapena, oraingoz, horrela dago hurrenez hurren: Zumaia, San Juan, Hibaika, Bizkaia, Orio, Hondarribia eta Zarautz.
Emaitzei dagokienez, Orio Arraunketa Elkarteko zortzi ontzik Espainiako Outriggers Txapelketetan hartu dute parte Banyolesen, Katalunian. Beroarekin arazoak izan zituzten arren, arraunlariek egindako lana txalotzekoa da. Lau ontzi A finalera –lehenengo eta seigarrenaren artekoa– sailkatu ziren eta honakoak izan ziren emaitzak:
-
Lemazain Gabeko Laukoa-Gizonezko Kadeteak: Martxel Aldai, Eneko Itsaso, Joseba Azkonobieta eta Aritz Hernandez –laugarren postua–.
-
Lemazain Gabeko Bikoa-Gizonezko Kadeteak: Mikel Uranga eta Aitor Larraza –laugarren postua–.
-
Skiff-Bakarkakoa-Gizonezko Infantila: Oihan Gozategi –bosgarren postua–.
-
Skull Bikoitza-Emakumezko Kadeteak: Leire Begiristain eta Itxaso Azkonobieta –seigarren postua–.
B finalera –zazpigarrenetik hamabigarrenera– ontzi bakarra sailkatu zen:
-
Skull Laukoa-Emakumezko Infantilak: June Arruti, Lyudmila Davidenko, MªCeleste Peixoto eta Noa Queya San Martin –laugarren postua–.
Beste hiru ontzik ez zuten finaletara sailkatzerik lortu.
-
Skiff-Bakarkakoa-Emakumezko Infantila: Sara Makazaga
-
Skull Bikoitza-Gizonezko Infantilak: Aitor Azurmendi eta Jon Arriola
-
Skiff-Bakarkakoa-Emakumezko Kadetea: Eider Zubelzu
Denda
Orioko arraunlariak animatzera behar den bezala joateko, kolore Oria eramaten dute oriotarrek soinean, eta arropa zein osagarri horiek erosteko Orio Arraunketa Elkarteak denda ofiziala zabaldu du herriko plazan, garai batean Salsamendi harategia zegoen lokalean, Lore burdindenda eta Joxe Mari bodegoiaren ondoan. Ostiraletan eta asteburutan egongo da irekita.