Euskaraz bizi-bizi

Euskaraz bizi nahi dutenentzat tailerra antolatu du Orioko Udalak

Gozategi Argentina Tour 2013 2013ko mai. 27a, 09:44
Kontseiluaren eta UEMAren laguntza izan du saioa aurrera eraman ahal izateko

Euskaraz bizi nahi duten elkarte eta norbanakoentzat prestakuntza-saio bat antolatu du Orioko Udalak Euskaraz bizi-bizi egitasmoaren barruan. Saioa maiatzaren 29an izango da, asteazkenarekin, Kultur Etxean, 18:30ean hasita, eta irekia da gaiarekin interesa duten guztientzat.

Saioa Kontseiluko Maite Indak zuzendua izango da eta Jon Agirresarobe euskara batzordeburuaren eta Jabier Zabaleta udal euskara teknikariaren laguntza edukiko du.

Saioa aurrera atera ahal izateko, Udalak, Kontseiluaren laguntzaz gain, UEMArena ere izan du. Kontseiluak eta UEMAk aurreneko aldiz antolatu dute horrelako saio bat; baina etorkizunean ere herri euskaldunenetan, arnasguneetan, horrelako beste batzuk antolatzeko asmoa dute.

Prestakuntza-saioaren helburua honako hau da Orioko Udalak bere prentsa oharrean esandakoaren arabera: arnasguneetako biztanleei –oriotarrei, kasu honetan– ikusaraztea nolako garrantzia duen bakoitzak euskara erabiltzearen alde egunero erakusten duen jarrerak, eta ulertaraztea herritar bakoitzak egunero egiten dituen aukera kontzienteen araberakoa izango dela euskararen etorkizuna. Hiztun kontzienteak sortzea da euskalgintzak gaur egun duen erronka nagusia eta horretarako tresnak ematea da prestakuntza-saioaren bidez Udalak lortu nahi duena.

Udalak prestakuntza-saiora azaltzeko deia egiten die herriko taldeetako ordezkariei, euskalgintzan eta herrigintzan dabiltzan eragileei eta gaiarekin kezka duten norbanakoei. Hizkuntza eraikuntza kolektibo bat den neurrian, Udalaren ustez garrantzitsua da ahalik eta parte-hartzerik handiena lortzea, saioa arrakastaz burutzeko. Hala, talde-lanean, elkarren kezkak konpartitzeko aukera izango dute.

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!