Orioko Herri Ikastolak eta Udalak diruz lagunduko dute Lodosa-Sartagudako Ibaialde Ikastola

Irati 2012ko mar. 2a, 17:46
2.200 euroko diru-laguntza emango dute

Lodosa-Sartagudako Ibaialde Ikastolaren egoera ekonomikoa larria izanik, ikastolaren biziraupena kolokan da, eta  etorkizuna bermatu asmoz, Ikastolen Elkarteak Ikasle bat, euro bat diru-bilketa kanpaina jarri zuen abian. Egindako laguntza deiari erantzunez, 2.200 euroko diru-laguntza bideratuko dute Nafarroara Orioko Herri Ikastolak eta Udalak.

Gemma Etxabe Ikastolako lehendakariak adierazi duenez, Orioko Ikastolan 1.100 euro bildu dituzte, ikasleek –637– ez ezik irakasleek ere bat egin baitute kanpainarekin diru laguntzari ekarpena eginez. Nafarroa garaiko ikastolak egoera larrian daude finantzazio baliabideei dagokienez, ateak ixteko zorian, eta jasotakoa Ibaialde Ikastolaren etorkizuna bermatzeko lagungarri izango direlakoan gaude, dio Etxabek. Bide batez, herritarrak beren diru ekarpenak egitera animatu ditu eta horretarako Euskadiko Kutxan kontu korrontea irekita dagoela jakinarazi du. Zenbakia: 3035 0153 46 1531026051.

Ikastolen Elkarteak ekimen honi bultzada emateko asmoz Bildu koalizioarekin konpromisoa lortu zuen, Gipuzkoako Foru Aldundia eta bere agindupean dauden Udalek herriko Ikastolan lortutako adina diru jartzea. Orioko Udalak konpromiso horri eutsiz Orioko Herri Ikastolan bildutako beste diru, 1.100 euro, jarri ditu. Denera, beraz, 2.200 euro lortu ditugu Lodosa-Sartagudako Ibaialde Ikastolarentzat.

Beñat Solaberrieta alkateak adierazi du Orioko Udalak euskarazko irakaskuntzaren alde, eta ikastolek gure herrian egin duten lanari erantzunez, ez du zalantzarik izan ataka larrian den Ibaialde Ikastolari laguntza eskaintzerakoan.Gaineratu du auzolan ekimena, benetan eredugarria dela eta kanpaina honen harira Udalak argi duela bere ekarpena egin behar duela. Zalantzarik gabe, guk ere eskua luzatu nahi diogu Ibaialde Ikastolari eta 25 urte egin eta gero, etorkizuna kolokan duen Ikastolari ahalik eta laguntza eta babesik handiena luzatu nahi izan diogu, dio Solaberrietak.

Alkateak ere herritar guztiak gonbidatu ditu ekimenarekin bat egitera:  Guztiok gonbidatzen zaituztet Ibaialde Ikastolari babesa erakutsi eta ahal den neurrian ekarpenak egitera. Denon konpromisoarekin lortuko dugu-eta Ibaialde Ikastolak, gutxienez,  beste 25 urte egitea.”

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!