Urrezko ligara salto egiteko aukera

Olatz 2014ko mai. 20a, 14:28
Atorrasagasti anaiek Asobal ligara igotzeko Play off-a jokatuko dute igande honetan

Orion hasi ziren bai anaiak eskubaloian, baina bakoitza bere bidetik. Lehengo urtean bien bideek bat egin zuten Zarautzeko lehen taldean. Gaztetan beraientzako izarrak ziren lehen taldekoak, eta orain, beraiek daude postu horretan. Izarren ligan –Asobal ligan– jokatzeko txartela eskuratzeko ilusioarekin doaz, asteburu honetan, Madrilera.

Lortutakoarekin kontentu?
Ander Atorrasagasti: Amets bat bezala da guretzako. Denboraldi hasieran, baikor izanagatik, ez genuen uste hona iritsiko ginanik. Denboraldia ondo hasi genuen eta hasieran urruti zegoela zirudien hori eskuratzea geneukala ikusi genuen; sinistu genuen eta hementxe gaude, pauso batea.
Josu Atorrasagasti:Gure taldea ez jaisteko egindako taldea zen. Duda askorekin atera genuen, askok eskubaloia utzi baitzuten. Taldearen adinaren bataz bestekoa 23 urte azpitik dago; talde gaztea gara.

Liga profesional batean dagoen talde gaztea…
J.Atorrasagasti: Liga profesional batean gaude, ia talde guztiek kobratu egiten dute, hortik bizi dira; eta guk, ordea, ez. Gutako bakoitzak bere lana edo ikasketak dauzka, hortaz, gutzako lasaitasunerako bide dena beraientzako lana da. Beraiek presiopean jokatzen dute; gu, aldiz, disfrutatzera joaten gara partiduetan.

Liga berdinean egonagatik helburu ezberdinak dituzue, hortaz.
J. Atorrasagasti: Bai guk, baita zalegoak ere. Kanpoko partida batean zaleak berehala asten dira jokalariei ohiu egiten, iraintzen… Guri, aldiz, animatu egiten gaituzte, baita gaizki gaudenean ere. Taldea altxatzen dute, indartu.
A. Atorrasagasti: harmailak beti bete dira, ia 800 pertsona etortzen dira partiduro. Aurkariak etortzen direnean harrituta geratzen dira eta eskertu egiten dute sortzen den giroa. Eta guk ere bai, noski, taldean 8. jokalariaren lana egiten baitute.
J. Atorrasagasti: Denboraldi hasieran, esaterako, Bidasoak jaso zuen diru laguntza ia guztia. Bidasoak kanpotarrak ekartzen ditu, beste modu batera bizi du eskubaloia. Gu etxekoak gara eta ia guztia gure patrikatik ordaintzen dugu: gasolina, esaterako. Hori bai, Irunera joaten zara eta gradak erdi hutsak daude; Zarautzen beteta egoten dira eta zalea animatu eta animatu egoten da.

Fokua indartsuenak izatean jartzen dute?
J. Atorrasagasti: Politika, beti bezala, zikinduta dago. Zarautzek harrobi indartsua dauka oso, 23 talde, hain zuzen. Eta hori ez dute premiatzen, ia diru laguntzarik ez baitziguten eman. Guk behar dugun laguntza minimoa da; gainera, guk ez dugu kobratu nahi. Izan ere, kobratzen hasten zarenean exigitu egiten dizute. Guk gustatzen zaigulako jokatzen dugu, elastikoagatik: eta besteek diruagatik. Hori igarri egiten da zelaian.
A. Atorrasagasti: egunkarietan beste taldeen albisteak agertzen dira, bi hilabete kobratu gabe dabiltzala diotenak, adibidez. Guk kobratu ez, guk ordaindu egiten dugu. Filosofia ezberdina da gurea, gureak militantziak dauka.

Eta hala ere indartsuenen artean zaudete…
J. Atorrasagasti: Asteburu honetan Madrilera goaz, Asobal ligara igotzeko play offa jolastuko dugu. Lau talde goaz, eta guztietatik bakarra igotzen da Asobalera. Aurreneko partidua Benidormen aurka daukagu. Zarautzen irabazi egin genien eta Benidormen beraiek irabazi ziguten, beraz, dena da posible. Aukera errealak daude. Psikologikoki asko laguntzen du behin irabazi izanak.

Atorrasagasti - afizioa

Zuek soilik ez, afizioarekin ere joango da Madrilera, ezta?
A. Atorrasagasti: Atzo gaueko 21:00etan jakin zen Madrilen zela. Entrenamentutik atera ginenerako 88 pertsonak izena eman zuten. Pare bat autobus beteko dira, 200 pertsona inguru.
J.  Atorrasagasti: Zarautzek beti izan du afizioa baina aurten bezain goran ez da inoiz egon, hortaz, jendea asko animatu da, ilusionatu. Aukera bat daukagu lehen mailara igotzeko, datorren urtean munduko txapelduna den jendean Zarautzen izateko, eta horrek motibatu egiten gaitu, bai gu, bai zaleak.  
A. Atorrasagasti: Ziur nago Zarautzetik Madril bertatik baina jende gehiago joango dela animatzera.

Talde bezala ere oso elkartuta zaudete ezta?
A. Atorrasagasti: Talde bat izan arren, lagun talde bat ere bagara. 107 entrenamentu, 30 ligako partidu eta ligaz kanpoko 10 partidu egin ditugu elkarrekin. Abuztutik hona, guztira, 160-170 egun igaro ditugu elkarrekin

Denbora asko eskatzen dizue eskubaloiak. Kirol honi eskaintzen diozuen denbora beste gauza batzuei kentzen diezue?
J. Atorrasagasti: Denontzat barrua husteko bide bat da, eta horrek asko batzen gaitu.
A. Atorrasagasti: Eta horrek erraztu egiten du beste gauza batzuei denbora kentzea. Finean, denbora libretik kendu behar izaten dugu eskubaloiari emateko.

 

Honetan jarraitzen baduzue, merezi duelako izango da…
J. Atorrasagasti: Etxeko partiduetan jokalekura atera eta 800 pertsona zu ikustera joan direla ikusteak jada merezi du. Berezia da oso. Gu asko ematen dugu baina bueltan ere asko jasotzen dugu.
A. Atorrasagasti: Afiziotik jasotzen duguna ez da diruarekin ordaintzen.
J. Atorrasagasti: Harrobi eta afizio handia dago, eta eskerrak, bestela ez ginateke hemen egongo.

Eta orain, lehen mailan egoteko borrokatzera?
A. Atorrasagasti: Entrenatzaileak eta zaleak esaten digute aurtengo helburua beteta dagoela eta orain geratzen zaiguna gozatzea dela. Etorriko direnak gu baina kalitate hobea izango dute baina ilusioan ez digute irabaziko.
J. Atorrasagasti: Inoiz ez genuen pentsatzen hona iritsiko ginen.
A. Atorrasagasti: : Hortaz, irabazi edo galdu, disfrutatu egin behar dugu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!