Erria txikota!

Euskaldunen sustraiak itsasoari eta arrantzari lotuta daude

Olatz 2014ko mai. 15a, 17:15
Erria Txikota! astearen barruan Jon Maiak Balearen ondarearen inguruko hitzaldia eman zuen

Gaztetatik hizkuntza eta hitzari lotua egon da Maia. Erro berdineko hainbat lanbidetan dabil: idazten, itzultzen eta bertsotan, besteak beste. Hizkuntza kulturaren parte izanik, kultur-transmisioak berebiziko garrantzia du Maiarentzat eta horretan dihardu. 

Museoetan hautsak pilatu dituen historiari, gure ahanzturan geratu denari, hautsa atera eta transmititzen dabil. Honela, historiaren jabe eta jakitun izango gara eta etorkizuna eraiki ahal izango dugu. Albaola Itsas Kultur Elkarteko komunikazio arduraduna da, eta arrantzak Euskal Herriaren historian izan duen garrantzia komunikatzea ere bere egitekoa eta pasioa da. Atzo, Balearen egunean, bale-arrantzaren eta Euskal Herriaren arteko loturaz mintzatu zen.

Bale-txalupak eta arpoiak, asmakizun unibertsalak

Egungo txalupen prototipoek euskal bale-txalupetan dituzte sustraiak, euskal txalupetatik abiatuta sortu baitituzte egungo traineruak. Sei arraunlari izaten ziren txalupa bakoitzean eta zabalak ziren oso. Arpoiak ere Euskal Herrian diseinatuak dira. Bale-arrantza egiteko teknika hori euskaldunona da. Gainontzeko estatuetan bestelako teknikak erabiltzen zituzten balea harrapatzeko, baina saiakeran besterik ez ziren geratzen, teknika eraginkorra arpoiena baitzen. Euskaldunengandik ikasi dute, beraz, gainontzekoek. Euskaldunak mugarri izan dira, hortaz, bale-arrantzan; oraina eta geroa markatu baitituzte. 

Otoitzak balea arrantzatu aurretik, bitartean eta gero

Balea arrantzatu baina lehen otoitz egiten zuten arrantzaleek. Kolpatzeko momentuan ere otoitz egiten zuten, segurtasuna eta indarra eskatuz. Amaitzean, balea hil ondoren, eskerrak emateko egiten zuten otoitz. Arrantza guztian zehar hirutan errezatzen zuten.

Itsasoaren ikuspegi azalekoa

Itsasoari lotutako kultur-adierazpenak desagertuz joan dira itsasoak itsasontziak jan dituen bezala. Egun, apenas daude. Memoriaren transmisioa ia ez da eman, ondorioz, euskal gizarteak barneratuta du herri landatarra izan dela. Gure imajinarioan baserria da euskal kulturaren erdigunea. Neolitikotik hona artzai-herria izan garela uste du, eta, gainera, ikerlari eta etnografoek lurreko ohiturak aztertu dituztenez, hori da euskaldunona iritsi den jakituria ondarea. 

Arbasoek transmititu dute herri pobrea izan dela Euskal Herria, gerra zibilak bizi izan dituena. Gosete eta miseria ezagutu dituztela kontatu dute zaharrek.

Hondartza, aisia eta lasaialdirako

Gaur egun mundu galdua dirudien horrekin, ordea, lotura handia genuen. Iturri gutxi dauzkagu itsasoarekin genuen lotura erakusten digutenak. Horregatik erlazionatzen dugu hondartza denbora pasarekin, erlaxazioarekin eta abar.

Arrantzaren inguruan sistema oso bat

Ipar Amerikako testu idatzi zaharrena Joanes Etxaniz Orioko euskal arrantzalearen testamentua da. XVI. mendean Ternuara –Terra Nova, aurkitutako lur berria– joaten ziren euskal arrantzaleak. Quebec-era era joaten ziren bale-arrantzara, horregatik, euskal herri berria izena jarri zioten. Gerora, euskaldunak ez bezala, frantziarrak bandera jartzera joan ziren eta izen hori galdu zuen. Ingalaterra eta Frantziaren arteko gudu baten ondorioz, Kanada sortu zen. Quebec da arestian kontatutako historiaren azken aztarna, fosila. 

Euskaldunak mundu mailan ezagun egin ziren bale-arrantzan adituak zirelako. Sistema oso bat osatu zen arrantzaren inguruan, itsasoari bizi zen herria baitzen Euskal Herria. Basoak ere arrantzari begira diseinatzen ziren. Kimuak zirenetik soka batzuen bitartez forma ematen zitzaien, seriean, ontziak behar zuten piezaren forma emateko. Zuhaitzei ipinabarrak deitzen zitzaien, ipinitako adarrak. Ehunka pertsona aritzen ziren lanean ontzigintzarako Irati, Urbasa eta Aralarren. Basoa ez zen sekula agortzen, beti baitzen beharrezkoa. 

Idia ere itsasoari lotutako animalia zen. Indar traktore nagusia zen bai basotik itsasertzera jaisteko zuhaitzak, bai ontziak itsasoratzeko. Horregatik idi probaleku nagusiak kostaldetik gertu daude, Aia kasu. Aiakoak ziren ere munduko aingura handienak. Burdina behar zen itsasontziak eta arrantzarako tresnak egiteko, eta hori,  meategietatik lortzen zen. Europako burdinarik preziatuena Euskal Herrikoa zen.

Arrantzaleak egonaldi luzeak egiten zituzten, hortaz, goraldian, janari eta edari produkzioa hamarkoitz handitu zen. Egurrezko etxe eta txaboletatik baserrietara joan ziren bizitzera, urte gutxiren buruan 1000 baserri zeuden Gipuzkoan. Bertan, esaterako, Sagardoa egiten zen Ternua joaten zirenerako.

San Juan ontzia Gozategi oriotarraren eskutan

1976an aurkitu ziren bale-arrantzaren eta euskal arrantzaleen inguruko lehen artxiboak. Oñatiko Unibertsitatean dute ostatua, egun, Kanadan aurkitu ziren dokumentu horiek. Artxibo horietan aurkitu zuten San Juan Baleontziaren inguruko informazioa.

1965ean ondoratu zen San Juan baleontzia, Kanadan, 900 olio-kupel zituela; kupel bakoitzak egungo 6,000 euro balio zituen. Historia idatzi duen ontzia da hau, eta munduko itsas ondarearen ikur izendatu zuten. Kanadako Correos-eko zigiluetan eta 1985ean National Geographic aldizkarian ere agertu zen. 

Albaola Itsas Kultur Elkartea, Donostia 2016 ekimenaren barruan, ia galtzear dauden ofizio, perspektiba eta kulturan ari da lanean. San Juan baleontzia eraikitzen ari dira, XVI. mendeko material eta teknika berdinekin. Hiru lagun dabiltza buru-belarri horretan, tartean, Esteban Gozategi oriotarra. Ez dute museoan hautsa hartzen utzi nahi, bizia emateko asmoarekin ari dira eraikitzen San Juan baleontzia.

Jakituria ezinbestekoa da euskal herria ulertzeko. Izan ere, Euskal Herria ez da mendian isolatuta eta galduta egon; munduari irekia eta munduarekin konektatuta egon da beti, euskaldunak mundu osora iritsi baitira. Jakituriaren jabe izatea etorkizunerako garrantzitsua da eta horregatik dabiltza jakintza transmititzen Albaola elkartekoak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!