Erria txikota!

Astelehenarekin hasi da Erria Txikota! astea

Olatz 2014ko mai. 13a, 14:12
Bideokliparen eta ibilbidearen aurkezpena asteazkenera atzeratu dira

Goizeko 8:30etan eman zitzaion irekiera Erria Txikota! asteari. DBH 1eko ikasleei egur-taila ikastaroa eman zien Antton Mendizabalek. Asteburuan Artisau Azoka egin zen eta bertan ere izan zen Mendizabal. Egurrarekin egindako eskulturak jarri zituen plazan ikusgai, horietako bat KMK 2014ko Erria Txikota!-rena. 

Egun guztian zehar, eta aste osoan zehar ere ikusgai egongo dira, Iñigo Manterolaren artelanak. Ikastolako Areto Nagusian egongo da erakusketa, argazkiak, eskultura eta pintura uztartzen dituena. Beharrak bultzatuta hasi zen Manterola margotzen, amak eskolaz kanpoko ikastaro batean izena eman baitzion. Harrezkero pinturari eta sorkuntzari lotua bizi da.

Bideokliparen eta ibilbidearen aurkezpena Petit Comitén

Eguna borobiltzeko, arratsaldeko 19:30etan, ibilbidea eta bideoklipa erakutsi zitzaien bertaratutakoei. Halaber, asteazkenean egingo dira publiko bai ibilbidea, bai bideoklipa. Herri Urrats izan zen igandean, beraz, asteazken arte beste jaiei merezitako espazioa uzteko eskatu diete. Hortaz, ordura arte sekretupean gordetzeko eskatu zien Joseba Orella koordinatzaileak.

Bideoklipa eta ibilbidea - aurkezpena

Asteazkenean, Balearen Egunean, aterako da argitara ibilbidea eta bideoklipa. Oro har, atzo bertaratutakoei zirkuitua gustatu zitzaien, baita bideoklipa ere. Erria Txikota! abestian oinarritutako ikus-entzunezkoa Maialen Sarasua zinemagile oriotarraren gidaritzapean egina dago; eta Urtzi Garmendia, Olatz Zugasti eta Joseba Orellak osatzen dute taldea. 

Adin guztientzako ekintzak

Haur, gazte nahiz helduentzako ekintzak izango dira gaur. Goizean, HHko ikasleek Riky & Niko pailazoak izan dituzte. Arratsaldean, 17:00 Kilometroak lagunkoia egingo da Ikastolako Areto Nagusian eta adineko jendearekin ibilbideari begirada bat botako zaio. Kilometroak egunean ibilbidean zehar testuak eta grafikoak jarri nahi dituzte, antzinako Oriori erreferentzia egiten dietenak. Istorio zaharrak, anekdotak, datuak... guztiak bildu nahi dira, hortaz, gaurko bileran. Honela, ibilbide pedagogiko eta didaktiko bat osatu nahi da oriotarrentzat nahiz kanpotarrentzat interesgarria izango dena. Eguna amaitzeko, gaur, 19:00etan mahai-ingurua egingo da. Hau ere Ikastolako Areto Nagusian izango da eta hizlariak Iñigo Gaiton, Olaia Jimenez eta Nerea Agirre izango dira.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!