Etengabe kantatu beharrekoak oholtzara ekartzen

Karkara 2014ko mai. 30a, 11:11
Amaren alabak; eta aitarenak. Maider eta Graxi Bedaxagar, Lüxi Agergarai, Arantxa Camus, Ihitz Iriarte eta Maika Etxekopar izango dira gaur, 22:30ean, Orioko Kultur Etxean.

Jendearen aurrean umil eta leial agertzeko kantatzen dute A capella. Oholtzan, hortaz, ez dute mikrofonorik, ez melodiarik lagun. Beraien ahotsak, besterik ez. Musika maite duten arren, ez dute musikaz estaltzen kantatzen dutena; hortaz, beraiek dira kantaldiaren jaun eta jabe.

1999an, 10 urte inguru zituztela, hasi ziren Amaren Alabak elkarrekin kantatzen; batera hazi eta hezi dira, beraz. Beraien lehen lanetik bigarrenera, Andere diskatik Plazandere diskara trantsizio hori nabari da,  heldutasun handiagoa.

2012an kaleratu zuten bigarren lana. Etxahun Barkoxere, Etxamendi, Larraldere eta Xabaldorrek eragin handia dute beraiengan; honenbestez, azken diskoan presentzia ere handia dute. Barkoxen poemetako amodio eta heriotzak presentzia du lanean, baita Xalbadorrek gure hizkuntza eta herriaren geroaz zuen kezkak ere.

Pastoralen tradizioa du abipuntu gaurko kontzertuak. Beraiek zuberotarrak izaki, abestuko dituzten kanta gehienak zuberoakoak izango dira; sekulan galtzen ez uzteko etengabe kantatu behar diren horietakoak, alegia.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!