Erria txikota!

Klik eta klik, Kilometroen alde metroak egiten

Karkara 2014ko eka. 4a, 13:07
Joseba Orella eta EƱaut Telleria, KMK jaiaren koordinatzaileak

Jaiaren hastapenei keinu egin eta zirkuitua Kilometroak jaiaren erdigunean kokatzen duen proiektua da Klikmetroak, izan ere, jaiaren hasierako urte haietan babesa ematen zuten pertsonek zirkuituan zehar egindako kilometro kopuruen araberako ekarpen ekonomikoa egiten zitzaion ikastolari. Ekimen honekin urte haietako filosofia berreskuratu nahi da

Lehen aldiz Azpeitian egin zen, eta urte horretan Argia saria jaso zuen ekimenak. Aurten laugarrenez jarri da martxan klikmetroak ekimena; eta lau urte igaro arren, helburuak berdinak izaten jarraitzen dute. Batetik, Kilometroak jaiari oihartzuna ematea eta jendea girotzea; bestetik, babes ekonomikoa ematea. Xede bikoitza du, hortaz, ekimenak. 

Helburua lortzeko, bi hanka nagusi ditu ekimenak. Alde batetik, norbanakoak, webgunera bisitari moduan sartzen direnak. Hauek metro bat egin dezakete sarean dagoen zirkuitu birtualean. Beste hankan, metro hori babesten dutenak daude. Izan ere, publizitaterako euskarri ere bada klikmetroak, metroak babesten dituen enpresa edo komertzioaren logoa agertuko baita webgunean.

Bi helburuak honela lotzen dira, eta gakoa ere hor dago, bi hanken arteko orekan. Sostegun ekonomikoa izateko babesleen beharra baitago, baina babestuko dituzten metroak ere behar dira, hau da, norbanakoak. 

Orion hasi eta Gipuzkoa osora zabaldu

Antolatzaileen helburua zirkuituari bira bat ematea da, hots, 5.632 metro egitea. Horretarako pertsona kopuru horrek egin behar du klik webgunean. Antolatzaileek oriotarrak klik egiten hastea nahi dute; izan guraso, ikasle edo irakasle. Eta pixkanaka-pixkanaka Oriotik kanpora zabaltzen joan, Gipuzkoa osoko klik-ak jaso arte. 

Nola egin zure metroa?

klikmetroak.kilometroak.net webgunean sartzea da lehen pausoa. Bertan, egin zure metroa aukera ikusiko duzu. Klik egin aukera horretan, eta bigarren klik batekin egin zure metroa. Horretarako hiru aukera dauzkazu: twitter, facebook edo email bidez. 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!